BERRIA Ikasgelaren programa didaktikoa Iratxe Retolaza Gutierrezek berrikusi du (Donostia, 1977). Irakaslea da, besteak beste, Udako Euskal Unibertsitateko Irakaskuntza masterrean. Iritzi dio programak bat egiten duela hezkuntzaren gaur egungo erronkekin.
Ikusi gehiago
BERRIAk egin behar zuen programa didaktiko hau?
Ona da gizarte eragileek hezkuntzarekin bat egitea. Proposamen honekin, ikasleek komunikazioaz ikasiko dute profesionalen begiradatik; are, euskarazko hedabideen ofizioa ikasiko dute. Hezkuntza egiturak ez daude bakartuta, eta garrantzitsua da zubiak eraikitzea hezkuntza sistemaren eta eragileen artean. BERRIAk Ikasgela proiektuarekin eta programa didaktikoarekin hartu du eragile izatearen ardura hori.
Euskal kulturaren transmisioa egiteko beste modu bat da programa hau?
Bai, bi norabidetan. Ohikoa izaten da hezkuntza testuinguru soziolinguistikora eta familia testuingurura mugatzea, eta horiek izaten dira, kasu batzuetan, euskarara gerturatzeko modu bakarrak. Horrek esan nahi du ikasleek aukera gutxi izan dezaketela euskal hedabideen berri izateko. Baina Hizkuntz Eskubideen Behatokiak atera berri duen ikerketa batek ziurtatu du euskal hedabideek ematen diotela leku gehien euskal kulturari. Interesgarria da, beraz, euskal kultura gehien gizarteratzen ari diren horiei buruz ikastea.
Zer balio ematen diozu egindako lanari?
Oso ongi egituratuta dago. Badauka, alde batetik, begirada historikoaren lanketa bat: euskal hedabideen historia, adibidez, hiztun komunitate bezala egindako urratsen adierazle da. Komunitate eta hizkuntza kontzientzia ere eskainiko die ikasleei eta irakasleei.
Beste alde batetik, ondo uztartzen ditu begirada historiko hori eta egun kazetaritzak eskain dezakeen alfabetatze multimodala. Hain zuzen, kazetaritzak gaur egun mezuak transmititzeko dituen baliabide eta formatu ezberdinak; esaterako, ikus-entzunezkoen eta testuaren uztarketa. Baliagarria da urteetan kazetaritza nola aldatu den ikusteko.
Hezkuntzaren gaur egungo erronkekin ere bat egiten du, hots, informazio iturrien ingurukoarekin. Sare sozialen bitartez informatu ohi dira nerabeak, eta, hain zuzen, proposamen didaktikoa ikasle horiei bideratuta dago. Informazio asko heltzen zaigu, eta ikasleek begirada kritiko batetik jasotzen ikasiko dute: ongi erreparatu ahal izango diote informazioa nondik datorren, nork sortu duen, zergatik...
Ikasleentzat abantailak izango dituela uste duzu?
Bai, aipatutako guztiaz gain, oinarrizko ikasketak ere lortuko dituztelako: idazkuntza, adierazkortasuna, testu generoak ezberdintzea, idazketa arauak, testuaren egiturak... Sortzaile bezala ere arituko dira, kazetari, eta halako baten begiradatik sortu beharko dute.