Hizkuntzalaria

Irati Urreta Elizegi: «Idatzi bezala irakurtzeko joera dute maiz hiztunek, bereziki maila jasoan»

Hizkera mailek euskararen ahoskera aldatzen dute batzuetan; ez beti. Irati Urretaren arabera, horretan eragina dute euskara ikasteko moduak, idatziaren garrantziak eta artifizialtasun sentipenak.

Irati Urreta Elizegi, duela egun batzuk, Ikaztegietako elizako arkupeetan. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urreta Elizegi, duela egun batzuk, Ikaztegietako elizako arkupeetan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Ikaztegieta
2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiztunen hizkera maiz aldatu egiten da testuinguruaren arabera, eta horregatik daude hizkera mailak: lagunarteko hizkeratik hizkera jasorainokoak. Irati Urreta Elizegi hizkuntzalariak (Alegia, Gipuzkoa, 1997) continuum horretako bi ertzei erreparatu die bere tesian, lagunarteko euskarari eta euskara jasoari, eta aztertu du ea euskararen ahoskera aldatzen ote den hizkera mailaren arabera, Ikaztegietako (Gipuzkoa) zortzi eta Baigorriko (Nafarroa Beherea) beste zortzi hiztunen ahoskerak aztertuta. «Lehen hurbilketa bat izan da», Urretak azaldu duenez.

Ahoskera aldatzen al da hizkera mailaren arabera? 

Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Ikaztegietan burue eta mendie lagunartean esaten dute, eta maila jasoan, burua eta mendia. Galdetu genien ea aldaketa hori egingo luketen ETBko dokumental baterako, eta zalantzarik gabe esan zuten baietz, ez zutela maila jaso batean burue edota mendie ahoskatuko. Gauza bera Baigorrin: burüa eta leküan lagunartean, eta burua eta lekuan maila jasoan. Beste batzuetan, berriz, ez da aldatzen: metodologia [gaztelaniazko jarro bezala], Ikaztegietan lagunartean eta maila jasoan. Baigorrin batzuetan metodologia [ogia bezala] esaten dute, eta beste batzuetan metodologia [frantsesezko je bezala]. Hori ere bietan. Ondorio nagusietako bat izan da zein diren aldakortasun hori baldintzatu lezaketen eragile orokorrak. Nire lanak horretarako balio lezake.

Eta zein dira?

Batetik, euskara ikasteko modua. Oro har euskara etxean ikasi dutenek aldakortasun gutxiago erakutsi dute euskara etxean ikasi ez dutenek baino. Ikaztegietan, adibidez, euskara etxean ikasi dutenek lagunartean burue esaten dute beti, eta jasoan, burua; besteek askotan lagunartean ere burua esaten dute. Baigorrin ere antzeko.

Zergatik?

Irakaskuntza formalaren bidez euskara bereganatu dutenei dagokienez, gehienbat irakasten den aldaera nagusia euskara batua izaten da, eta hor burua hobesten da. Bestetik, idatziaren eragina: burua ua letrez idazten denez, ahoskatu ere hala egiten dute. Hain zuzen ere, irakaskuntzan lehentasuna idatziak izan ohi du, eta ez da horrenbeste lantzen ahozko ahoskera bera.

Idatziaren eragina oro har ere nabari da, ezta?

Beste eragileetako bat da hori. Idatzia benetan da baldintzatzaile indartsua. Idatzi bezala irakurtzeko joera erakutsi dute askotan hiztunek, bereziki maila jasoan. Adibidez, ez + da eta ez + du bezalako kontsonante bilkurak ditugunean, bai Baigorrin, bai Ikaztegietan, lagunartean beti ezta eta eztu esaten dute. Aldiz, maila zaindura pasatu direnean, euskara etxean ikasitakoek egin dute aldakortasun hori bereziki: maila jasoan, ez da edo ez du. Galdetu diegu ea zergatik egiten duten aldaketa hori, eta eurek esan dute euskara batuan horrela egin behar dela, idatzi d letra egiten delako.

Eta hori ez da guztiz horrela.

Harritu egin dira jakitean EBAZ euskara batuaren ahoskera zaindurako arauan zehazten dela ahoskabea dela, hau da, ezta edo eztu. «Orduan, ni zergatik ari naiz hori aldatzen?».

Euskarazko hedabideek izan dute eraginik horretan?

Baigorrin garajea ahoskatzen dute [frantsesezko je bezala], baina jasoan, garaje ahoskatzen dute [gaztelaniazko jarro bezala]. Hots hori ez da Iparraldekoa, gaztelaniaren ahoskera delako, Hegoaldean erabiltzen duguna eremu zabal batean. Orduan, harritu egin nintzen: esan zidaten jakitun daudela ETB1en batez ere Hegoaldeko ahoskera entzuten dela, eta beharbada ahalegin hori egin behar luketela... Eragin hori bazegoen.

Eta euskara batua ez da bat eta bakarra.

Euskara batuak daude, eta ez da euskara batu bera Ikaztegietakoa eta Baigorrikoa, baina biak izan daitezke batu. Euskara batuaren barnean ere, gainera, izan daitezke hizkera mailak: lagunartekoagoa edo zainduagoa. Eta gauza bera euskalkiaren barnean: euskalki batek izan dezake hizkera maila lagunartekoagoa eta zainduagoa. Baina horretan oraindik badago koska bat.

Izan ere, ikus-entzunezko batzuetako lagunarteko euskara batuari, noiz edo noiz, artifizialtasuna egotzi izan zaio.

Bai, nahasi direlako euskara batua maila jasoekin, eta euskalkiak lagunarteko erabilerekin. Hala ere, egia da euskara batua sortu zela bereziki maila jasoetarako, baina gaur egun euskara batuaren erabilerak beste batzuk ere badira. Gogoan izan behar da hiztun askok duten aldaera bakarra euskara batua dela, eta haiek maila jasoetan ez ezik lagunartean ere erabili behar dute. Horretarako ere baliabideak ematea garrantzitsua da.

Badago, beraz, zertan sakondu euskararen ahoskeraren unibertsoan.

Bai, noski. Euskararen ahoskeraren barnean, eta baita hizkera mailei dagokien horretan ere. Uste dut euskararen ahoskerari arreta jartzea dela erronketako bat; izan ere, askotan idatziak edo gramatikak hartu dute tokia, bai irakaskuntzan, bai hizkuntzalaritzan, eta ahoskerak ere badu bere garrantzia, besteak beste, erdal ahoskeren sargune nagusia delako euskararen ahoskera. Askotan ohartzen zara ahoskerari ez zaiola hainbesteko arretarik jartzen.

lotsabako

Maila jasoan nork ahoskatzen du ondo?
Xabier Usabiagak.

Eta lagunartekoan?
Nire ahizpak.

Ondo ahoskatzen duzu?
Zer da ondo ahoskatzea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.