PROPOSAMENAK

Ibarren handitasunean

Ibilbide asko egin daitezke Larrainen: besteak beste, Erroimendikoa. Nafarroarekin muga egiten du Zuberoako herriak

Lehen malda igo ondoren ikusten den paisaia: Larraine herria. BOB EDME.
Leire Casamajou Elkegarai.
Atharratze
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Holtzarteko zubia, Pistako ur jauziak, Bizkarze eta Orhiko tontorrak, eta beste hainbeste. Larraine (Zuberoa) ibiltarien paradisu bat izan daiteke. Mendiz inguraturik, paisaia zoragarriak eskaintzen dizkie bere herritarrei, eta baita egunero joaten diren mendizaleei ere.

Behin han, Irati eta Nafarroako bideak elkartzen diren bidegurutzean, herrirantz doan bidea hartu behar da Erroimendiko ibilaldiaren hasteko: etxeen artetik pasatzen da, iturri bat duen plazatxo bateraino. Leku hori aukera da ibiltarientzat, haien xahakoaren betetzeko, iturriak eskaintzen duen edateko ur onarekin. Ibilaldiak, gero, bi ordu eta erdi inguru iraunen du. Orain, ibilaldia behin betiko has daiteke!

Eskuineko lehen karrika hartuz, Karrikaburu izeneko tabernaren aitzinetik pasatzen da. Gero, zuzen jarraitu behar da, gora, hormen arteko traktore pista baten zeharkatzeko; eta pista nagusian egon behar da agertzen diren bi bidegurutzeetan ezkerrera hartuz. Bidea, ondotik, borda baten aurretik iragaten da, eta beti gorantz doan pistatik segitu behar da. Burua itzuliz, Larraine ikusten ahal da behealdean.

Xendra pista ezberdinen bidegurutzean dago. Horren segitzeko, eskuinera hartu behar da, iratzeen erditik iraganez. Igotzen den bide bat da, eskuinera hartzen den pista bateraino; beti gora. Geroago, ur dorre baten aitzinetik pasatzen da, eta bihurgune batean dagoen beste bide batetik jarraitu behar da. Hori bai, kasu egin ez nahastea: pista nagusia utzi behar da goi ordoki bateraino iritsi gabe.

Beraz, bihurguneko bidea hartu behar da, gaitzagoa bilakatuko dena aitzinatu ahala. Pista bateraino heltzean, metro batzuez eskuinerantz ibili beharra dago.

Ezkerrera doan bidexka hartuz, oihana zeharkatzen da, eta Saint Joseph kaperaren aitzinetik pasatzen. Kapera, lehen, Donejakue bidea egiten zuten ibiltarien aterpea ere izaten zen. Garai batean, beilariek Iruñera arte joateko xedea zuten Larraineko bortutik iraganez. Kaperaren ezkilak segitu beharreko norabidea erakasten zien etorri berriei, aro txarra zenean galdu zirenei.

Hortik, dagoen pista bakarra jarraiki behar da basotik ateratzeko. Pista utzi, ezkerrera ibili behar da: xendratik kanpo igoz eta berriz ezkerrerantz abiatuz, lepo bat ageri da. Fite, xendra zahar bat ikusten ahalko da, ardien utzitako aztarnen artetik.

Bukatzeko, bidea uzten ahal da eta eskuinera igo sorbalda zabalari jarraituz. Abiapuntura itzultzeko azken metroak gutxi dira eta errazak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.