Horma bat zatiz zati berregina

Lekeitioko harresia uste baino zaharragoa dela ondorioztatu dute ikerketa arkeologiko batean: XI. eta XII. mendeetan eraiki zuten lehen zatia, eta XIII.ean ezarri eta hesitu egun ezagutzen den herria. Ordutik, askotariko moldaketak egin dizkiote.

Lekeitioko harresiaren zati bat. Panel batzuk jarri dituzte ikerketa arkeologikoaren emaitzak helarazteko. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Lekeitioko harresiaren zati bat. Panel batzuk jarri dituzte ikerketa arkeologikoaren emaitzak helarazteko. ENDIKA PORTILLO / FOKU
amaia igartua aristondo
2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elementu erabat zurruna dirudi, herri bat bakartu eta gotortzeko estrategia bat, haren hedapena mugatzen duen hesi mugiezina. Baina, kontrara, herria garatuz doan bezala, beste horrenbeste egiten du hura inguratzen duen murruak. «Harresi bat ez da garai jakin batean egin eta fosilduta geratzen», argitu du Belen Bengoetxea historialari, arkeologo eta EHUko irakasleak. «Fase asko ditu, eta bakoitzak nolabaiteko zauri edo marka bat uzten du horman bertan». Metatuz joan diren geruzetan irakur daiteke haren historia. Hala, arrastoek zera diote Lekeitioko (Bizkaia) harresiari buruz: hainbat kolpetan osatu zutela, berregina ere izan zela, garaiera moldatu ziotela, eta baoak ireki zizkiotela, besteak beste. Arkeologiak zorroztu du kontakizuna: XI. eta XII. mendeen artean taxutu zituzten aurreneko zatiak. Hau da, uste zuten baino zaharragoa da.

Herria hiribildu izendatu zutenetik zazpiehun urte bete ziren iaz, eta, horren harira, harresiaren azterketa egin du diziplina anitzeko talde batek: bi geologo eta hiru arkeologo aritu dira lanean, 2022tik 2025era. Helburua zen murrua datatzea metodo arkeometrikoak erabilita. Aurretik ere eginak zituzten lan batzuk zehazteko egiturak zenbat urte zituen, baina dokumentu idatziei lotutakoak ziren eskura zituzten data guztiak, Bengoetxeak nabarmendu duenez.

«Lekeition, oso ondo ikusten da harresiak zati asko dauzkala bata bestearen gainean, gauza asko gertatu direla»

BELEN BENGOETXEA Historialaria, arkeologoa eta EHUko irakaslea

1325. urtea da erreferentziazko mugarria: orduan izendatu zuten Lekeitio hiribildu. Baina hiri gutunaren arabera, ordurako bazeuden zenbait elementu Lumentza mendiaren abaroan: eliza bat bere hilerri eta guzti, plazatxo bat, baita hesi bat ere. «Ez genekien non, eta ez genekien noiztik». Harresiak eman die erantzuna. Dataziorik zaharrena Uriarte aldean lortu dute, hango dorrearen lorategian dagoen horma zatian, zehazki: XI. edo XII. urtekoa da. Beraz, garai hartarako —alegia, hiribildu bihurtu baino bizpahiru mende lehenago—, jendea bizi zen eremu horretan. «Eta, gainera, nahiko gune garrantzitsua zen, hormak harrizkoak baitira, ondo landuak. Garai hartan, lurraldeko puntu fokal bat izango zen, seguruenik», esplikatu du arkeologoak.

Horma zatien altxaera planimetrikoa egin zuten aurrena, harriz harri, eta landa lanari ekin zioten hurrena, egituraren faseak bereizi eta zehazteko. Lurraren azpian dauden indusketen gisa berean jorratu dituzte horma txatalak. «Lekeition, oso ondo ikusten da harresiak zati asko dauzkala bata bestearen gainean, gauza asko gertatu direla». Hori kontuan hartuta, estratigrafikoki aztertu zituzten arrastoak, eta datak morteroen laginak baliatuz ezarri. «Analisiek adierazten dute noiz gogortu zen mortero hori». Eta noiz eraiki zuten pareta, beraz. Karbono-14 probak eman die modua urte bitartea zehazteko: 1028 eta 1162 artean ondu zuten lehen atala.

