Ez du hotz handia egin oraindik, baina dagoeneko bada jendea behatzetan, sudurrean edo belarrietan ospelak dituenak. Inguru horietako azalean gorritasuna antzematen zaie, eta bateren bati min ere ematen dio. Botikak eta kremak badira horiek kentzeko, baina hori baino askoz eraginkorragoa den zerbait aholkatu du Jorge de Soto Donostiako Poliklinikako dermatologoak odol hodietako uzkurdurak eragindako gorritasunari aurre egiteko: «Mendira joateko erabiltzen diren galtzerdiak eta eskularruak jar ditzatela. Ez dago hori bezain prebentzio eraginkorrik. Gorputzeko tenperatura mantentzea da gakoa».
De Sotok azaldu du zer diren ospelak: «Zirkulazio edo odol hodietako, arterioletako, arazo bat dira. Kasu batzuetan hodi horiek ez dute behar bezala erantzuten hotzaren eta hezetasunaren aurrean. Hala, sakonen dauden hodiak uzkurtu egiten dira, eta, horren ondorioz, kanpokoak handitu egiten dira. Horrek eragiten du gorritasuna. Baina min ematen dutenak barrukoak dira». Azala ere kaltetzen da, zartatu egiten baita. Nahiz eta gero onera etorri.
Batez ere behatzetan eta eskuetako hatzetan, belarrietan eta sudurrean agertzen dira. «Hor bukatzen dira odol hodi asko, eta, ondorioz, gorputz atal horiek sentiberagoak dira hezetasunaren eta hotzaren aurrean». Hotza da ospelak agertzeko akuilua. Hori dela eta, lurralde hezeetan eta muturreko tenperatura aldaketak dituzten herrietan ohikoak dira. Normalean leku bakar batean ateratzen dira. «Gazteen artean normalena hatzetan ateratzea da; eta helduetan eta adinekoetan, belarrietan. Gainera, askoz kasu gehiago daude emakumeen artean gizonezkoetan baino. Ziurrenik, azken hori izango da emakumeen odol hodien sentsibilitatea handiagoa delako». Gaztetan gehiago izaten dira. «Adinean aurrera joan ahala, odol hodien sentsibilitate hori hobetuz doa». Normalean, gainera, ez dira behin bakarrik ateratzen. Hotza egiten duen garaian ateratzen dira.«Epe jakin batean izaten dira, gainera».
Askok ez diete behar beste garrantzi ematen, eta ez dira joaten medikuarengana. «Berez, ez da larria ospelak edukitzea. Baina kasu gutxi batzuetan, ospelak beste gaixotasun batzuen sintoma izan daitezke: lupusa, odoleko nahasmenduak, hezur muinak behar baino zelula gehiago sortzea... Komeni da medikuari kontsulta egitea».
Tratamendua baino gehiago, garrantzitsuena prebentzioa dela ohartarazi du De Sotok: «Gakoa gorputzeko tenperatura mantentzea da. Horrek ez du esan nahi bero handia izan behar denik, baizik eta neurrian». Horretarako, eta ospelak batez ere behatzetan eta eskuetako hatzetan ateratzen direnez, eskularru eta galtzerdi on batzuk erostea gomendatu du. «Edozein krema baino dezente eraginkorragoa da hori». Mendira joateko erabiltzen diren horietakoak jartzea gomendatu du. Askori deserosoak iruditzen zaizkie egunerokoan erabiltzeko, potoloegiak direlako. Baina De Sotok gogorarazi du ehungintzaren industriak gero eta ehun eta zuntz «sofistikatuagoak eta hobeak» erabiltzen dituela. «Finagoak izateaz gain, hobeto mantentzen dute beroa». Prebentzio eta tratamendu zailena sudurrekoek dutela onartu du. «Ezin direnez estali, botikekin tratatzen dira».
Eskularruak onak izatea bezain garrantzitsua da une aproposean jartzea. «Askok kalera atera arte itxaroten dute eskularruak jartzeko, baina, ospelak edukitzeko joera edukiz gero, beranduegi da hori. Etxetik atera aurretik jarri behar dira. Izan ere, hotzaren kontaktu txiki batekin atera egin daitezke», azaldu du De Sotok.
Prebentzio neurri horiekin arazoa konpontzen ez bada, botikak hartzen dira. Zirkulazio arazoak eta hipertentsioa tratatzeko botikak dira agintzen dituztenak. «Egunean pare bat aldiz hartuta nahikoa litzateke. Normalean, denboran luzatzen diren tratamenduak izaten dira». Badira odol hodiak handitzeko botikak ere. Kasurik gehienetan tratamendu horiek ahotik hartzen dira: «Oso eraginkorrak dira, baina kasu batzuetan zeharkako ondorioak izan ditzakete horiek». Baina badira azaletik hartzekoak ere. Nitroglizerinako kremak dira gehien erabiltzen direnak.
Hotzaren alderdi ospela
Hotzarekin hasten zaizkio agertzen jende askori ospelak hatzetan, sudurrean eta belarrietan. Horiek ez izateko gakoa gorputzeko tenperatura mantentzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu