Ezarian. Bilboko ibiltari sarea

Ibiltariak, eta baita lagun ere

Ariketa fisikoa egiteko ohitura herritarren artean sustatzea eta elkarren arteko harremanak ere bideratzea. Bi helburu horiekin elkartzen da astean bitan Bilboko ibiltarien sarea, bi orduko ibilaldiak egiteko.

Bilboko ibiltarien sarea adin guztietako pertsonentzat den arren, batez ere adineko pertsonek hartzen dute parte. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bilboko udaletxe parean dago jarrita ordua. Eguerdia izateko ordu bat falta denean, lagun talde bat bildu da, eta Abandoibarra etorbiderantz abiatu dira denak beroketa ariketak egiteko. 60 pertsona inguru dira, eta biribilean jarri dira, denek elkar ikusteko moduan. Erdian daude bi begirale, une bakoitzean egin beharreko ariketak zein diren azaltzen. Asteguna da, eta jende ugari dabil Bilboko erdialdean. Ingurutik igarotzen diren guztiek harrituta begiratzen diote beroketa ariketak egiten ari den taldeari, ez baitakite zertan ari diren. Amaitu dituzte beroketak, eta talde osoa Euskalduna jauregirantz abiatu da. Oinez, eta solasean. Horretarako elkartu baitira.

Bost urte dira Bilboko osasun eta kontsumo sailak ibiltarien sarea martxan jarri zuenetik. Iñaki Aldamizetxebarria Bilboko Osasun eta Kontsumo saileko teknikariak honela azaldu du zer den egitasmoa: «Osasun programa bat da ibiltari sarea, ariketa fisikoa egiteko asmoarekin sortu zena». Beraz, ibiltzeko ohitura sustatzea du helburu jarduerak, baina harago ere badoa. «Harreman sozialak zabaldu eta oinezkoen artean adiskidetasun harremanak ere ezarri nahi dira». Eta bi helburuak Bilbotik paseoan lorditzakete parte hartzaileek. Ibilian doazela ondoan duten pertsona gehiago ezagutuz.

Proiektua abiatu zenetik milaka bilbotarrek egin dute bat astean birritan egiten dituzten ibilaldiekin. «Eguraldi ona edo txarra egin, fidelak izaten saiatzen gara». Cecilia Iza bere lagun Abeline Loroñorekin doa paseoan eta berbetan. «Gaurkoan, behintzat, itzelezko eguraldia tokatu zaigu». Gaurko lehen mintzagaia horixe izan dute Izak eta Loroñok, baina «familiari eta egoerari ere begiratu bat» ematen diote ibilaldi horietan. Deustuko gimnasio batean ezagutu zuten biek elkar, eta elkarrekin hasi ziren paseoetara azaltzen, «zerbait gehiago egiteko asmoarekin», Izaren arabera. Urtarrilean abiatu zen aurtengo ibiltari sarearen egitaraua, eta ordutik ia asteroko ibilaldi guztietara joan dira, zintzo demonio. Geroztik adiskidetasun harreman ugari lortu dituzte. Loroñoren arabera: «Lagun ugari egin ditugu ibilaldi hauek direla medio, eta laster gara afariren bat egitekoak».

Egitasmoa adin guztietako pertsonentzat da. «18 urtetik gorako edonorentzat», zehaztu du Aldamizetxebarriak. Baina Abandoibarran behera doan taldeari begiratuz gero, ez dirudi baldintza hori askorik betetzen denik. Gehienak adineko pertsonak dira. «Adineko pertsonentzako programaren barruan txertatu dugu ibiltarien sarearena, eta, horregatik, adineko pertsonak inguratzen dira gehien». Horrez gain, anbulatorioen bidez ere ibiltari sarearen inguruko informazioa eskaintzen diote «hala behar duten pertsona guztiei». Edozein modutan, apurka adin tartea zabaltzen saiatuko dira Udaleko osasun sailetik.

Etxetik irtetea, «onuragarria»

Bakoitzak bere erritmoan egiten du ibilbidea, ahal duen bezala. «Lagun taldeetan erritmoa eskasen dagoenak jartzen du», Aldamizetxebarriaren arabera. «Hizketan joan ahal izateko erritmoa izaten da oro har», biribildu du. Eta hala doaz Guggenheim museoa igaro ondoren ere. Taldea apur bat sakabanatu da, baina lantzean behin aurrean doan begiraleak ibiltariak geldiarazi egiten ditu denak bil daitezen. Artzainaren lanarekin parekatu du hori Endika de Felix begiraleak, irri artean. «Hala ere, batzuetan kosta egiten da batzuen erritmoa mantsotzea. Euren abiadura hartu eta ez dira gelditu ere egiten». Eta ez hori bakarrik, «lantzean behin asteko erosketa orga daramatela azaltzen dira zenbait ibiltari». Kirola egiteko aproposena izan ez arren, bakoitzak bere nahi eta baliabideen arabera egiten du ibilaldia. «Denetariko kasuak daude, baina batzuk euren etxetik etortzen dira oinez geldituta gauden tokira, ibilaldia egin, eta berriz ere itzultzen dira etxera. Itzelezko sasoia daukate!».

Kontu garrantzitsua da hori, De Felixen arabera, baina are beharrezkoagoa da adineko pertsona horiek etxetik irtetea: «Programaren helburu nagusia ez da ibiltzea, etxetik irtetea baizik. Pertsona asko ez baitira etxetik irten ere egiten». Ondoan du Iza, eta jarrera hori duten pertsonei erantzun die. «Etxean geldirik egonda gogortu egiten da gorputza, eta ez hori bakarrik, behar ez diren gauzak pentsatzen hasten zara». Beraz, bakardadeari izkin egiteaz aparte, bestelako pentsamendu negatiboak uxatzeko ere balio duela nabarmendu du. «Halako pentsamenduak edukitzea ezin da saihestu adin honetan, baina uneoro gai berarekin biraka ibiltzea are okerragoa da».

Bildu da berriz taldea, eta Euskalduna ingurura iristen ari dira. Bakarrik doan emakume batengana inguratu da De Felix, eta hitz bi egin dizkio. «Hori ere bada gure lana, bakarrik doazen pertsonengana inguratu, eta taldetxoetan barneratzen laguntzea. Baina, oro har, ez da horretarako behar handirik izaten, oso ondo hartzen baitituzte partaide berriak». Asterik aste maiz azaltzen dira, gainera, ibiltari berriak. Sareko paseoetan parte hartu ahal izateko ez baita ezer egin behar. «Dagokion orduan azaldu behar den lekura. Besterik ez», Aldamizetxebarriaren esanetan.

Urtetik urtera ibiltari gehiago

Taldearen amaiera aldean geratu da Miren Zabala. Egitasmoa martxan jarri zenetik hartzen du parte ibiltarien sarean, eta bera ere oso gustura dago egitasmoarekin: «Guri onurak besterik ez dizkigu eragiten». Ez da egiten duen ariketa bakarra izaten, baina beharbada bai gustuen egiten duena. «Giro polita sortu da gure artean, taldetxo polita sortu ahal izan dugu». Apurka handitu joan den taldea izan da gainera, Aldamizetxebarriaren hitzetan: «Hasierako taldea aldakorragoa zen, baina orain eguraldi ona zein txarra egin jende ugari inguratzen da». Edozein modutan, ohi baino pertsona gutxiago inguratu da azkeneko paseora. «Askok hasiak dituzte Aste Santuetako euren oporrak, eta hori ere sumatzen da».

Luzera begira, gainera, proiektuak zabalpen handiagoa hartzea espero du Aldamizetxebarriak. «Egitasmoaren lehen pausoan gaude orain. Etorkizunean auzoz auzoko taldeak sortu nahiko genituzke». Baina talde horiek ez lirateke Udalak bultzatuta sortuko, alderantziz. Herritarrek eurek sortzea nahi dute, eta, ondoren, Udalak «behar diren azpiegiturak eskainiko lituzke». Begiraleak, esate baterako. «Monitoreek ez lukete bultzatzaile edo protagonista izan behar, laguntzaile baizik». Eta auzoz auzoko talde horiek une honetan Bilbo osorako martxan dagoen sarearen barruan sartuko lirateke.

Kontuak kontu, orain, ibiltarien sarea Bilboko auzo guztietatik igarotzen da. «Hiria ezagutzea ere bada asmoa», De Felixen arabera. Besteak beste, Errekalde, Deustua, Txurdinaga, Olabeaga, Artxanda edo Abandoibarrako pasealekutik egiten dituzte ibilaldiak, eta, oraingoz, oso harrera ona eduki dute. «Oso gustura egiten ditut», dio Zabalak. Aparteko zailtasunik gabeak direla azpimarratu nahi izan du, nahiz eta lantzean behin aldaparen bat tokatzen zaien. «Kasu horietan, gehiago kostatzen zaigu ibilaldia egitea, baina, tira, apurka-apurka amaitzen dugu».

Espresuki denentzako moduko ibilaldiak lantzen saiatzen dira Udaletik. Bi ordu ingurukoak izaten dira, eta sei kilometrokoak. «Aldapa askorik ez dugu sartzen», Aldamizetxebarriaren arabera. Iza eta Loroñok, ordea, Artxandako ibilbidea hartu dute gogoan, aldapatsua delako. «Baina behin gora iritsi ondoren, oso paseo polita da». Hori esanda iritsi dira biak Euskalduna jauregiaren beheko aldera, Itsasadarra itsas museoaren parera, hain zuzen. Han, beste ariketa batzuk egin dituzte, eta aurrera jarraitu dute ibilaldiarekin, Casilda Iturrizar parkerantz. Handik berriz ere abiapuntura itzuli dira, eta zenbait ibiltariren artean aipatu dute txangoaren ondorengo kafea hartzera joatekoa. «Hemen sortzen den harremana ez da soilik ibilaldi egunetarako, eta hori da onena», dio De Felixek. Izan ere, taldeko kideek elkarren artean giro ona baldin badaukate, hori paseoetan ere sumatzen da. Beste batzuek etxeratzeko garaia delako ustetan agurtu dituzte gainerakoak. «Bazkaltzeko garaia ere bada!». Datorren asteartean, ziurrenik, berriz ikusiko dute elkar Errekaldeko ibilaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE