Egiaz eta begiaz

Hormatzar arrail irrituen negarra

Muinoan gora Nafarrateko elizaren hondakinak urrunetik ere ikaragarri, 1936ko Espainiako gerra zibilaren iragan ez urruna orroka. Hormetarik batean, mendebaldera, plaka bat aski berri eta berriemaile Txomin Jakakortexarenaren omen-ohoreetan. Legutioko guduaren lekuko ez isilak dira eliza bonbardatuaren hondarrak bezainbat apaizak bi suren erdian idatzirik utzi zizkigun hitz saminak.

Iñaki Saez de Zaitegi, gurasoengandik jasotako berrien emailea, bisitariekin. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Nafarrate
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
1932an apaiztu zen, esan zuen meza berria Txomin Jakakortexarenak. Gotzain Mateo Muxikak nora bidaliko ote zuen «kezkarik larrienarekin, eta abade lanean nola jardungo ote nuen zalantza eta urduritasun handienarekin», Berastegin, etxean iragan zituen zenbait egun, bere burua eguraste eta arnasberritze aldera. Bizitzan bi goiasmo memoria liburuan ez baitu lehen destino izan zuen herriaren izena ematen —esperientziaren desatseginagatik, oroz gain—, balio du esatea Aiarako Salbantonen egon zela lehenbizi hartan. «Gotzaindegiko eskutitza iritsi zitzaidanean, esku daldalka ireki nuen gutunazala. Inoiz entzun ez nuen herri baten izena sartu zitzaidan begietatik». Mapa hartu eta hasi zen begira, «eta ia Burgos mugan herri txatxar eta behartsu bat zela ikusi nuen, ez bultzirik ez herri biderik ere gabe, noski. Neukan larriarekin, nonbait, ez nola joan nintzen, ez zein bide hartu nuen, ez nola iritsi nintzen... nire buruan arrastorik ere ez da gelditu. Bakarra, izebak esandako hitzak gogoratzen ditut, harakoan bezain itun, bizi guztian ez ninduela ikusi».

Hilabeteak egin zituen Salbantonen, ekainetik azarora bitarte, egonaldi makurrean, baina aingeru guardarik izan zuen: «Laster, On Manuel [Lekuona] jaunaren mezu bat hartu nuen, Legutioko kasko batean herritxo bat, Nafarrate, abade gabe zegoela-eta. Euskara ia galduan zegoenez, suspertzera joan nahi ote nuen».

Nafarrate

Ez zuen dudatu, eta heldu zen Nafarratera, 1932ko urte hondarrean. «Herria baino handiagoko elizarekin, sei etxe zituen Nafarratek. Herri oso behartsua, nekazaritzatik bizi zen. Bizkaia eta Araba mugan, Nafarroara erasoka etorri zitezkeen etsaiak zaintzeko ataleio bezala, gazteluren bat zeukaten kasko hartan agian Nafarroako erregeek, eta hortik nonbait Nafar-ate izen hori». Baina Manuel Lekuonak euskara biziberritzeko lana agindu zionez, berehalaxe zen diagnostiko egiten aita Txomin: «Zaharrek ongi zekiten euskaraz, gazteek ahaztuxe zeukaten, eta haurrak erdaraz mintzatzen ziren. Aurreneko egunetik hasi nintzen kristau ikasbidea haurtxoei euskaraz erakusten, eta meza nagusian ere hitzaldiak ere euskaraz egiten. Urte erdia igarotzerako, euren artean bakarrik euskaraz jardutera ohitu nituen. Beti haien erdian nenbilen euskaraz jarduten, eta uztaldia egin behar zenean, sega hartu eta haiek adina lan egiten nuen, eta egurketan ere, aizkoran, gazte sasoikoenaren buruz buru egiten nuen egur meta. Hain sendi behartsuak ikusirik, zer egin ez nekien, haiek bestean lan eginez atera nahi nituen egoera zail hartatik, baina denek nire ahalegina biziki eskertzen zuten arren, eta kuttuneneko maitetasuna erakusten bazidaten ere, bide hartatik bizibide hobera ez nituela jasoko garbi ikusi nuen, eta beste bideren bat asmatu beharko niela ongi ohartu nintzen». Hasteko, haurrei eskola ematen hasi zen, irakasle, herrian ez baitzen halakorik.

Zortziren bat haur ziren Nafarraten. «Guraso on haiek nire lana nola eskertu ez zuten jakiten, eta nik beti euskara galtzen ez uztearekin ongi ordaindua zegoela aitortzen bainien, haiek are eta gehiago saiatzen ziren haurrekin euskaraz mintzatzen. Herri guztia hala euskaldundurik ikustean, kristau gizarte baketsu hartan txoraturik bizi nintzen. Bazegoen alderik, egon ere, hain gordinki mintzatzen entzun behar izan nuen aurreneko [Salbantone] hartatik!!». Kristau ikasbidea eta eskola ez ezik, musika ere irakatsi zien haurrei aita Txominek. Hiru txistu ere inguratu zituen, eta jotzen irakatsi ere zien ikasleei. Eta halaxe, «arratsaldez, behiak larratzera haurrak Letxagosteko larretara joaten zirenean, txistuak hartuta joaten ginen, eta kasko hartatik jotako eta haranak durundatutako aberri abestiekin arintzen genituen soroetan aitzurrean ari ziren nekazarien anuak, eta haiek arnasalditxo bat hartuz, aitzur-kirten muturrean bi eskuak eta esku gainean kokotsa bermatuta, txoraturik entzuten egoten zitzaizkigun».

Haurretako batzuen sendotza garaia heldurik, Mateo Muxika gotzaina bera joan zitzaien Nafarratera, bai Arabako diputazioko agintariak ere. Haurrek Agur jaunak joz agurtu zituzten, hala etortzean nola joatean, «eta gotzainak harrituta eta esker onez, Arabako herririk politena, kristauena, euskotarrena eta alaiena Nafarrate zela aitortuz agur egin zigun». Eta, ondoren, aita Txominen sententzia beltza: «Hark ez zekien, nonbait, zer jasa zetorkigun gainera». Espainiako gerra zibilaz ari da, ageri denez.

Betolatza

Bitartean, bere egitekoari segitu zitzaion Txomin Jakakortexarena. Euskara zabaltzen etengabe lan egin zuen Nafarraten eta ondoko herri Betolatzan. «Gure herri txikia euskalduntzeaz bakarrik ez genuen askietsi, auzoko beste bat ere, erabat erdalduna, euskaldundu nahi izan genuen, eta horretarako zelaitxo batean igande arratsaldero bi herrietako haur, neska eta gazte bildu, eta ostiko-pilota jokoak egiten genituen, erdaraz hitzik ez esateko baldintzarekin; esanez gero, aterako ostikoa izaten zen zigorra». Penaltia. Neska eta mutil, denak futbolean, Nafarratetik Betolatzara bideko soroan, oraingo egunean bere horretan dagoenean.

Aita Txominek haurrek euskaraz egitea zuen helburu. Gaztelania, zigortua zen ostiko-pilotan. «Beti nafarratetarrek irabazten zuten, betolatzatarrei noiznahi erdal hitzak ateratzen baitzitzaizkien, eta aldioro aterako ostikoaz zigortuak baitziren. Baina 'utzi', 'jo', 'nirea', 'ekarri' eta horrelako hitzak ikasi ondoren, eta ez etsitzeko, nik ere, epaile bezala, haien aldeko alderdikeriaz txistua jo ahala, joko-borroka berdintsukoak egiten hasi ziren, eta izugarrizko norgehiagokari ekin zioten bi herriok. Azkenean, ikusleak etortzen hasi zitzaizkigun Nafarrate eta Betolatzatik, euren sutegikoei bihotz ematera eta txaloak jotzera, euskaraz ikasteko aukera ederrenarekin».

Horretan zen.

«Ez zekien, nonbait, zer jasa zetorkigun gainera». Inork ez zekien.

Gerra

«Gure herri txiki eta baketsu Nafarrateraino iritsi ziren gatazkaren zipriztinak. Nafarrateko sei sendiak kristau on eta abertzaleak ziren, denak bertan bizi ziren, nekazaritzatik, baina sendi bateko mutil zaharrenak Eibarko ola batean lan egiten zuen, eta han iraultzaile gorri bihurtu zen, eta larunbat gehienetan, atseden zurrean, asteburuko bi opor egun horietan etxeratzen zenean, gazteen artean jarraile berriak egiten saiatzen zen. Etxeko bere bi anaiak bereganatu zituen eta ez zitzaizkidan gehiago mezatara etorri».

Ez ziren egun asko iragan. Altxamendua. «Biharamunez, meza goiz-goiz eman nuen bakea eskatuz, eta zer ikusi mendi kasko batera joan nintzen. Han agertu zen Ubidetik Legutioko bide berrian, altzairuzko blindatu bat itxura gaiztoko gudariz betea, leiho zuloetatik izkilu muturrak agertzen zituztela. Nik, ama alarguna nuelako, gudaritzarik ere egin ez nuenez, gudaren berri hala bainekien, nire buru-xuritasun eta xalotasunean, gudari haiek Gasteiz hartuko zutela sinisturik nengoen. Huraxe izan zen dagoeneko matxinada betean sarturik geundela adierazi zidan lehen zantzu nabarmena, samaldan etorriko ziren ondorengoak (...) Gero eta berri arbingarriagoak zetozkigun. Nafarroan karlistak gauero heriotza ikaragarriak egiten ari zirela, Lizarrako alkatea erail zutela, Iturengo sendagilea —nire herritar lagun mina—, gauez eraman eta gehiago ez zela agertu. Gorriak ere bereak eta bi egiten hasi zirela, apaiz zahar batzuk Araban eta Bizkaian hil zituztela eta gazte batzuen artean hil zutela, berriz, apaizgaitegian nire lagunik onena, Ganuza, nirekin batera apaiz egina. Su-leize ate guztiak zabaldu zitzaizkigula etsirik, lur jota nengoen».

Bi suren erdian Nafarrate

Lur jota eta bakarrik Txomin Jakakortexarena Nafarrate herri ttikian. «Handik egun batzuetara, gotzainaren eskutitz bat hartu nuen, berehala gotzaindegira joateko Gasteizera. Lagun bati ortxirrinka [bizikleta] eskatu nion eta estutasunez, itoka, hantxe agertu nintzaion. Ikusi nindueneko, urduri hurbildu zitzaidan, negarrez, besarkada handi bat ematen zidala: 'Ume! Ume! Zu fusilatzekotan dira! Fusilatzekotan!'. Eta nik: 'Ez da, bada, izango kristaua ez naizelako! Edo kristoren gudari altxatu zaizkigunok gorritzat naukatelako ote da?'. 'Ez, ez, bereizizalea zarelako, noski'. 'Euskara eta Euskal Herria maitatzea bereizkeria bada, eta bi goiasmo horien alde Jainkoak nire bizia horien eskuetan uztea nahi baldin badu, zer egingo dugu, bada, ni etsita nago, baina heriotza gaitz ikaragarri horretatik gaizkatu edo salbatu nahi banau, badago ihesbide bat: utzi biezat [frontearen] beste aldera joaten nire herriko eta inguruko mutilekin Arabako gudarostean nire izena ene oldez emanda, haien apaiz izan nadin'. 'Ez, inola ere ez, zuk ez utzi zure elizarik!', agindu zidan zorrotz gotzainak. 'Ongi da, egingo dut zuk agindua, Jaunaren agindutzat hartuta, baina, ez dagokidan arren, onartu biezat ohartxo bat: haraitzina errepublikarrek jazarri bazizuten, ez harritu kristau omen direnek ere zu atzerrira bidaltzea'. Eta gotzainaren eraztunari muin egin eta elkarri agurra egin genion, betiko».

«Ondoko egunetan Barazar, Ollerieta eta Elosu aldean, Bizkaia-Araba mugan, gudari sailak agertu ziren, eta lubanak egiteari ekin zioten. Gasteiz aldetik Legutiora ere gudaroste batzuk etorri ziren, eta haiek ere herri ostean lezoiak eginda, bi etsai taldeak aurrez aurre gelditu ziren, eta nire Nafarrate, berriz, zerbait saihetsalderago, bi suren erdian. Gasteiz aldeko gudariek, Legutioko eliza gailurreko joaltegian, izkilazkarra [metrailadorea] jarri zuten, eta egunaren zehar eta iluntze guztietan heriogarrizko angelusak jotzen zituen, eta su-leize hartatik bizirik irtendako eusko gudariei, haren dandak betirako gelditu zitzaizkien belarrietan. Ene belarrietan, behintzat, oraindik ere, handik berrogeita hamar urtera, mingarriki eta ozenki darautsate».

Oraingo egunean, ia laurogeita hamar urtera, Nafarrateko elizaren hormatzar arrail irrituek, bonbaz eta balaz kanoikadaz bezainbat joak, «mingarriki eta ozenki darautsate», tronpetak, orenak eta gudurako alarmak bezala, aita Txomin Jakakortexarenaren arrazoi handian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.