Eratsungo, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo herriak Malerreka zeharkatzen duen Ezkurrako errekaren eskuinaldeko mendietan badaude ere, Loitzatetik Iruñarrira eta Erakurrira luzatzen den gailur lerroaren iparralderaino hedatzen dira beren udalerriko lurrak, Goizuetako mugaraino. Bada eremu horretan dago Urumeako ibaiadar nagusietakoa den Zumarreztako bailara mehar bezain bakartia, eta haren goialdeko zabalgunean, mendien artean ezkutaturik urrun aurkitzen dira artean tximinietatik kea darien Eratsungo eta Beintza-Labaiengo azken etxeak: Asura.
Ibilbidearen abiapuntura iristeko Saldiasko bidegurutzearen parean NA-170 errepidetik abiatzen den porlanezko errepide estutik gora igo behar duzue, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo udalerrien artean banatuta dagoen Urrutiña auzoko azken baserrietaraino. Bihurgune itxi batean, Arretxe baserriaren aurrean utz dezakezue autoa, leku askorik egon ez arren, ibilbideari ekiteko aproposa baita (570 m). Porlanezko bidetik aurrera eman behar dituzue lehen urratsak, gertu dagoen Alduntzin baserriraino. Hor, atariko bihurgunetik aurrera, porlana amaituko da, baina lurrezko pistan barrena jarraitu zuek. Bihurgune batzuk emango ditu altuera irabazteko, eta lehen bordara iritsiko zarete, belardi baten ondora (700 m). Hortik aurrera, Iruñarri tontorreko errepikagailua bistan duzuela, bide nagusiak erreka-zulo bat gainditu eta zehar-zehar altuera emeki-emeki hartuz Meaka mendi lepo zabaleraino eramango zaituzte (790 m). Ezkerrean, historiaurreko trikuharri baten arrastoak dituzue, baina inguru horietako megalitorik ikusgarriena aurreko tontorreko errepikagailura igotzen den errepidearen aldamenean dago, zutik: Iruñarriko zutarri edo iruinarria; lurrean sarturik dagoela kontuan hartu gabe, ia hiru metro luze da harritzarra.
Asurara jaisteko sakanean behera barneratu behar duzue. Baina tentuz ibili, lehen zatian behintzat ez baitago bide garbirik eta bide seinale nahiz koloretako markarik ez baita horraino iritsi. Ganadua ez pasatzeko kanadar pasabidea igarota eskuinera jo, erreka zulorantz. Errekara iritsi baino lehen aurkituko dituzue zidor baten arrastoak, behera jaitsi ahala gero eta garbiagoak. Mazela batetik bestera igaroko da bailararen ezker aldetik jaisten baita. Laster nabarmen behera egin eta bigarren erreka-adar bat zeharkatzeko ibilbideko lehen zubitxoa topatuko duzue.
Metro gutxi batzuk gora, eta borda batera iritsiko zarete: Asentsoren borda; ohikoa den moduan lizar batzuk ditu aurrean, beste eraikin txikiago bat alboan eta harresiz inguratutako belardia atzean. Behin hori atzean utzita, erreka nagusia beti eskuinean duzuela, sakan bakartian aurrera egin hurrengo bordaren bila, bidezidor jatorra bordaz borda baitoa beherantz, galbiderik gabe. Zaindutakoak dira batzuk, eta erabiltzen dituztenak oraindik ere; eroriak eta hondatuak gehientsuenak. Erreka zalapartatsuak bihurgune nabarmena ematen duenean, lehen aldiz eskuin ertzera igarotzeko, bigarren zubia topatuko duzue, eta, handik laster, borda baten hondakinen parean, hirugarrena (500 m). Berriro ezker ibaiertzean berehala egingo duzue bat baso pista batekin. Orduan, segi beherantz bailara nagusiko erreka gainditzeko porlanezko zubiaren bila (475 m). Metro batzuk igo eta Zumarreztako bailaran gora datorren pistara irtengo zarete. Hor, noranzkoz erabat aldatu eta pistan aurrera ehunen bat metro egin ondoren agertuko zaizue berriro Asura begi bistan.
Arma lantegi izandakoa
Oinplano karratu bat da Asurako olaren jabeak eraikitako etxea, lau isurkiko eraikin dotore bat, jauregi tankerakoa, nahiz eta gaur egun baserritarrak bizi diren bertan. Jaitsi duzuen sakaneko eta bailara nagusiko erreken bat-egitean burdinolabat izaten zen, 1744an produkzioa behin betiko eten zuena, olajaunaren etxearen azpialdean. Duela hiruzpalau mende, arma lantegi garrantzitsua izan zen, beherago dagoen Zumarreztako burdinola izan zenaren modukoa. Eratsungo lurretan dago, eta antzina, bertakoak ile gorrikoak omen zirenez, Asura Gorria esaten zioten; pistan gorago dagoena, berriz, Beintza-Labaiengo udalerrian dago, eta Asura Beltza litzateke, etxe horretakoak beltzaranak zirelako.
Hirugarren eraikin berritu bat ere atzean utzi eta pista zabalean aurrera egin, harik eta bidegurutze garrantzitsu batera iritsi arte (510 m). Hainbat bide eta errekek bat egiten dute hor; adi ibili, beraz. Utzi pista nagusia, eta eskuinera hartu berehala errekastoa gurutzatuz ezkerrera egiten duen bide harritsua. Maldan gora laster bihurgunea eman eta norabide zuzenean Sorginzelaietara daraman sakanean barneratuko da. Nahiko bide-adar badago, baina ez kasurik egin, zehar-zehar igotzen doanari eutsi, tarteka zikin samarra badago ere, emeki-emeki altuera irabaziz. Ohartzerako lepoan izango zarete, belardiz inguratutako borda batetik gertu (745 m), historiaurreko mairubaratz baten alboan. Usotegietako lepoa Sorginzelaietan barrena Urrutiñarekin lotzen duen pista zabala topatuko duzue hor. Hari segika, beraz, abiapuntura iristeko ez duzue inolako zailtasunik izango.
Mendi ibilaldia
IBILBIDEA. Asura, bide zaharretatik
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Nafarroa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Saldias, Urrutiña auzoa, Azango meaka, Iruñarri, Asura, Sorginzelaieta
- Distantzia: 10,2 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 45 mn.
- Ingurunea: Bidasoaren eta Urumearen goi arroak banatzen dituzten mendietan murgilduko gara, bidezidor zaharretatik, Zumarreztako bailaran gorderik dagoen Asurara iristeko.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu