Plazari itsatsia dago Muskildiko (Zuberoa) eskola publikoa. Besoarekin agurtu du Solange Chimixek (Pagola, Zuberoa, 1956) bertako irakaslea. «Ene ikaslea izan zen», esan du, irribarrez. Autoan egin du etxerako bidea, eta, ate ondoan, sukaldean zintzilik du Seaskako egutegia. «Bat ez, gela bakoitzean dago horrelako bat», esan du. Seaskako irakaslea izandakoa baita Chimix, eta bizitza osoa eman du euskarari lotua. Horren erakusgarri da egongelan duen argazkia ere: 1985. urteko Korrikakoa da; Atharratzetik (Zuberoa) abiatu zen orduan ere euskararen aldeko lasterketa, eta, bertako ikastolako irakasle zenez, bigarren kilometroan lekukoa eraman zuen. Aurten ere bertan izango da, Atharratzen, 41 urte geroago: Xiberoko Ikastolek hartuko dute bigarren kilometroa.
1985. urtekoa da argazkia; Atharratzen hasi zen orduan ere Korrika. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Ez dut oroitzapen handirik. Bai, kilometro horretaz oroitzen naiz, festaz, eta Maulera jin nintzela. Badakit nori hartu nion lekukoa, baina ez dakit nori eman nion. Bigarren kilometroa zen. Beti ber sistema zen: nahi zuen elkarteak erosten zuen kilometro bat. Eta, beraz, ni, irakasle bezala, ezarri ninduten aitzinean. Pentsatzen dut haurrak gibelean zirela.
Nolakoa zen Korrika orduan?
Ez zen kilometro bat egiten; ahal bezainbeste egiten ziren...
Ikastolan ere lantzen zenuten Korrika?
Egiten genituen haurrekin lekukoak, jantziak, haurrek marrazturik eta «Korrika» idatzirik... Bazen Korrikaren kantua, eta AEKtik ukaiten genuen Korrikaren ibilbidea; beraz, egun guziz so egiten genuen nondik eta nora zen. Ikastolatik edo gure xokotik ateratzen ginen, eta ikusten genuen kilometroz kilometro.

Aurten ere errepikatuko da argazkia? Hartuko duzu hasierako kilometro horietakoren bat?
Ez dakit. Badakit lehen kilometroa Euskal Irratikoek hartuko dutela. Omenduak ez dakit, baina lehentasuna ukaiten dutela, eta biziki ongi atzematen dut. Eta bigarren kilometroa ikastolek dute. Ez dakit kilometro aunitz eginen ditudan; gogoa bai, baina ahalak... Beraz, ni goizetik joanen naiz, zeren eta goizean bada Korrika ttipia, Atharratzen. Beraz, autobusean laguntzaile banoa [barrez], eta Korrika ttipia eginen dugu goizean.
Pagolan jaioa zara. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Familia handi batetako ttipiena nintzen. Urte bat naiz herriko eskolan ibili, 5 urtetan. Baina sobera urrun bizi ginen eskolatik, eta nola nire haurrideak joanak ziren... Gero, aitak eta amak seroretan ezarri ninduten, serora etxean. Hor zazpi urtez egon nintzen. Ikasketa guziak frantsesez egin ditut. Baina beti segitzen nuen eta segitu dugu, eta haurrideen artean ere bai, etxe barnean, euskaraz.
Etxetik jaso zenuen euskara, hortaz.
Bai, baina ez gara bortxatuak izan, ez digute sekula erran: «Euskaraz mintza». Horrela zen, eta beti horrela gelditu da.
«Etxean ez digute sekula erran: 'Euskaraz mintza'. Horrela zen, eta beti horrela gelditu da»
Beti izan zenuen argi irakasle izan nahi zenuela?
Bai, pentsatzen dut baietz. Irakasle edo erizain. Eta erizain... Beldurtu nintzen [barrez]. Hori tristea izaten ahal da, eta, aldiz, irakasle, ez. Ohartzen bainintzen etxean ikasia erabiltzen ahal nuela, eta hobetzen ahal nuela, eta ikasten nuela...
Eta Seaska ari zen garatzen...
17 urtetan, pixka bat hor, ikastola irekia zen Amikuzen, ttipia... Baina ikusten genuen, adibidez, Eñaut Larralde kantariaren semea, Xabi, ttipi-ttipia, aitarekin, eta andereñoa jiten zen, eta ikastolarat eramaten zuen. Giro hori ezagutu dugu.
Hor ikusi zenuten aukera?
Bi ginen, bi neska, eta gogoan jin zitzaigun, bai, ikastolan nahi genuela guk ere lan egin. Beraz, 17 urtetan, Seaskak hartu gintuen, irakaslegai, eta Seaskako formakuntza segitu genuen. Baxoa 17 urtetan pasatzen da, baina nik ez nuen ukan. Berantago, nik egin nituen ikasketak alderantziz. Haurrak ukan nituen lehenik.
Formakuntzak eta praktikak, ezta?
Praktika hegoaldean egiten genuen. Nik Lasarteko ikastolan egin dut hiru hilabete. Gero Santo Tomas Lizeoan, han ere egon naiz sei hilabete. Gero, Garazin egin dut, eta gero Donibane Lohizunen... 1976an hona jin bizitzera. Haurdun nintzen, eta egin zuten Hazparnera bidea, eta Hazparnen bukatu nuen. Hor, lau urtez utzi nuen: bi haur ukan nituen, eta ama oporrak hartu. 1980an haurrak Mauleko ikastolarat jin ziren, eta ni, berriz, lanera.
Eta gerora ere jarraitu zenuten trebatzen.
Formakuntzan ginen kasik beti; Seaskak antolatzen zituen: motrizitatea, hizkuntza, alfabetatzea... Zeren ez genekien euskaraz idazten. Horiek denak Seaskak antolatzen zituen, opor ttipietan. Badakizu, hemen badira zazpi astetarik hamabost egun. Bergaran ere, udan, aste bateko ikastaldia... Denek egin ditugu formakuntzak, segitu ditugu.
Zenbat ikasle zenituen orduan?
Atharratzen izan da bost, sei, zortzi ikasle... eta horrela. Ni 1986ra arte egon nintzen Atharratzeko ikastolan. Hamar-hamabi ikasle, asko jota. Berehala, Lehen Maila ireki zen Atharratzen. Eta Lehen Maila irekitzearekin, ez da haurrik ateratzen ikastolatik. Emeki-emeki, egungo egunean kasik uste dut 30 bat ikasle badela.
«Formakuntzan ginen kasik beti, Seaskak antolatzen zituen: motrizitatea, hizkuntza, alfabetatzea... Zeren ez genekien euskaraz idazten»
Noiz pasatu zenuen baxoa?
Ikasketak ber hasi behar izan ditut. 1986an baxoa pasatu nuen; baxoak ateak irekitzen zituen; hori gabe ez zenuen deus egiten ahal. Gerora ere esan ziguten baxoa ez zela aski, eta lizentzia behar genuela lortu. Unibertsitatetik pasatu behar zen. Eta hori nuen egin.
Alderantzizko bidea egin zenuen, orduan.
Bai, 30 urtetan baxoa, eta 40etan tituludun nintzen.
Bitartean, zein zen giroa? Bazenuten harremanik ikastolen artean?
Bagenituen harremanak Zuberoako bi ikastolen artean. Baina biltzen ginen Amikuzera ere, Oztibarrera, Hazparnera... Oztibarren bazen ikastola ttipi-ttipi bat ere, eta elkarretaratzen ginen, eta joaten ginen beste ikastolen ikustera, eta berak jiten ziren... Harremanak bagenituen. Eta, gero, Seaska mailan ere bai.
Materialik bazenuten?
Ari zen sortzen. Eta bata besteari ematen genion, ideiak hartzen genituen. Hegoaldetik material andana bat ekarri genuen, eta gero, hemen, frantsesetik itzulpena egin, tope. Ikas sortu zen. Guk zubererara genuen dena egokitu; egiten genuen lehenik eskuz, eta gero kolatu, eta ipuinak itzuli.
Irakasle ez ezik, itzultzaile ere izan zineten, orduan.
Denetarik. Adibidez, Maulen baginen talde bat, baina Atharratzen ni bakarrik nintzen, eta ez zen haurtzaindegirik. Beraz, haurtzaindegia egiten nuen, edo haurrak har eta etxeetarat edo aitatxi edo amatxiren etxeetarat eramaten nituen, kantina egiten nuen... Horrela zen. Gero, laster, izan zen pertsona bat, euskalduna, haurtzaindegia egiten zuena 08:00etatik eta 09:00etara, eta, emeki-emeki beste eskolek baliatzen zuten bazkariak jin ziren ikastolara, kantinara.
«Nik beti pentsatzen dut: zer suertea Seaskan bizia pasatzea»
Irakasle lana militantziak lagunduta joango zen, ezta? Pegatinak saldu, dirua biltzeko ekitaldiak antolatu...
Burasoak bezala ginen, eta hori goxo zen. Nik maite nuen, festak antolatzen zituzten, baina gu han ginen, buraso ala irakasle. Ez baitakit zer den beste eskola batean lan egitea, guretako plazera zen. Nik beti pentsatzen dut: zer suertea Seaskan bizia pasatzea.
Harreman estua egin zenuten familiekin?
Pentsa, 1990ean-edo bi ikastolek pastoral bat antolatu genuen. Burasoak, haurrak... asteburu guziak elkarrekin pasatzen genituen. Egiten genituen taloak, ostatuak atxikitzen... Irri egiten genuen, goxo zen.
Nola ikusten zuen jendeak euskaraz ikastea?
Euskara etxean mintzatzen bazen ere, ez zen ikasketa egiteko baliatzen, ez zen sinesten euskaraz ikasten ahal zela. Hori genuen frogatu behar: ikastolan euskara ez baizik euskaraz ikasten ahal genuela.
Erraz eman zuen jendeak Seaskarako pausoa?
Ez. Pentsa, 6 urteak arte haurrak ama-eskolan ziren. Eta, Atharratzeko eskola publikoan, 5 urtetan —erran nahi baita, ama eskolako azken urtean—, irakurketak eta idazketak hasten ziren. Orduan, ikastolatik 5 urtetan ateratzen zituzten, ikasketak frantsesez egiteko. Beldur baitziren... Ulertzen dut, ez dut kritikatzen, e? Onena nahi duzu zure haurrarentzat. Guraso horiek hainbeste zuten entzun frantsesa behar zela... eta guk ere entzun dugu: «Zuen haurrek ikastolan ezartzen badituzue, herriko eskola hilen da, baina herria hilen da». Eskolarik gabeko herria... Bortitza da, e?
Eta, halere, Seaskaren aldeko apustua egin zenuten.
Ene senarra laboraria zen, eta ni etxetik joaten nintzen lanera; beraz, haurrak ezin nituen herrian utzi, ez baitzen, adibidez, haurtzaindegirik. Beraz, ongi pasatu zen. Oroitzen naiz, aitatxik erran zien haurrei: «Beraz, ez duzue ukanen herrian lagunik». Min egiten du, eta ber denboran pentsatzen duzu: «Eta hala balitz?».
«Plazerik handiena da hori, normalizatze hori. Ikasketak euskaraz egiten ahal dira; bakoitzaren hautua da»
Baina ez zen hala izan.
Batere ez. Herrian integratu dira, bai. Alderantziz, e? Oroitzen naiz: Xalbador ikastegia sortu zen, eta gure haurrak joan ziren Zuberoatik ere; barnetegira joaten ziren. Alaba baxora arte Xalbadorren egona da. Eta herriko neska batek erran zion: «Xantza duzu, nahi nuke nik zuk bezala...».
Nola bizi duzu ikustea Seaskak geroz eta jende gehiago biltzen duela?
Goxo da. Plazerik handiena da hori, normalizatze hori. Ikasketak euskaraz egiten ahal dira; bakoitzaren hautua da. Eta posible da, eta euskaraz bizitzea posible da, eta nahi dugu. Gero, emeki-emeki, eskola publikoetan euskarazko orduak sartu dira. Badira horiek ere. Dena ona da guretako.
Irakasle moduan erretiroa hartu zenuen, duela zortzi urte. Zertan aritzen zara orain?
Hau laborari etxea da, eta biziki maite dut. Ene ahalen arabera semea laguntzen dut, eta kanpoa maite dut, ibiltzea maite dut, baratzea egiten ari naiz... Duela hogei urte gasnategi bat ireki zuten hemen, eta semea barne da. Izan naiz gasna sartzen, izan naiz gasna garbitzen...
Jarraitzen duzu Seaskako jendearekin harremanetan?
Egiten ditugu Seaskako erretretatuen elkarretaratzeak. Joan urtean Saran izan ginen. Gero, nik harremanak baditut Mauleko ikastolakoekin; haur ttipi bat badut orain hor. Baina nostalgiarik batere gabe. Gainera, kasik orain ez ditut umeak ezagutzen. Nik ukan ditudanak, bai. Horiek kolegioan dira [barrez]. Baina nostalgiarik ez.
Eta ikasleekin harremanetan jarraitzen duzu?
Harremanik ez, baina goxo zait ikustea zer bilakatu diren. Ez ditut beti ezagutzen, eta, orduan, irri egiten dute. Baina bai, biziki goxo zait.