Atzekoz aurrera

Huntzak, bugainbileak, potoak

Askotariko landareak ipini dituzte salgai ‘Plantes pour tous’ azoka efimeroan, Bilbon: badira txikiak, zaintzeko errazak, loredunak, metro bat luze direnak... Bihar itxiko dute.

'Plantes pour tous' merkatu efimeroaren apalak beteta, gaur, Bilboko Silo espazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
'Plantes pour tous' merkatu efimeroaren apalak beteta, gaur, Bilboko Silo espazioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko urtarrilaren 24a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olatu berde bat dela esatea ez litzateke zehatzena, kolorearen nagusitasunak, hain justu, ageriago lagatzen baititu haren barruan topa daitezkeen ñabardurak, eta landareez ezagutza izpirik ez duenak ere sumatzen du ez dutela tonu bera: monsterak argiagoa du huntzak baino; zamifoliaren hostoek bereziki egiten dute dirdira, pareko beste espezie batzuen apaltasunarekin alderatuta; ficusaren tonuek marroirantz jotzen dute nabarmen, eta granate degradatu batek janzten du kalatearen figura. Ez dago loreen beharrik: landareen aniztasunari gorazarre egiten dio Plantes pour tous merkatu efimeroak, Bilboko Silo espazioan. Bihar arte egongo da zabalik.

Aukerak ez dira soilik kromatikoak. Ez baitu neke bera eragiten etxean tokia egiteak 30 zentimetroko poto bati, edo metro bat baino garaiagoa den bati. Emakume gazte batek monstera bat dauka behegainean utzi duen organ, eta beste batzuk begiratzen ari da goiko apaletan, gorputza luzatuta. «Alokairuan bizi naizenez, erraz lekualdatu daitezkeen landare txikiak behar ditut», azaldu du. Hori du irizpide bakar: espeziei dagokienez, ez du lehentasunik. Lagunekin batera etorri da, eta ostera aprobetxatuko du senide batzuentzat ere landareak erosteko.

Aloe vera txiki bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
Aloe vera txiki bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

«Harrera oso ona izaten ari da», adierazi du Iñigo Mata sarrerak kontrolatzen dabilen laguntzaileak. Urrian, Plants pour tous egitasmoak antzeko jarduera bat antolatu zuen hirian, eta eskaintza zabalago batekin itzuli dira oraingoan. «Orokorrean, prezioa da pizgarri nagusia», Matak aipatu duenez —0,99 euro kostatzen dute merkeenek—, «baina badaude bereziagoak diren landareak ere; adituren batek goraipatu dizkigu». Atzo zabaldu zuten merkatua, eta jende oldea ibili zen goiz-goizetik, laneguna izan arren; bigarren egunean, nahiz eta 11:00ak ere ez diren, kostatu egiten da aurrera egitea, apal batzuk hutsik daude daborduko, eta lur arrastoak baino ez dituzte erretiluetako zenbaitek.

Poltsak, beteta

Horietako bat baliatu dute bi andrek hautatu dituzten dozena erdi landareak eramateko; erretilua lepo dute jada, eta oraindik arakatzeko dituzte apal gehienak. «Erraz zaintzen diren loreen bila gabiltza», esplikatu dute. Bikote bat ordaintzeko ilaran kokatu da. Haiek ere betea dute orga. «Ez dut landareei buruz asko ulertzen», ohartarazi du gizonak berehala, eta hori dela eta hobetsi dituzte haiek ere erraz zaintzekoak diren horiek. Hala ere, atentzioa ematen du lore txiki morez jositako bugainbilea handi batek.

«Orokorrean, prezioa da pizgarri nagusia, baina badaude bereziagoak diren landareak ere»

IÑIGO MATA Atezaina

Gutxik dituzte eskuak hutsik; oparotasun horren artean, bitxikeriaren parekoa da ordaintzeko zain dagoen gizonetako bat, esku ahurrean kabitzen zaion sukulenta bat baino ez darama eta. Landare sortak paparrean bermatuak dituzte gehienek, eta baten bati aurpegia estaltzen diote hostoek. Antolatzaileen ohartarazpena da: «Ekarri poltsa handiak, beharko dituzue eta». Merkatura sartzear dagoen emakume batek lauzpabost daramatza, eta poltsa mardulekin zamatuta daude, orobat, Plantes pour tous-etik atera berri diren erosleak: erraz ezagutzen dira Olabeagako kaian barrena, hostoek gainez egiten dute eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.