Ikerlaria eta Baionako Euskal Museoko dokumentalista

Ihintza Marguirault Arrosagarai: «Idazle eta artista ezezagunen eta ahantzien dokumentu anitz ditugu»

Bederatzi urtez aritu da tesia ontzen, Kanadan. Euskal Herrira itzuli ondoan, Baionako Euskal Museoan sartu zen, dokumentalista gisa. Artxibategiko «altxor ahantziak» ezagutzen ari da, eta, preseski, horiek jendeari helarazteko zailtasunez mintzatu da.

(ID_15567549) (Nahia Garat) Ihintza Marguirault. Baiona, Gaztelu Berriko Euskal Museoa, 2025/12/01
Ihintza Marguirault, Baionako Euskal Museoko artxibategian. NAHIA GARAT
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako Euskal Museoko dokumentalista da Ihintza Marguirault Arrosagarai (Ziburu, Lapurdi, 1988). Egunak museoko liburu eta funts gordeen artean pasatzen ditu, fakultate ondoan den gaztelu irudiko harrizko eraikinean. Horra heldu baino lehen, bederatzi urte pasatu ditu mikmaken eta euskaldunen arteko interindigenitatea aztertzen, Kanadako Cape Breton uhartean, bertzeak bertze. Kanadara lan egitera joan ziren euskaldunen aztarnak bildu zituen tesian, eta, lan horrengatik, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria kultur saria kausitu zuen azaroaren 22an.

Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria ukan berri duzu, euskaldunen eta mikmaken arteko interindigenitatea aztertzeagatik.

Ene tesi zuzendariak eta nik definitu kontzeptu bat da interindigenitatea. Ez dut uste arrunt bukatu dugun kontzeptua definitzen, arazo bati erantzuteko sortu baikenuen. Izan ere, ez da definizio zehatzik autoktono izateari buruz, eta, beraz, gogoetatu nahi nuen Ingalaterraren eta Frantziaren menpe zen lurralde horretan nolakoa zen euskaldunen eta mikmaken arteko harremana. Aztertu nahi nuen bi populu horiek zer harreman zuten eta nola erreakzionatzen zuten kolonizaziopean eta kolonialismoari begira. Zientifikoki horri begiratzeko sortu genuen interindigenitate kontzeptua: ingelesezko indeginity terminotik dator, hori baita bilatzen genuen horretatik hurbilen den hitza.

Bertzeak bertze, mapak baliatu dituzu euskaldunen eta mikmaken harremana eta presentzia aztertzeko.

XVI. eta XVIII. mendeen arteko populuen harremanak ikertu ditut. Mapak berreskuratuz eta toponimiari so eginez, entseatu naiz lurralde bat marrazten eta ikusten mikmakak non ziren, baina, batez ere, euskaldunak atzeman nahi nituen, euskaldun gisa erosoago bainintzen guhauren historian kaka sartuz ez eta besteenean. Lurraldea marrazturik, mapez gain, arkeologia baliatu dut, 1960ko hamarkadan egin indusketak aintzat hartuz. Froga aski ahulak agertu zitzaizkidanez, Louisbourgeko XVIII. mendeko artxiboetako datuek —beste datuei gehiturik— berretsi zidaten euskaldunen kokapen zehatza.

«Artxiboetan euskaldunez mintzo ziren frantsesek beti hauxe idazten zuten euskaldunei buruz, frantsesez: 'Nazioz euskaldunak, euskaldunen naziotik etorritakoak'»

Laburbilduz, zein izan da tesiaren emaitza?

Euskaldunak euren kasa egoten zirela. Batzuk Louisbourgen gelditu baziren ere, gehienak arrantzara joaten ziren, eta hiriburuetarik urrun gelditu. Gehien markatu ninduena da jakitea garai hartan euskaldunak euskaldun zirela eta ez frantses. Artxiboetan euskaldunez mintzo ziren frantsesek ere beti hauxe idazten zuten euskaldunei buruz, frantsesez idatzirik: «Nazioz euskaldunak, euskaldunen naziotik etorritakoak». Frantziaren menpe izanik ere, haien nortasunean ez zen aldaketarik markatu.

Tesia bukaturik sartu zinen Euskal Museoan dokumentalista gisa. Orotariko artxibategia duzuela ikusirik, ikerketari lekua egiten diozue?

Bai, izan kanpoko ikerketari ala izan guhauren barne ikerketari. Argitara guti ateratzen diren altxorrak ditugu hemen, eta entseatzen gara hori ahal bezala ustiatzera. Helburua da astean bi aldiz liburutegia eta artxibategia irekitzea, jendeari behar duena helarazteko.

Egungo artxiboez gain, artxibo zaharrak ere badituzue. Funts anitz badira ikertu gabe?

Agosti Xahoz artikulu bat idatzi nahi dut, eta ohartu naiz Ariel egunkariaren ale franko ditugula hemen. Euskal Herriko beste toki batzuetan ere badira, baina berrehun urte dituen egunkari bat gure artean egotea zinezko altxorra da! Egunkariez gain, liburu zahar franko badira. Partiada trixtea Ternuarat kantua duen liburuxka txiki bat ere bada artxibategian, besteak beste.

«Guhauren historia ezin dugu ikasi, ez baita sartzen Frantziaren hezkuntza programetan. Beraz, ez bagara guhaur gai bati interesatzen, gauza anitz huts egiten ditugu»

Euskal Herriko historia kontatzen duten artxiboak dira gehienak?

Guhauren historia ezin dugu ikasi, ez baita sartzen Frantziaren hezkuntza programetan. Beraz, ez bagara guhaur gai bati interesatzen, gauza anitz huts egiten ditugu. Agosti Xaho, adibidez, zenbatentzat da ezaguna? Jende aski gutirentzat. Idazle eta artista ezezagunen eta ahantzien dokumentu anitz ditugu. Egun, halakoak argitara ekartzeko joera sumatzen dut, eta, interesa duenarentzat, material ederra bada gure artxibategian.

Azken finean, obra ezezaguna bada, haren egilea are gehiago?

Jendeak ez baditu ezagutzen artxibategian ditugun obrak, nola nahi duzu egileak ezagut ditzaten? Errate baterako, egile ahantzi eta ezezagunen musika partitura anitz ditugu, eta jendeak ez daki. Ez dakigu altxor hori jendeei nola helarazi, haiei baita interesa erakustea, baina nola ez dakiten altxorrak ditugula, ez dira etortzen, eta gurpil zoro bat sortzen du horrek.

LOTSABAKO

Irakurri eta ikertuko zenukeen obra bat?
Agusti Xahoren konplexutasuna ari naiz ezagutzen eta neurtzen.

Hurrengo ikerketa martxan duzu?
Erran didate euskaldun batzuk Alpeetara joan zirela, eta horien gibeletik nabil.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.