Hedabideak eta ijitoen komunitatea. Azken urteetan elkar ulertu ez duten bi errealitate direla agerian geratu zen atzo Kazetariak eta ijito komunitatea aurreiritzi gabeko komunikazio baten alde tailerrean. EHUko Gizarte eta Komunikazio zientzien fakultateak antolatuta, kazetariak eta ijitoen elkarteak aurrez aurre eseri ziren komunikabideetan daukaten tratamendua aztertzeko. Eta analisian batasuna. «Hedabideetan ijitoen aurreiritziak betikotzen dituzten adierazpenak askotan entzuten dira». Elsa Gonzalez Espainiako kazetarien federazioko presidentearenak dira hitz horiek, ondoren Oscar Lizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko kideak berretsitako ideia: «X egoeran dagoen pertsona batek Y ekintza egin izana ez da ijito komunitatea ordezkatzen duen kontua. Beti albiste negatiboetan agertzen da gure komunitatea, eta horrek gizartean eragin negatiboa sortzen du».
Urteetan sortu den egoera baten ondorioa da egun hedabideetan ijitoek izaten duten ordezkaritza. Eta horretarako Euskaltzaindiak ijito hitzari ematen dion definizioa adibide bezala jarri dute: «Maltzurra, iruzurtia». Espainiako RAE akademiak ere ildo beretik jotzen du bere definizioan, eta hori ere mahai gainera eraman dute. Ondoren galdera egin du Lizarragak: «Hori aldatzen ez den bitartean, nola nahiko dugu gure komunitatea normaltasunez ikustea?».
Onarpen gisako bat egin dute areto gelan dauden kazetariek:baietz, iraganean ez zirela behar bezala landu ijitoekin lotutako albisteak. «Egun gizartean dagoen ikuspegia betikotzen lagundu dugu, eta hor gaizki egin dugula onartu behar dugu». Baina ijitoek eurek ere askotan ez dutela beren aldetik behar beste egiten aurpegiratu dio kazetari batek. Hau esan dio: «Adierazpenak emateko garaian, askotan ez dute hitz egin nahi izaten, eta hori ere komunitateak berak askotan ondo lantzen ez duen alor bat da». Erantzuna berehala eman dio Lizarragak: eurengana jotzea behar duten guztietan hori ezin dela «aitzakia gisa erabili». «Ikusten dudanagatik, hemen denek hitz politak dauzkate ijitoen komunitatearen inguruan, eta proposamen zintzoak egin nahi dituzte, baina, ondoren, errealitatea ez da horrelakoa».
Ikuspegi horrekin bat egin du Juan de Dios Ramirez-Heredia Union Romani elkarteko presidenteak. «Azken boladan lan asko egiten ari da ijitoen integrazioan, eta programak ugari landu dira ildo horretan». Baina ahalegin hori guztia ezerezean geratzeko arriskuan dagoela ohartarazi ondoren. «Hedabideek egiten duten jarduna programa horiekin bateragarria ez bada, nola egingo dugu aurrera? Kazetariek begirune gehiago eduki behar dute beti gutxiengoan dagoen komunitateekin, berdin ijitoena izan, edo beste komunitate batekin».
Baietz erantzun dio baieztapen horri Gonzalezek, «saiakera berezi bat egin behar da halakoetan, diskriminazio positiboa eginez». Hala ere, kazetarien jarduna gero eta mugatuagoa dela onartu du. «Erredakzioetan gero eta baliabide gutxiago dago, eta informazioa ahalik eta azkarren ematea izan ohi da hedabideetako jarduna. Egoera horretan, kazetariek informazioa jaso eta lantzeko gero eta denbora gutxiago daukate». Beraz, kazetarien eguneko jardunari gero eta zailtasun gehiago pilatzen ari zaizkiola azaldu du, eta horrek «gutxiengoan dauden komunitateei eragin diezaieke».
Baina denbora gabeziaz gain, ahalik eta irakurle gehien lortzeko sentsazionalismoan erortzeko arriskua ere badagoela onartu du Gonzalezek. «Hori ez da ona, baina paternalismoan erortzea ona ez den bezala. Gaiari buruz hitz egiteko baliabideak jarri behar ditugu, komunitatea den bezala irudikatuz».
Hori lortzeko bidean, Juan Carlos Jimenez Kamelamos Adiquerar ijito elkarteko kideak proposamen bat jarri du mahai gainean: hedabideek urtebetez ijitoen inguruan era positiboan hitz egiteko konpromisoa har dezatela. «Horrek lagunduko luke gure kultura eta komunitatea bere horretan ezagutzera ematen, jendeak ez dezan pentsatu ijitoak gaizkileak soilik direla». Inork ez dio ezezkorik esan proposamenari, baina lortuko ote den zuhur mintzatu da: «Ez dakit zergatik den, askotan, hain zaila hedabideen eta ijito komunitatearen arteko harremana».
Ijitoen berri nola eman
Kazetari eta ijito elkarteak mahai beraren bueltan eseri dira komunitateak hedabideetan izaten duen trataera aztertzeko. Integrazioa lortzeko, ezinbesteko puntua dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu