Ia

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Gozo egoten da hemen. Jatekorik eta edatekorik ez zait falta, pipatzekorik ere ez. Leihoa ireki eta mundua daukat eskura: filmak ikus ditzaket, era guztietako lehiaketak, futbol partidak zuzenean munduaren beste puntatik, auzoaren atxiloketa; zernahi, baita kanpoan zer eguraldi egiten duen ere; ondo dator berogailua zenbat denboraz piztu behar dudan jakiteko. Beira bikoitzeko leihoei esker, ia ez ditut entzuten anbulantzien sirenak eta umeen kurrixkak. Leherketaren bat ere izaten da lantzean behin, baina badakit ez dela izan zauriturik, badakit petardoak direla, txapliguak, festa dela herrian, pozik garela, irabazi egin dugula; aspaldi da irabazleen alde gaudela. Aholku onei kasu egiten ikasi genuen: sekula ez egon galtzaileen alde, eta are gutxiago irabazleen kontra.

Gozo egoten da hemen. Hotz-beroa ez da ia aldatzen urtaroen arabera. Azkenean gailendu gatzaizkio naturari. Etxetik irten gabe munduaren gainetik hegan egin dezaket, joango ez naizen hirietako lekuak ikusi goitik, mapak aztertu, argazkiak ikusi; hantxe egonda baino hobeto ezagut ditzaket munduko bazterrak. Sareak harrapatuta nauka: liburuak irakur ditzaket, lagunekin hitz egin, musika entzun, museoak bisitatu begiz harrapa ezin daitezkeen ñabarduretan laketuz, hau bezalako artikuluak irakurri, argazkiak ikusi, iritzi trukeetan muturra sartu anonimotasunaren babesetik, ezagunen orrietan sartu zertan dabiltzan ikusteko, hizkuntzak ikasi, jolas egin, jolasean ibili jendearekin.

Gozo egoten da hemen. Lagunek esaten didate irteteko noizean behin bunkerretik. Zertarako? Zer dago ba kalean, polena eta jendea besterik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.