Kazetaritza irakasteko ariketak

BERRIA Ikasgelak sei unitate didaktiko ondu ditu DBHko ikasleentzat. Ikasleen zentzu kritikoa hauspotzeko, komunikazioari buruzko ariketa praktikoak biltzen ditu programa didaktikoak.

nerea intxausti
2025eko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Irakasleekin egin izan ditugun bileretan esplikatzen genien oraingoz ez genuela unitate didaktikorik egingo, BERRIA Ikasgela ez zela hori», oroitu du Ainhoa Oiartzabal Azketa BERRIA Ikasgelaren koordinatzaileak. Oraingoz zehazten zuten, susmatzen zutelako proiektu horrek ibilbide bat izan zezakeela. «Bada, orain unitate didaktikoekin gatoz», jakinarazi du. Komunikazioaren erronkak XXI. mendean izena du.

Ikastetxe batzuetako irakasleek interesa izan dute jakiteko nola sortzen ziren kazetaritza artikuluak, zein zen halakoak sortzeko prozesua, gai bakoitza nola landu, zer iturri erabili... Baina Oiartzabalek adierazi du BERRIAk faltan zituela alde didaktikoa lantzeko baliabideak. «Eta, bat-batean, irtenbidea BERRIAn bertan zegoen: Maddi Iztueta Olano». Iztueta kazetaria da, eta Irakaskuntza masterra bukatzen ari da: «Bi munduak uztartzeko bidea aurkitu dugula esango nuke», iritzi dio BERRIA Ikasgelako unitate didaktikoen sortzaileak.

«Bi munduak [hezkuntzarena eta hedabideena] uztartzeko bidea aurkitu dugula esango nuke»

MADDI IZTUETA OLANOBERRIAko unitate didaktikoen sortzailea

Programa didaktikoa sei unitatez osatuta dago, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei bideratuta dago. Edukiei buruz, azaldu dute kazetaritzaren oinarri teorikoak edo akademikoak ulertzea baino gehiago bestelako helburuak dituela. Alde batetik, nerabeek jakitea informazioa nondik datorren, nola tratatzen den, zer helburu duen, eta, batez ere, non aurkitu dezaketen. Bestetik, beste alor praktikoago bat eskaintzen zaie: sormenarena, kazetari lanetan jarriko dituena.

«Hautazko transbertsal bat iruditzen zait, kazetaritzaren bitartez gauza pila bat lantzen dira eta», azaldu du Iztuetak. Adibide batzuk ere eman ditu: «Idatzizko zein ahozko adierazpena hobetu dezakete euskaraz, gizarte gaiak landu ditzakete, gai etikoak edo moralak eztabaidatu... Gogoeta egin ahal izango dute sare sozialen erabileraz, adimen artifizialaz, zergatik hautatu argazki jakin bat, ala hitz bat edo beste».

«Ikasleak janzteko orduan, aktualitateari hain gertutik erreparatzen dion ofizio batek egin dezake ekarpenik»

AINHOA OIARTZABAL AZKETABERRIA Ikasgelaren koordinatzailea

Oiartzabalek erantsi du «ikasleen zentzu kritikoa hauspotzeko» eginak daudela unitate didaktiko horiek, jantzi egingo dituela: «Hezkuntzan horretan ari dira, ikasleak janzten, eta errealitateari eta aktualitateari hain gertutik erreparatzen dien ofizio batek egin dezake ekarpenik; eta, BERRIAren kasuan, euskaraz eta Euskal Herrian».

Iratxe Retolazak berrikusi du programa, eta Iztueta eta Oiartzabalentzat «berme bat» da: «BERRIAren eskaintza didaktikoarentzat luxu bat da Retolaza bezalako pertsona erreferente bat izatea master amaierako lan honen tutorea». Ibilbide profesional handikoa da Retolaza, eta, haien esanetan, gertutik eta ondo ezagutzen ditu kazetaritza, euskal komunikabideak, euskal transmisioa eta baita hezkuntza ere.

Iztuetak kontatu du Retolazak emandako aholku bat izan duela buruan une oro unitate didaktikoen kalitate ona bermatzeko: «Jarduerak, teoriak eta azalpenak diseinatzeko orduan, saiatu behar dugu nerabeen eta ikasleen mundutik haien munduarentzat diseinatzen. Haien errealitatera hurbiltzeko ariketa hori egitea da programa didaktikoaren gakoetako bat».

Ikasgelaren koordinatzaileak gehitu du unitateek aukera ematen dutela ikasle zaharragoentzat eta gazteagoentzat moldatzeko. Horretarako, irakasleek BERRIAko kazetarien aholkularitza ere izango dute.

Programa didaktikoa BERRIA Ikasgelako webgunetik kontratatu eta deskargatu liteke, lizentzia modura. Datorren ikasturtean erabiltzeko moduan egongo da, eta gaurtik aurrera eska liteke, ikasgela@berria.eus posta helbidera idatzita.

PROGRAMA didaktikoKo sei unitateak

  1. Zer da komunikatzea?
    Lehenengo unitateak ikasleak kokatuko ditu: komunikatzea eta kazetaria zer den ikasiko dute, euskarazko hedabideen historia laburra, hedabide motak eta genero nagusiak... Eta albiste bat idazteko erronka izango dute.
  2. Sareen korapiloan
    Sare sozialen munduan sartuko dira buru-belarri, eta bertako albisteen iturrietan: komunikabideek Interneten duten presentziaz, fake news edo albiste faltsuez eta adimen artifizialaz... Albiste bati laguntzeko ikus-entzunezko labur bat egin beharko dute.
  3. Informazioaren bonba buru osasunean


    Hirugarren unitateak irakurleen buru osasunean jarraraziko die arreta ikasleei: Internetek buru osasunean duen eraginaz eztabaidatuko dute. Iritzi generoei buruz arituko dira, eta egindako hausnarketak iritzi artikulu batean adieraziko dituzte.

  4. Hitzaren pisua


    Hizkuntzaren eta idazkeraren garrantziaz arituko dira laugarren unitatean; adjektibo bat ala beste hautatzeaz, esaterako. Zalantzak argitzeko, BERRIAren estilo liburua ezagutuko dute; adibidez, hizkera sexista edo diskriminatzailea saihesteko.

  5. Istorioen bila
    Bosgarren unitatea «ahotsik gabekoen ahotsa» izateaz ari da. Gutxiengoen erronkak eta gatazkak komunikatzearen garrantzia landuko dute ikasleek, eta, horrekin batera, gaur egun Euskal Herrian eta munduan dauden gatazka sozial eta politiko garrantzitsuenei erreparatzeko aukera emango du. Horrelakoren bati buruzko kronika edota erreportaje bat sortzeko erronka botako zaie.

  6. Urte bukaerako proiektua


    Amaierako unitatea osatzeko, eduki informatiboren bat sortu beharko dute, taldeka: aldizkari bat sortu, podcast bat edo irratsaio bat egin, edo ikus-entzunezko lan bat grabatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.