Eguraldia lainotuta bazegoen ere, 27 gradu markatzen zituen termometroak atzo goizean Bilbon. Nahiz eta eguzkia lagun ez izan, konpartsek urteroko ohiturari jarraipena eman zioten.Ostiralean, Aste Nagusiko egun handian, konpartsetako kideek ur jolasak antolatzen dituzte, euren artean lehia sanoan aritzeko.
Goizeko hamaikak aldera ekin zioten ekitaldiari. Pixkanaka-pixkanaka jendea hurbilduz joan zen Uribitarte inguruko itsasadarrera. Virginia Berasategi pregoilaria eta Nerea Orizaola txupinera ere joan ziren. Horiek,jai batzordeko kideekin batera, jolasen nondik norakoak azal- du zituzten modu praktiko batean.
Guztira hamahiru konpartsa animatu ziren jolasetan parte hartzera, baina batzuek elkarrekin eman behar izan zuten izena; Mamiki eta Sin Kuartel konpartsek, adibidez. Konpartsa bakoitzetik lau lagun aritu ziren probetan, eta gainontzeko kideek animatzen jardun zuten. Gehienak mozorrotuta agertu ziren; izan ere, jantzi berezi barik joanez gero, bost segundo gehiagorekin zigortzen zituzten taldeak. Hala, maitagarri, pirata edota erle jantzitako parte hartzaileak ikus zitezkeen edonon.
Estropadak eta piraguak
Bi jolasetan aritu ziren atzo goizean. Lehenengoan, konpartsa bakoitzeko lau kide estropadan aritu ziren, 150 metroan, joan eta etorri. Bigarrenean, elkarrekin lotuta zeuden bi piraguatan ibaia alde batetik bestera gurutzatu eta bertan zegoen tirolina batetik salto egin behar izan zuen ontziko lehen partaideak.
Erraza zirudien, baina antolatzaileek ontzi bakoitzeko lehen kideari begiak estaltzeko agindu zuten, jolasa zailtze aldera. Hala, orientazio faltagatik eta uraren korronteagatik desbideratutako piraguaren bat ikus zitekeen Ibaizabalen, Hor Dago Abante konpartsako kideak adibidez, hamar minutu baino gehiago eman baitzuten uretan bueltaka. Proba guztien emaitzen arabera, Satorrak, Txori Barrote eta Hau Pittu Hau konpartsak izan ziren azkarrenak, hiru eta lau minutu arteko denborekin.
Bilboko Aste Nagusia
Ibaizabalgo uretan jolasean
Mozorrotuta eta umore onez aritu dira konpartsetako kideak bateletan eta piraguetan, lehia bizian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu