Abuztuaren herena igarotzear da, eta oso gutxi falta da Iguarrakok berriro amurrioarrak bisitatzeko. Izan ere, bihar hasiko dira Amurrioko (Araba) jaiak, eta, arratsaldeko 19:00etan jaurtiko duten txupinazoarekin batera, Iguarrako animalia mitologikoa, erdi txoria eta erdi narrastia, berriro askatuko dute. Abuztuaren 12tik 17ra bitartean ospatuko dituzte jaiak, eta aurtengo jaietako programak ehun jarduera baino gehiago barne hartuko ditu. Udalaren arabera, jarduera horiek musikaz, kulturaz, kirolez, tradizioz eta aisiaz beteko dute kalea, eta jaiak «herritar guztientzat» prestatu dituzte. Jaietan musika «protagonista» izango dela nabarmendu du udalak.
Hala ere, aurtengo jaiei begira, hainbat motatako jarduerak antolatu dituzte. Gastronomiari dagokionez, hainbat lehiaketa prestatu dituzte; besteak beste, ostiralean, marmitako eta baserriko produktuen lehiaketak, eta astelehenean, gisatuen eta patata tortillen lehiaketak. Buruhandiek eta erraldoiek aurten ere badute lekua jaietan. Buruhandiak etzi izango dira Amurrioko kaleetan, 12:00etan eta 18:00etan; erraldoiak, berriz, larunbat goizean.
Dena den, aurten ekitaldi berezi bat ikusi ahal izango dute amurrioarrek jaietan; izan ere, bihar, Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatuko den moduan, Arabako herrian ere ikusiko dute eguzki eklipse osoa. Hori ere kontuan izan dute jaietako programan. Bihar, 17:30ean, eguzki eklipseari behatzeko betaurrekoak banatuko dituzte, eta 19:00etan «eklipsearen kalejira» egingo dute.
Musika emanaldiak
Berebiziko garrantzia izango du aurten ere musikak jaietan, hainbat emanaldi izango baitira lehen egunetik azkenera arte. Bihar, txupinazoa jaurti ostean, 20:30ean, Etxabarria aita-seme trikitilariek joko dute, eta, ordu berean, La Polaka transformista arabarrak. Gero, Not talde arabarrak eta Oxabi erromeriak herria girotuko dute. Etzi ere musika eskaintza zabala izango da; esaterako, Biziraun erromeria, Burrunba elektrotxaranga eta Jamaica Show orkestra arituko dira.Â
Ostiralean kuadrillen eguna izango da, eta kuadrillen bazkariaren ostean, 17:00etan, Akerbeltz erromeriak joko du. Gaueko hamabietan, berriz, Josune Arakistain Sune abeslari eta konpositoreak kontzertu bat eskainiko du, trikiti tradizionala eta erritmo elektronikoak uztartuz. Larunbat goizean, gaiteroak eta trikitilariak Mariaka eta Marigabon erraldoiekin batera arituko dira, eta gauean, besteak beste, Benito Kamelas rock taldea eta La Txorra Records taldea igoko dira oholtzara.Â
Jaietako azken bi egunetan ere ez da etengo musika. Igandean, Maran orkestra arituko da 21:00etan, eta, haren ondotik, Zutik erromeria eta DJ Varro. Astelehenean, 16:00etan, Bostak eta Laurenak erromeriak alaituko ditu Amurrioko kaleak, eta 21:00etan, Mariachi Mexico Lindo ¡Si, Señor! taldeak.
Jai «inklusiboak»
«Udalak jai inklusiboekin eta seguruekin duen konpromisoa indartzen du programak», horixe nabarmendu du udalak, hain zuzen ere. Erakundeak adierazi duenez, elbarritasunen bat dutenak errespetatuko dituzte barraketan, soinu eta argi estimuluak murriztuko dituzte, pirotekniaren erabilera mugatuko dute, eta indarkeria matxistei aurre egiteko prebentzio, sentsibilizazio eta arreta guneak jarriko dituzte «jaiegun nagusietan». Indarkeria matxista prebenitzeko, Amurrioko Udalak puntu morea ezarriko du.
Udaleko berdintasun teknikari Irune Iturbek azpimarratu du indarkeria matxisten prebentzioa ez dagokiela «soilik» erakundeei edo mugimendu feministari, eta «komunitate osoaren inplikazioa eskatzen duen zeregin kolektiboa» dela.Â