ATZEKOZ AURRERA. Mikel Askunze. Filosofia irakaslea

«Identitatearen etsai bilakatu dira sare sozialak»

Teknologia berriak bi ahoko armak direla uste du Askunzek, eta ohartarazi du erabileran dagoela gakoa. «Sare sozialek gu erabili beharrean, guk haiek erabili beharko genituzke».

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hezkuntzatik plazara ateratzeko asmoz, filosofia jardunaldiak antolatu ditu Agora elkarteak egunotan Gasteizen. Digitalizazioaren ondorioak gure bizitzetan. Gardentasunaren gizartea izeneko hitzaldia egingo du Mikel Askunze filosofia irakasleak (Gasteiz), gaur, 19:00etan, Gasteizko Harria tabernan. «Guztiok gara filosofoak, gustuko izan ala ez».

Teknologia berriek galderak egiteko denbora murriztu dute?

Teknologia berriak bi ahoko armak dira; erabileran dago gakoa. Kontsumorako tresna dira askorentzat, eta, askatu beharrean, esklabo bihurtzen dituzte asko. Beste batzuek, ordea, egunerokoa errazteko balio izan digute. Edonola ere, guztiek arreta berezi bat eskatzen digute, eta bai sistemak eta bai botereak badakite hori; pertsonen ilusioarekin jolasten baitute.

Sare sozialak filosofiaren arerio bilakatu direla esango zenuke?

Bai eta ez. Filosofiarena bainoago, esango nuke norberaren identitatearen etsai bilakatu direla. Bakoitzaren identitatea ezabatzen dute, eta, beste pertsona batzuekin konektatu beharrean, bakartu egiten dituzte. Benetako gu bat egotea eragozten dute, eta ez digute uzten geure buruarekin konektatzen, guk kontrakoa pentsatu arren. Sare sozialek gu erabili beharrean, guk haiek erabili beharko genituzke.

Gardentasuna gizartearen eztabaidaren erdian kokatu da. Zer ekarpen egin dezake filosofiak?

Uste dut ekarpen garrantzitsua egin dezakeela. Izan ere, teknologia aurrerapenekin batera aldaketa sozial eta kulturalak ere izan dira gizartean, eta horiek aztertu eta ezagutzeko filosofiaren ikuspuntutik egitea ere ezinbestekoa dela uste dut.

Aztertu daiteke egungo egoera Greziako filosofiarekin?

Bi mundu erabat desberdin dira. Haietako batek burua altxatuko balu bizi ditugun garaiei buruz zer esango lukeen jakitea gustatuko litzaidake, egia esan. Baina, haiek beste tresna baliotsuago eta komunikatiboago bat sortu zuten: elkarrizketa. Zuzeneko komunikazioa zuen oinarri, aurrez aurrekoa. Beste garai batzuk ziren, eta alderaketa egitea ez da erraza, baina, egia esateko, orduko sare sozialak egungoak baino errealistagoak ziren.

Aurrerapen teknologikoek gero eta garrantzi handiagoa duten garai honetan, enpresek pertsonen alde humanistikoari begiratzen diote. Zergatik?

Byung-Chul Han Hego Koreako filosofoak dioen moduan, emozioaren neoliberalismoan bizi gara. Emozioa lehen lerrora igaro da, eta arrazoiak baino gehiago kontrolatzen gaitu. Norberaren proiektua garatzen ari dela uste du jendeak, bakoitza bere buruaren enpresaburu bilakatu dela jabetu gabe. Geure burua estutzen dugu, inork behartu gabe, eta emozioek zeresan handia dute horretan. Emozioak produkzioaren giltza bilakatu dira egun. Erabat ados nago.

Filosofiari gero eta ordu gutxiago ematen diote hezkuntza planek. Zergatik dela uste duzu?

Logikoa da sistemaren ikuspuntutik. Politika eta ekonomia sistemaren menpe egon da hezkuntza beti, eta egun ere hala da. Sistemak ez du arrazoimena lantzerik nahi; langile onak sortu nahi ditu, behar bezala kontsumitzen eta funtzionatzen dutenak; filosofiak traba egiten du bide horretan. Pentsatzen duen jendea heztea sistemari gerta dakiokeen gauzarik okerrena da.

Filosofia kalera atera beharko litzateke orduan?

Bai, hala da. Ez digutenez ikasgeletan filosofiari buruz hitz egiten uzten, hitz egin dezagun kalean. Gero eta elkarte gehiago ari dira hori bultzatzen, eta oso positiboa dela uste dut. Hedabideek lagundu beharko lukete horretan; pentsamendu kritikoa sustatu beharko lukete.

Zuk zeuk ere hori egiten duzu dagoeneko, ezta?

Bai, hala da. Alde Zaharreko Sokaren Etxean helduentzako filosofia ikastaroak ematen ditut. Duten adinerako ez dute ezer berririk ikasteko beharrik, eta, hasieran beldur banintzen ere, eztabaida eta pentsamendu kritikoaren dinamika zoragarriak sortzen dira. Zoriontsu egiten dituela esango nuke, eta ni zer esanik ez: gozamena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.