Eguzki izpiak lagun izan zituzten igandean Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Urte batez aritu dira aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen Andra Mari ikastolan, baina egindako lanak eman ditu fruituak. Iñigo Orella Andra Mari ikastolako zuzendariak zorion mezuak jaso ditu asteburuan izandako giroagatik: «Oso pozik gaude, Etxarri Aranatzen sekulako giroa egon baitzen. Milaka pertsona egon ziren, eta jarrera ezin hobea izan zuten».
Hotsein izan da Nafarroa Oinez-en aurtengo leloa, eta bi esanahi ditu hitzak: batetik, zarata egin, eta, bestetik, deitu edo aldarrikatu. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten Etxarri Aranatzen, baita ikasleen aniztasuna ere. Gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzekoa ere badela gogoratu du Orellak: euskarari bultzada emateko eguna, baita euskara Nafarroa osoan ofizial izan dadila eskatzeko eguna ere, euskaldun guztien hizkuntza eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen.
Etxarri Aranatzek laugarren aldiz hartu du Nafarroa Oinez-en lekukoa. 1989, 1996 eta 2009 dira Andra Mari Ikastolako historian azpimarratutako urteak, eta, orain, 2023 gehitu da zerrenda horretara. Besta antolatzea lan «luzea» eta «gogorra» dela adierazi du zuzendariak, eta berrehun pertsona inguruk parte hartu dutela urtebeteko prestakuntzan. Gainera, asteburuan bertan mila boluntarioren laguntza izan dute. «Boluntarioen lana eskertu nahi dugu, izugarria izan baitzen. Eskerrak herritarrei ere. Bestan ikusi genuen ikastolok eragile aktiboa garela, eta herritarrei ekarpenak egiten dizkiegula», esan du Orellak.
Eguzkiak mezu horiek zabaltzen lagundu zuen. Giro «ederra» egonen zela bermatzeko, antolatzaileek hiru gune osatu zituzten: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Hirurak Etxarri Aranatzen zeuden, eta ia 3 kilometro luze zen ibilbidearen parte ziren. Hiru guneetan aukera biziki interesgarriak prestatu zituen Andra Mari Ikastolak. Hasteko, oholtzara igo ziren Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Alarma Morea, The Potes eta DJ Bull, besteak beste, eta musikaz bete zuten besta.
Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, Nafarroa Oinez-en izandako gazte eta haur guztiek Erronkan parte hartzeko aukera zuten. Euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz antolatzen den jolas erraldoia da Erronka. Erronkalariek, gunez gune, hainbat kirol ekintza eta trebetasun proba gainditu behar zituzten. Proba horietan arauak errespetatzen zirela segurtatzen aritu zen Asier Estarriaga, Nafarroa Oinez-eko boluntarioa. Parte hartzaileek ura izan zuten lagun beroari aurre egiteko, eta irristaka aritu ziren proba batetik bestera. «Giroa izugarria izan zen. Jendetza etorri zen guregana, eta musika zuen gurdi bat ere agertu zen», azaldu du Estarriagak.
Lekukoa pasatu
Txikientzako programazioa bereziki zaindu dute aurten. Kirol ekintzez gain, jolas gune ugari izan zituzten, belaunaldi berriak erakartzeko asmoz: puzgarriak, jolas libreko guneak, aurpegia margotzeko eremua, bizikleta zirkuitua eta abar. Musika presente zegoen gune guztietan, noski, baina gonbidatu bereziak ere izan zituzten Etxarri Aranatzen: erraldoiak. Umeen aurpegi harrituen aurrean dantzatu ziren, gune batetik bestera. Utzubar Txiki gunean, «haurren hiria» eratu zuten: birziklatutako osagaiekin egindako txoko horretan, hainbat materialekin esperimentatzeko aukera izan zuten haurrek, birziklatutako osagaiei beste bizialdi bat emateko aukera.
Aipatutako jarduerez gain, bestaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izan da aurten. «Beti saiatzen gara besta gero eta erosoagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Ahalik eta gutxiena zikintzen, kontsumitzen eta kutsatzen», azaldu du zuzendariak. Horren harira sortu zen Oinez Basoa proiektua 2008an, bestak naturan duen inpaktu ekologikoaz jabetzeko. Egitasmoa abian jarri zenetik, hamaika baso sortu dira. Horregatik, plastiko kontsumoa apaltzeko proiektu bat aurkeztu zuten aurten, Nafarroa Oinez jasangarriagoa izan zedin. Gune guztietan iturriak jarri ziren plastikozko edalontzi gutxiago erabiltzeko. Gainera, guneetako batean edalontziekin bildutako dirua Oinez Basoa proiekturako erabiliko da.
«Urtez urte ikasten da. Besta aldatuz eta garatuz joaten da», esan du zuzendariak. Herrikoen eta boluntarioen prestasuna, ordea, ez da aldatu, Orellaren ustez: «Gure jendea inplikatu egin da guztiz, eta, haiei esker, dena ederki atera da». Halere, oraindik ez dakite besta ekonomikoki arrakastatsua izan den edo ez; oraindik hilabeteak beharko dira hori jakiteko, Orellaren ustez. Asteburuan lortutakoa DBHko eraikina berritzeko erabiliko da, 1960ko hamarkadan eraiki baitzen. «Zenbat eta gehiago, hobe. Baina nik uste dut jendeak oso ondo erantzun duela, eta horrek laguntzen du», esan du Estarriagak.
Ikasle ohiak eta gurasoak aritu ziren Estarriagarekin batera lanean. Aparkalekuak bete ziren, eta autokarabanak ere agertu ziren, asteburu-pasa. «Mahai gainean jarri genituen aldarrikapenak garrantzitsuak dira, eta jendeak babestu ditu», esan du zuzendariak. Zangozako ikastolak hartu du lekukoa, eta haiek antolatuko dute 2024ko Nafarroa Oinez. «Arduraz betetako» lana dela esan du zuzendariak, baina «oso polita». Estarriagakuste du zangozarrek «ederki» erantzungo diotela erronkari: «Oraindik garrantzitsuagoa ikusten dut Zangozan egitea, zonifikazioa dela eta. Gure herrira etortzea oso erraza da, baina Zangozak behar handiagoak ditu».
'Hotsein' euskararen alde
Etxarri Aranatzen antolatutako Nafarroa Oinez bestarekin «oso pozik» daudela adierazi dute Andra Mari ikastolakoek, eta jendetza bildu dela, eguraldia lagun; era berean, boluntarioen lana goraipatu dute. Zangozako ikastolakoek hartu dute lekukoa, eta, beraz, haiei dagokie datorren urteko besta antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu