«Joan den ostiralean, Parisko Eskualzaleen Biltzarreko mintzaldi batean, delako Mikel Lasaren ezagutza egin dut; mutil oso atsegina, eta gogoz landua iruditu zait; karreraduna da, medikuntza istudiatutakoa». Jon Miranderen gutuna da, 1962ko abenduan Andima Ibinagabeitiari idatzia. Ezagutu zenuen, beraz, Jon Mirande ezagutu zenuen...
Ez naiz horretaz oroitzen. Oroitzen naizena da azken aldiz Mirande ikusi nuela bost minutuz-edo —ez dut uste gehiago izan zenik—, zirkunstantzia oso xelebreetan. Orduko hartan, lauzpabost hilabete egin nituen Parisen. 1962an ezagutu ninduela esaten du Mirandek, eta hala izango da. Mirandek eta Txomin Peillenek Igela aldizkaria atera zuten denboran izan zen. Egia esan, ez dakit nor ezagutu nuen lehenago, Peillen edo Mirande.
Zer zenbiltzan Parisen?
Urtea egin nuen Liejan [Valonia, Belgika], Arte Ederretako Eskolan. Lehenengo Ekonomia ikasten hasi banintzen ere. Dena kontatzera, 20 urte arte-edo, lasalletarretan ibili nintzen. Irunen egin nuen nobiziatu txikia. Bagenuen irakasle bat, bilbotarra, Orbezua deituraz, anaia —ez abade—, lasalletarra, elegantea, beti perfumatuta ibiltzen zena. Irakurlea zen ona, eta bazuen euskal gogo bat ere. Hark piztu zidan literaturarako zaletasuna. Handik San Asensiora [Errioxa, Espainia] joan nintzen, eta han bi urte egin, eta Salamancara [Espainia] estudiatzera joateko aukeratu ninduten. Garai hartakoak ditut dozena erdi poematxo idatziak, euskaraz. Amaiarekin [arreba] batera egindako liburuan daude [Poema bilduma, 1971]. Liburu horrek bi edizio ere izan zituen, eta bigarrenak nire marrazkiak zekartzan; dozena bat marrazki-edo. Inportantzia bera ematen diet nire poema eta marrazkiei, elkarrekin datozelako. Nire marrazki haiek poetikoak dira.
«Kultura literario handia zuen Mirandek, eta hori errespetatu beharra dago, batez ere gure mundutxo honetan»
Nondik etorri zitzaizun marrazteko zaletasuna?
Irungo garaitik. Lasallerretan geundenean, ez genuen oporrik ez besterik. 8 urtean ez nintzen etxera itzuli, bi okasiotan izan ezik, baina ez gabonetan, ez aste santutan, ez udan. Oso erregimen gogorra zen, diziplina latza. Eta Miranderen Haur besoetakoa-rekin zerikusia duen gauza bat: Miranderen narrazioa irakurri, eta iruditu zitzaidan haren narrazioak guri Irunen irakurtzen zizkiguten idazkien ukitua zuela; hau da, XVII-XVIII. gizaldietako testuen aszetika eta jansenismoa.
Iruzkina ere egin zenion Miranderen narrazio hari: «Elkarrizketak, bakanak eta motzak dira eta nabarmen erabiltzen den teknika, protagonistak etengabe darabilen barne monologoa da, edo hobekiago esan, afektuzko gogoeta gori etengabea. XVII gizaldiko aszetikako maixu espiritual frantses jansenismoaren aintzindariek radikalki definitu zuten meditazio teknika, hain zuzen». Hurrena, esaten duzu horrexegatik sorrarazten diola Miranderen narrazioak irakurleari halako «idortasun eta itotasun sentsazioa».
Bai, halako zerbait.
«Nire poesia ez da bakarrik tristura edo lamentua, baita bizitzaren ospakizun bat ere»
Iruzkin horri dagokionez, ez zara sartzen autoreari buruzko diskisizioetan.
Jendea tematuta dago Miranderen kontra hitz egiten. Bere faxismoa eta beste. Dudarik ez dago faxista zela, Hitlerren jarraitzaile, bretoi kolaboratzaileen lagun… baina nik bi gauzak bereizten ditut: literatura, eta bere ideologia edo dena delakoa. Poemetan bertan ere agertzen da faxismoaren gorazarrea, bateko gudu zalduntza eta besteko gudu dei. Horrekin batera, berriz, poema xamurrak egiteko gaitasun handia zuen. Kultura literario handia zuen, eta hori errespetatu beharra dago, batez ere gure mundutxo honetan. Literatura asko dago inolako atxikimendurik gabe, idazlearen esperientzia bitalik ageri ez duena, eta hori gabe, hutsa da literatura. Nire poesiak ere —gutxi idatzi dut, baina—, neure esperientziari lotuta daude.
1962an-edo ginen, Parisen…
Salamancan bukatu ondoren, Bilbon Ekonomia ikasten hasi nintzen ikasle libre gisa; azterketa guztiak gainditu nituen! Uda eskola partikularrak ematen pasatu nuen eta 10.000 pezeta-edo bildu eta Liejara joan nintzen, Pintura ikastera. Baina ez nintzen klaseetara batere joan, neure gelan margotzen jardun nuen. Ikasturtea han eman ondoren, Alemaniara joatea pentsatu nuen, baina krisi ekonomikoa orduan ere, eta kanpoko langilerik ez zuten onartzen. Poliziak handik alde egin behar nuela esan zidan. Liejara joan nintzen berriz eta, hurrena, Parisera. Lau hilabete eman nituen bertan, lantxoak eginez eta euskal etxean lo eginez; Gaxuxa izeneko bat zen idazkari. Orduantxe ezagutu nituen Txillardegi eta Euzko Gaztediko bi bizkaitar. Harrezkero, Txillardegirekin harremanetan izan nintzen. Asko miresten nuen, nahiz eta ideologia berekoak ez izan, edo gauza askotan ez bat etorri.
Zu Txillardegiren ideologia berekoa ez, ezta Miranderen berekoa ere.
Ez, ez nintzen. Mirande Bigarren Mundu Gerra ondokoa zen, eta kontestu hartan berak pentsatzen zuen moduan pentsatzea, peligrosoa zen. Hori dudarik gabe. Eta, hala ere, nik Miranderen ideologia eta haren literatura-lanak bereizten ditut.
Segi dezagun zeure bidean...
Parisen nenbilela, Getariara etorri behar izan nuen, etxeko abisua jaso nuelako esanez soldadutzako prorroga eskatzeko epea bete zitzaidala. Eta soldadu joan nintzen Astorgara [Gaztela eta Leon, Espainia]. Eta soldadutza bukatu eta zer egin behar nuen, [unibertsitateko] karrerarik eta besterik gabe? Ekonomia ikasten segi! Eta hiru urtean bost urteko karrera bukatu nuen, Sarrikon.
«Inspirazioaren baitan, ni berdin ibili naiz poesian eta pinturan, pinturan ere eskuak berak agintzen baitu»
Hantxe ibiliko zen, bada, Txabi Etxebarrieta...
Bai, eta ezagutu nuen. Gutun bat ere idatzi zidan, nirekin hitz egin nahi zuela eta hau eta hura. Nik, berriz, ez neukan buruan Europa ezagutzeko gose handia besterik. Eta ez nion Txabiri kasurik egin. Estimatzen nuen, hala ere! Neu ere ETAren inguruan ibiltzen nintzen orduan. Inguruan, ez barruan. Oso inteligentea zen, eta Txabi poetari dagokionez, orduko poesia sozialak oso ukituta zegoen. Nik ez nuen poesia modu hura asko maite… edo bai, ze gogoratzen naiz Egan aldizkariak zenbaki bat atera zuela, Gabriel Arestik orduko poeta sozial espainolen poemak euskarara itzulita.
Blas Otero, Tomas Meabe, Antonio Machado, Angela Figuera Aymerich… Arestik euskarara ekarriak denak...
Oso gustura irakurri nituen poema haiek. Bazkalondoan, platerak garbitzen, ipintzen nuen liburua begien aurrean, eta platerak garbitu ahala irakurtzen nituen poema haiek. Hurrena, poema bat idatzi nuen, eta publikatu zuten Egan-en. Platerak garbitzen ari nintzela, leihoa nuen aurrean, eta patio bat zegoen, dena adreiluzko paretak itxita. Eta halaxe idatzi nuen Zoriona, zorionttoa poema [1962, Lieja], momentu hartako nire poza adierazteko, ze nire poesia ez da bakarrik tristura edo lamentua, baita bizitzaren ospakizun bat ere. Horretarako motiboa ere badago eta.
Zerk jarri zintuen idaztera?
Txikitatik neukan gogoa. Irunen nengoen bitartean, aitak Itxaropenaren [argitaldaria] Kulixka sorta-ko liburuak jasotzen zituen. Berak ez zuen libururik behin ere irakurri, hark egunkaria beti. Eta liburuak, berriz, niri bidaltzen zizkidan, eta hantxe irakurri nituen haiek, Irunen. Euzko Gogoa ere hartzen nuen, eta Shakespeareren itzulpenak irakurri nituen, bizkaitar harenak [Bedita Larrakotxea] eta baita gozatu ere! Zailtasun handiak genituen irakurtzeko, euskalki guztietan etortzen zitzaizkigun testuak, batasunik gabeko garaia zen.
Eta nola trebatu zinen irakurtzera eta idaztera?
Neure kasa, gramatikarik-eta gabe. Behin ere ez dut euskararen gramatikarik eskuetan ibili. Niretzat, hizkuntza da musika, eta kito. Batez ere poesia idazterakoan. Musika baldin baduzu, bere modura iristen da hitza norberagana, musika dela medio. Musika galtzen denean, akabo poesia. Nik ikastoletako mugimenduan sartu nintzenean galdu nuen poesia egiteko musika.
Poesiaz ari naiz, baina, inspirazioaren baitan, ni berdin ibili naiz poesian eta pinturan, pinturan ere eskuak berak agintzen baitu. Begira, 65 urtetik 75 urtera, Italia guztia errekorritu dut, bizikletan, iparraldean hasi eta Siziliaraino. Asko gustatzen zait, bai jendea, bai artea, bai hiriak… Gainera, hemendik bertara dago. Hartzen nuen trena edo hegazkina, nahi nuen abiapuntura joaten nintzen, hartzen nuen bizikleta eta alde batera eta bestera ibiltzen nintzen hamar-hamabost bat egunean, bakar-bakarrik, eta nahi nuena pintatuz.
Poeta eta pintorea, beraz.
Behin, Arles [Okzitania] inguruan ibili nintzen, ze Okzitania ere majo korritua nago, Van Gogh bizi izandako tokiak ikusten, batez ere. Behin, Arlesen nenbilela, Camarguera joan nintzen, itsasaldera, Les Saintes-Maries-de-la-Mer herrira. Tradizioaren arabera, Kristo piztu ondoren, haraxe iritsi ziren Palestinatik ihesi Maria Jakobea, Maria Salome eta Sara beltza. Sara hau ijitoen zaindaria da, eta hantxe ibiltzen dira peregrinazioan. Van Goghek, berriz, pozez betetako koadroak egin zituen han, eta hantxe ibili nintzen neu ere. Gero, handik iparraldera egin nuen berriz, Saint-Paul-de-Mausole-ra, Van Gogh egondako erietxea ikustera. Artistak koadroetan erakutsi zuen egonaldi hartako arrastoa, gaueko giroa, barrak, putetxeak eta abar. Nik, berriz, hiruzpalau gauza pintatu nituen han, erraztasun handiz, eta ondo pintatuta gainera, nahiz eta nik akuarelaren teknika ez dudan inoiz dominatu.
Mirande.
Parisen, lau hilabete haiek bukatu eta trena hartu nuen, etxera bueltatzeko asmoarekin. Euskal etxetik irten bezain laster, Miranderekin egin nuen topo. Nigana zetorren, bisitatzera. Ez dakit zer eta nola. Ordurako zerbait idatzia nuen Egan-en, ez dakit Euzko Gogoa-n ezer publikatua nuen. Mirandek ni idazle hasi berritzat ezagutzen ninduen, horregatik etorri zen. Bestela, gure elkar ikuste hura bost minutuko kontua izan zen. Ez naiz detaile askorekin gogoratzen, baina bai galdera bakarra egin zidala: «Zer ari zara irakurtzen?». Ni, momentu horretan, [Nikolai] Berdiaev irakurtzen ari nintzen, errusiarra. Ez naiz gogoratzen zer erantzun zidan, Berdiaev ezagutzen zuela besterik. Kultura handikoa zen Mirande. Uste dut harritu egin zela: «Hau, ni bezalaxe, outsider-a duk», pentsatuz bezala.
«Inspirazioaren baitan, ni berdin ibili naiz poesian eta pinturan, pinturan ere eskuak berak agintzen baitu»
Zein zen Berdiaev?
Pentsalaria, filosofoa. Iraultza ostean bere herritik alde egin behar izan zuen. Emmanuel Mounier pertsonalistarekin lan asko egin zuen. Pertsonalismoa garai hartan oso jarrera minoritarioa zen, gizartea bi zatitan banatu baitzen, komunistak alde batetik, eta faxistak, berriz, bestetik. Eta tartean, gropuskuluak. Berdiaev, berriz, libertatearen aldekoa zen erabat. Libertatearen metafisika moduko bat idatzi zuen.
Libertatearen aldeko zela idatzi zuen Mirandek lehen gutunetan: «Nik, oroz gain, maite dut askatasuna. Sekula emaitza eder bil hel balekio gure aberriari, oi nire poza, baina gogoa ilun eta apal daukat, ororen gainetik maite dut askatasuna».
Chapeau! Eta hantxe bukatu zen nire Mirande. Tren-geltokira joan, hona etorri, eta Astorgako soldadutzara joan nintzen handik hiru hilabetera…
Zer zenekien garai hartan Mirandez?
Irakurriak nizkion testu batzuk. Gustatu zitzaizkidan. Besterik ez. Ez naiz Miranderen estudiosoa, irakurlea baizik, eta idazle aparta zen. Arestik bezala, nortasun literario handia zeukan Mirandek. Arestik era guztietara zeukan nortasun bat oso bortitza, nik ez daukadana eta Mirandek ere ez zeukana. Besterik zer esan behar dizut Mirandez?
ZORIONA, ZORIONTTOA
Kantatu nahi dut kanta bat
axola gabe
inorentzat
haizeari beharbada
beharbada itsasoari.
Edozein blues
azken modako airea,
hoxkira honek ene gorputzean iraun artio
eguzki eskax hau ezkutu artio.
(Dios, zer da zoriona zorionttoa atsegina?)
Minutu batean ardurarik gabe egotea minutu honetan
ixtantearen laburrunean.
Edozein gauza zoriona da
zorionttoa
besterik ezean.
Edozein une ona da bizitzea
Edozein kanta axolarik gabe kantatzea:
koblatzen dudalarik
(aire banal bat)
zaude loak harturik
gauezk' ametsa bezala
ene kantua zautzula.
(1962, Liejan)
.
TX.e-ri
Paisaje pasarteak laino urratu gisa
burutik zaizkit iragan geldiro
zine mutua antzo oroimena hustu beharrez.
Gure etxea mueble gabe zegoen hustua
arima gabetua biluzia
haizearen ulua ozenago zedin
isla bitarte hartan.
Kaioek abiada handian agurtu ninduten
itsas gaineko zeru zolan joan-itzulietan
gris hitsean galdu bitartean.
Lokarri ikusezinaz inguratu ninduten
hegazti ankerrek inguruka ta inguruka
besteengandik bereizi ahaleginetan.
Oinazearen tantak etengabe zerien.
Isurtegia zen etxe guztia.
(1968)
.