Kanpoko barra prest dago, mahaiak txukun-txukun jarrita daude, eta jan-edanen prezioak argi irakur daitezke Zelatungo Antonioren Bordan, Errezilen (Gipuzkoa). Atentzioa ematen du bertako isiltasunak, bereziki iraila izanik, kontuan hartuta nolako jendetza izaten den lau igandeetako erromerietan. Asteazkena da, 09:30ak, eta Maria Jesus Etxeberria (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1964) autoko maletategitik kaxak bordara sartzen ari da dagoeneko, dena atontzen, lanerako urteko egunik garrantzitsuenak dira eta. Hamabost urteren ondoren, bordaren kudeaketa utziko du, urte amaieran. Oraindik, ordea, salda, pintxo eta plater ugari ditu zerbitzatzeko.
Hamabost urteren ondoren hartu duzue borda uzteko erabakia. Zer dela eta?
Orain tokatzen zitzaigun kontratua berritzea, urte bukaeran. Hiru urterako kontratua egiten genuen aldiro. Gizonak jada erretiro aurreratua hartu zuen. Alabek ere bakoitzak bere lana dute, eta beren lanetik kanpo beti guri esku bat botatzera etortzen dira, asteburuero. Ikusten genuen zigortuta geneuzkala, bai ahizpak, bai alabak... denak hona begira. Eta erabaki genuen beste era bateko bizimodua hasteko garaia dela, lasaiago hartu eta martxa apaltzeko.
Ez duzue martxa makala izan: urte guztian ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan lan egiten duzue, eta maiatzetik urrira, egunero, ezta?
Bai, maiatzaren 1ean hasten gara eguneroko martxa horretan. Normalean, asteko egunetan, bakarrik moldatzen naiz. Uztailera arte-edo bai behintzat. Ordutik aurrera laguntza eskatzen dut beti. Eta beti estreinako hots egiten diezunak dira etxeko horiek: ahizpak, alabak...
Hori izan da ixteko arrazoietako bat, ezta?
Bai, umeak dituzte, eta umeek jai duten guztietan hona ekartzen ditut. Horrek ere ematen dizu zer pentsatua. Behin ere ez didate huts egin; guk lanerako taldea osatzen dugu familiarekin eta lagunekin. Eta batek ezin badu, txandakatu eta etortzen dira. Eguraldi ona dagoen aldiro hemen izaten dira.
Baina txarra dagoenean ere irekitzen duzue borda...
Bai, nik badakit askotan eguraldi txarra dagoenean ez direla lau-bost lagun ere pasatuko bordatik. Baina, noski, egun horietan ixten baduzu, eta etorri den horrek ikusten badu itxita dagoela, horrek jada atzeraka botatzen du jendea. Tabernako lana da, eta ordu askotan egon egin behar da.
Hasi da berria zabaltzen? Zer esan dizu jendeak?
Pena handia hartu dute denek. Baina, bestalde, entenditzen dute esfortzu handia eskatzen duela hemen egoteak.
Erromeria garaia da, gainera; urteko garairik garrantzitsuena izango da. Zer moduz hasi duzue denboraldia?
Aurtengoa oso ondo hasi da. San Joan Txiki egunean oso ondo erantzun zuen jendeak, eta, lehengo igandean ere, aurreneko jaia izateko, jende asko zegoen. Normalean, aurreneko bietan, jende gutxiago izaten da, estropaden ondorioz; baina jendeak oraingoz oso ondo erantzun du. Eta hori lainotuta eta ilun samar egon zela.
Dantzarako aukera gutxi izango duzue zuek, ordea. Jendetza biltzen da aldiro.
Egunen batean azkeneko piezaren bat egin dugu, baina, normalean, ez... Halere, ni ez naiz oso dantzaria; alabek-eta uste dut lehengoan egin zutela pixka bat.
Gerria ez duzue geldirik izango, halere. Zenbat izaten zarete guztira lanean?
Familia guztia hemen izaten da. Lehengo egunean, hogei bat lagun egon ginen; iraileko lau igandeak izaten dira urteko inportanteenak. Esan erraz egiten da, baina... horiek denak antolatu behar dira. Urtean zehar ere asko laguntzen du irailekoak, urteko zati bat konpentsatzen duzu eta. Asteburuetan bakarrik irekitzen dugunez, hamar edo hamabi lanegun soilik ditugu, eta horietan eguraldi txarra egiten badu... Gero, berriz, abenduan, Gabon garaia dela eta, berriz handitzen da martxa. San Tomas egunetik Errege gaua pasa arte, egunero irekitzen dugu.
Nola prestatzen zarete erromeria garairako?
Aste osoa pasatzen dugu igandekoa prestatzen. Estreinako egunak zaborrak jaisten, eta txukuntzen. Eta, gero, zer behar duzun ikusten hasten zara, eskariak egiten eta jasotzen... Dena guk jaso behar dugu gora. Edarizale bat etortzen zaigu, baina, gainontzean... Gaur [asteazkena] goizean igo gara, izozkiak jaso ditugu, eta orain nire gizona joan da harategira; enkarguak hartu, eta berriro igoko da. Bihar igual jaso beharko ditugu musuzapiak-eta goizean, eta gero beste bidaia bat. Butanoak direla, gasolioa dela... Hemen argindarrik ez daukagu, sorgailuekin lortzen dugu argindarra, eta horretarako ere gasolioa astean pare bat aldiz jaso behar da.
Zer bilakaera izan du erromerietara joateko zaletasunak?
Uste dut gero eta indar handiagoa hartzen ari dela. Guk borda hartu genuenean, Hernio nahikoa mendi tristea zen; nahikoa baxu zegoen une hartan. Egunero irekitzeak ezagutarazi egiten zaitu. Jende asko etortzen zaigu galdezka noiztik dagoen borda irekita, eta berrogeitaka urte daramatza. Baina, aste barruan itxita egoten zirenez, jendeak ez zuen pentsatzen hemen taberna egon zitekeenik ere.
Eta erromeriak noiz hasi ziren badakizu?
Ezin dizut esan. Nik hau beti ezagutu dut horrela. Baina lehen izaten omen zen kuadrillaka etorri, trikitilari batekin, eta kuadrillak berak ipintzen omen zuen festa giro hori. Gero, hemengo nagusiak esan izan du txabolak ipintzen hasi zirenean txapela pasatzen zutela erromeria hori ordaintzeko. Orain, berriz, bi borden artean ipintzen ditugu.
Orokorrean, nolako garrantzia dute mendiko bordek, zure ustez?
Mendira etortzen den batentzat beti ateak irekita dauzkazu bordan. Tokatu liteke egarria, tokatu liteke komunera joan beharra, tokatu liteke mina hartu duela... denerako hor gaude. Orduan, plus bat da, jendeak eskertzen dizuna. Horrek eman izan digu hamabost urtez hemen jarraitzeko indarra: jendearen esker onak.
Lehen artzaintzarako tokiak ziren, ezta?
Bai, hala esaten dute. Lehen belar lehorra eta garoa-eta jasotzen omen ziren, baina noski, urte askoan ez. 50 urtetik gora izango dira taberna jarri zutela.
Zein da gakoa mendiko borda batek ondo funtzionatu dezan?
Hemen ordutegia errespetatzea, irekita edukitzea... eta, gero, eguneroko lana nahi baldin baduzu, ezin zara pasatu prezioetan ere. Muga batzuk jarri behar dituzu.
Sekula itxi duzue borda?
Behin itxi genuen, iloba baten ezkontza baterako, larunbat batean. Baina, bestela, hartu genuenez gero, konfinamenduan soilik itxi dugu. Eta ez pentsa, elurrarekin ere lan egin izan dugu, eta egokitu zaigu bidea itxita egotea: azkeneko baserriraino elurra kentzeko makina pasatzen zuten, eta handik gora oinez etorri behar izaten genuen, jeneroa guk ekarriz. Esfortzu handia da.
Arriskua ere badu: eguraldiaren araberakoa da jende kopurua...
Nik hasieran esaten nuen hau inurrien lana bezalakoa zela: udan lan egin, neguan udan egindakotik jateko. Iraileko horrek asko laguntzen du, negua beltzagoa bada ere. Gero, gaur egun, elurrak ere jende dezente mugitzen du. Elurra egiten badu, noski; azkeneko hiru urteetan-edo ez digu egin.
Zer harreman sortzen da bezeroekin?
Azkenean, familia handi bat egiten duzu. Bezeroak dauzkazu egunero etortzen direnak, jaiero etortzen direnak... etxekoak bezala dira.
Mendizaletasuna aldatu egin dela esango zenuke?
Konfinamenduaz geroztik, asko zabaldu da mendira joateko ohitura. Nik uste dut jendeak mendia errespetatzen duela. Baina aldatu da, bai. Orain mendira datozen batzuk kirola egitera bakarrik etortzen dira: erlojuari begira, zenbat minutu egin dituzten kontatzera... Beste batzuk, berriz, mendiaz gozatzera etortzen dira. Baina nik uste dut denek mendia errespetuz hartzen dutela, eta nahikoa txukun uzten dute ingurua. Alde horretatik ez daukat kexarik. Uste dut mendia zaintzen ikasi dugula.
Urte hauetan guztietan hainbat pasadizo bizi izango zenituzten, eta hainbat istripuren lekuko ere izango zineten. 2019an, adibidez, helikoptero batek istripua izan zuen Hernion. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Helikopteroa erori zenean, gu kanpoan bazkaltzen ari ginen, eta ez genuen zalantzarik egin: kontua eskatu genuen, eta segituan etorri ginen laguntzera. Jende pila bat etorri zen: suhiltzaileak, ertzainak, kazetariak... Sua piztu genuen, egundoko hotza baitzegoen, lainoa sartuta; bi gradu zeuden zero azpitik. Tristea izan zen; tentsio handiko momentuak izan ziren.
Iaz ere sute bat izan zen Hernion.
Bai, etorri ginen orduan ere, baina ez ziguten utzi pasatzen, eta ez ginen igo. Gaua zen, eta, egia esan, hona etorri eta arriskuan egotea baino... hobeto geunden etxean.
Gaua ez zen samurra izango, halere.
Bai, kalean bizi gara, eta goizean goizetik leihotik begira aritu ginen. Momentu gogorrak izaten dira. Sua ikusten genuen urruti zegoela, eta bagenekien mendia ez zegoela zikina. Mendia garbi dagoen lekuan, belardian, suak ez du aurrera segitzen. Mendia zikin edukiz gero, berriz, txabola hartuko zuen. Baina ez genuen txabola arriskuan ikusi.
Pozak ere izan dituzue: Repsol gidaren eguzkitxo bat jaso zenuten, 2021. urtean.
Niretzat Michelin izar bat ematea bezala izan zen. Mezulari batek deitu zidan, pakete bat neukala esanez. Ez nuen ezer eskatu, baina alabaren baten zerbait izango zela uste nuen. Nire izenean zegoen, eta, ni goian nengoenez, etxeko helbidea eman nion. Jaitsitakoan ireki nuen, eta hor ikusi nuen saria zela; ez genekien zehazki zer zen, orduantxe hasi baitziren horiek banatzen. Azkenean, ez da ezer handia, baina poza ematen dizu. Horrek ere bultzada ematen dizu.
Nahikoa balio ematen zaie horrelako bordei? Laguntzaren bat eskertuko zenukete?
Laguntza beti etorriko litzateke ondo; hemen oztoporik handiena bidearekin lotuta daukagu. Hori konponduko baligute, gauzak asko aldatuko lirateke. Bidaiari gehiago etorriko lirateke, jeneroa ez genuke guk igo beharko... Baina, bestela, jendeak ematen dizu laguntzarik handiena. Egundoko poza hartzen dut; ixteko garaia heldu denean behintzat jende asko akordatu da gurekin.
Orain arteko lanari egindako aitortza txiki bat da.
Bai, eta jendearen erantzunak betetzen zaitu. Nik San Joan Txiki egunean banekien dauzkadan mahaiak baino jende gehiago etorriko zela. Adinekoak igotzen dira egun horretan; gaztetan mendi hau ezagutu zutenak eta hemen erromerian ibili zirenak etortzea erromeria giro horretara orain... oso polita da, asko eskertzen dute. San Joan Txiki egunean zenbat musu jaso nituen neuk bakarrik dakit. Hori hartuko dut beti gogoan.
Erreleborik egongo al da? Inork azaldu du interesa?
Interesatuta hots egin du bakarren batek. Ikusiko da, baina nik pentsatzen dut baietz, animatuko dela norbait. Hemen, beste taberna guztietan bezala, besteek jai dutenean egin behar da lana: bai oporrak direnean, bai jaiak direnean.... Langileei oso eskertuta nago. Haiek gabe ezin duzu egin. Astegunekoa egingo duzu, baina hau betetzen denean, hogei lagun behar badituzu... Babes hori behar da.
Pentsatu duzue dagoeneko nola agurtuko duzuen borda?
Ez, oraindik ez [eskuak aurpegira eraman ditu]. Amets asko egiten dugu, ez dakigu noiz utziko dugun. Urtearen azkenean bukatzen da kontratua, eta ikusiko dugu.