Hiri gutuna baino lehen

Ez da izan azterketaren ekarpen bakarra: XIII. menderako, orain ezagutzen den hiribildua ezarrita zegoen jada. Hala ondorioztatu dute herriaren bi muturretan dauden harresi zatiak datatu eta gero: 1210 eta 1278 artean eraiki zen Nareako pareta, eta 1167 eta 1267 bitartean Eusebio Erkiaga kaletik Ateara doan tartea.

Lekeitioko Trinitate kaleko harresi zatia. Eraikinaren fatxadan txertatuta dago. Gaur egun, balkoiek estaltzen dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Lekeitioko Trinitate kaleko harresi zatia. Eraikinaren fatxadan txertatuta dago. Gaur egun, balkoiek estaltzen dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Hiri gutunaren data nabarmendu du Bengoetxeak ostera ere, 1325, esanguratsua baita datazioaren emaitzekin konparatzea: izan ere, hiribildu izendatzerako, Lekeitio osoki definitua zegoen, eta harresi batek zarratzen zuen jada. «Historiografia tradizionalak esango luke ez dela normala», aipatu du Bengoetxeak. «Hiribildu bihurtzen denean, orduan egiten dela harresia». Baina Lekeitiokoa ez da salbuespena, arkeologoak nabarmendu duenez: Gasteizko aurreneko hesia, esaterako, XI. mendekoa da, eta ehun bat urteren buruan eman zioten hiri gutuna, 1181ean. Harresiak hiribildu izendapenarekin lotuta daudela ageri da dokumentu idatzietan, baina, beste behin, arkeologiak ñabardura egin die agiriei.

Azken batean, defentsarako beharrak bultzatuta eraikitzen zituzten-eta, estatusa gorabehera. «Eta Lekeitio kostako herria ere bazen; beraz, ustez piratengandik defendatzeko helburua ere bazuen harresi horrek», esplikatu du Aitor Gonzalez Gato historialari eta La muralla de la villa de Lequeitio (2018) liburuaren egileak. «Kostako beste hiribildu batzuek ez zeukaten harresirik, baina Lekeitiok bai. Misterio bat da, ez dakigu zergatik». Lekeitioko murruak, zehazki, defentsarako eta zelatatzeko egurrezko galeriak zituen ateen gainean. «Denborarekin, harresiek zergak biltzeko funtzioa bereganatu zuten. Eta izurriteen eta gaixotasunen kontrako babes ere izan zitezkeen. Horiek ziren harresien funtziorik inportanteenak», aletu du historialariak.

harria lantzeko teknika historikoen erakusgarri

Egiturek eta morteroak ez ezik, harriek eurek ere josten dute harresiari buruzko kontakizuna. Inguruko harrobietako lehengaiak baliatu zituzten murrua egin eta indartzeko, eta batik bat bioklastoz aberastutako hareharrizko tupak erabili zituzten; horrez gain, zenbait ataletan kareharria ere ageri da, nahiz eta nabarmen gutxiago. Are, eremu batzuetan, Uriarteko eta Ateako zatietan kasurako, nahasirik daude materialok. «Hori dela-eta, batzuetan modu ezberdinetan higatuta daudela ikus daiteke», Belen Bengoetxearen esanetan.

 Baina, edozelan ere, tokiko materialak dira guztiak, ez kanpokoak, eta eskuragarritasunaren arabera lehenetsi ziren batzuk eta besteak garaian-garaian. Materialetan bainoago, tekniketan sumatu daiteke bereziki aniztasuna, arkeologoaren irudiko. «Fasearen arabera, ezberdintasunak ikusi ditugu harriak lantzeko moduan: zatirik zaharrenean, blokeak handiagoak dira, ez hain ondo landuak, eta hurrengo faseetan hainbat aparailu mota antzematen dira».

Moldatzen segitu zuen murruak, «elementu bizi» horrek. «XIV. mendean ere, baditugu aldaketa nahiko sakonak, gehienbat Torrezar inguruan», Bengoetxearen esanetan. Eremu horren izena «misterio» moduko bat zen, nabarmendu duenez, eta ikerketaren bitartez jakin dute harresi osoa egin eta gero txertatu zutela, XIV. mendekoak baitira arrastorik zaharrenak. Eta XVI. eta XVII. mendeetan ere esku hartu zuten murruan. Dokumentu zaharretan jada jasotzen zen harresiaren zati batzuk aparailu gotikoz eraikiak zeudela, eta azterketak data jarri dio fase horri ere. «Hainbat lekutan ageri da aparailu gotikoa, eta uste baino berantiarragoa da: XVI. eta XVII. mendeetan erabili zuten», zehaztu du arkeologoak.

Eragina hiri antolaketan

Edozelan ere, Gonzalez Gato historialariaren ustez, bi mugarri inportante daude Lekeitioko itxituraren historian. XVIII. mendekoa da lehenengoa. «Abaroa etorbideko harresi zatia indartu egin zuten, bi metro gehituta; harresi bikoitza egin zuten, nolabait esateko». Ez dakite, ordea, obra mardul hori zergatik egin zuten. «Batzuek uste dute artilleriaren erasoetatik defendatzeko egin zutela, eta, beste batzuen arabera, horma ahul zegoen eremu horretan, eta indartu beharra zegoen». Hurrengo mendean ekin zioten bigarren ekintza erabakigarriari: 1830eko hamarkadan, ateak eta murru zatiak eraisten hasi ziren, «harresia hutsaltzat zeukaten-eta», historialariaren irudiko; XXI. mendearen atarira arte iraun zuen suntsiketa prozesu horrek, haren hitzetan.

«Herrixka batean antolamendua oso kaotikoa da; hiribildu bat kale paralelotan ordenatuta dago. Eta Lekeitiok bi hiri antolamendu horiek ditu»

AITOR GONZALEZ GATO Historialaria

Harresiaren zati gehienak aspaldi eraitsita, hortaz, arrastoetatik tiraka baino ezin da berregin haren historia: agirietan geratutako lorratzetatik, oraindik zutik irauten duten horma zantzuetatik. Herriaren beraren morfologiatik. Izan ere, elkar baldintzatzen dute harresiak eta hirigintzak, elkar mugatzen dute. Harresiaren ondorioak eta, batik bat, haren ateenak nabarmenak dira kaleen antolaketan, esate baterako. Harresietako ateak herriko ardatz nagusiekin lotuta egoten dira, horien bitartez dauka hiribilduak harremana kanpoan dagoenarekin, pisu sinboliko handia dute, eta garrantzitsuak dira, orobat, haien inguruan sortzen diren guneak; esaterako, dokumentatuta dago Lekeitioko Atearen bueltan azoka txiki bat antolatzen zela, arkeologoak adierazi duenez. Ate horiek aspaldi desagertu ziren, baina helduleku bat izan dira, halere, Bengoetxearen azterketarako.

Eraikinen kokapenak eta bideen zuzentasunak ere ematen du harresiaren inguruko informazioa. «Herrixka batean antolamendua oso kaotikoa da [harresirik ez dauka eta]; hiribildu bat kale paralelotan ordenatuta dago. Eta Lekeitiok bi hiri antolamendu horiek ditu», azaldu du Gonzalez Gatok. Alderik zaharrenak, Uriarte inguruak, diseinu «labirintikoa» du, eta Arranegi zabalguneko bideak eta eraikinak, berriz, erregularragoak dira.

Laginketa Lekeitioko harresiaren Torrezarreko zatian. BELEN BENGOETXEAK UTZITAKOA
Laginketa Lekeitioko harresiaren Torrezarko zatian. BELEN BENGOETXEAK UTZITAKOA

Baina harresiaren datazioari erreparatuta, garai bertsuan egin zen horma osoa, eta, beraz, hiribilduaren diseinua —XIII. mendean—. Nola azaldu daiteke hori? Bengoetxeak eta harresiaren azterketan parte hartu duten gainerako ikertzaileek zera uste dute: aurretik zegoen kokalekuak, XI. eta XII. mendeen arteko harresi zatiari lotutakoak, baldintzatu egin zuela Uriartek gerora izandako morfologia. «Zelakoa zen okupazio hori? Oraingoz, ez dakigu. Baina seguru nago horrelako horma bat izan zuen kokaleku batek baldintzatu egin zuela gero hor jarritakoa. Arranegi aldeak seguruenik ez zuen baldintzarik izango kaleak trazatzeko orduan, eta horregatik dira zuzenagoak han».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA