Apokalipsia heldu da. Bai, halaxe da. Apokalipsia. Ez naiz sanferminez ari, ez horixe. Atzo eguerdiko hamabietan plaza borborka zela suziriarekin batera piztutako besta ez da kezkaturik gaituen desmasia, edo Nabarreriatik behera beraien burua botatzen duten australiarren erokeriak —diotenez, aurten edo ez dira australiarrak etorri, edoiturria ez dute aurkitu, bat edo bi izan baitira haien bizia alkoholez bustitako zentzugabekeriaz arriskatu dutenak—. Iragar zitekeen maiatzaren 24ko hautetsontziak mehatxua zirela, eta bete da profezia. Hasi da deskalabrua, abiatu da EH Bilduren hondamena. Eta harekin, EH Bilduren sanfermin ausiabartzak.
Orain, aspaldi Rodezno kondearen plazako 1. zenbakiko sotoan prestatutako bunkerrean gaude. Gure amatxi, Josefa Beorlegi, hilzorian dago. Are, medikuek esan dutenez, hauek izanen ditu azken sanferminak. Bihotza ahul du, eta disgusturik ez emateko aholkatu digu Klinika Unibertsitarioko doktoreak. Kasik zerura joan zen Joseba Asiron alkate izendatu aurreko egunean, eta orain... orain ezin esan bere Iruñea tradizionalista, karlista —eta bestelako ista eskuindar— maitea abertzale, gorri, sobiet, leninista eta iraultzaileen esku dagoela.
Horregatik sartu dugu bunkerrean. Eta sartu gara gu berarekin batera. Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkaria jasotzen dugu, dena den, egunero-egunero. Porlanezko pareta hotz eta heze artean dago, ohatzean. Inguruan besaulkiak, dagoeneko beso-euskarrietako zuloetatik apar-goma zatiek burua ateratzen dutela. Gurutzea ohatze gainean, Espainiako errege berri eta zaharraren erretratu bana eskuineko paretan, 1998an erositako telebista handi bat aurrean, eta,gainean, San Ferminen irudia.
Josefinak ez daki nork agintzen duen Iruñean, ezta UPNri Nafarroako Gobernuak ihes egin dionik ere. Eta ezin du jakin. Apokalipsia aurreikusi nuen, izan ere, argi zegoen aurtengo txupinazoa abertzalea izanen zela. Ikurrinak alde guzietarik, Espainiako banderarik ez, eragile ezkertiarretako partaideak balkoietan, eta nor, eta La Veletakoen ondorengoak suziria botatzen. Josefak ez luke jasanen. Seguruenik, «Gora San Fermin» ere ez zuten esanen.
Hala, bila eta bila aritu naiz ekainaren 27tik Nafarroako Unibertsitateko —ez nahastu publikoarekin, otoi— hemeroteka zerbitzuan. Telebistaren atzean bideo irakurgailu bat paratu dugu, eta, aurtengo sanfermin zuri-gorri-berdeak ez ikusteko, aurreko urteetako irudiak erabiltzea pentsatu dugu. Ideia bikaina. Lasai hilko da gure amatxi.
Ikurrina ezin ezkutatu
Iazko txupinazoko irudietan, ikurrinak ikusten ziren plazan, eta 2013koan... Hori jarriz gero, bihotzekoak jota amatxik agur esanen liguke berehala. Atzerago joatea erabaki nuen, 1997ra. Ikurrinak ez ezik, ETAren aldeko pankartak plazan, eta Espainiako Telebistaren emankizunaren erdian Euskal Herria askatu leloa eta ikurrin handi bat zuen pankarta agertu zen etxerik etxe. Ezin zen ezkutatu. Horrek ere ez zuen balio. Atzera.
Pentsatu nuen duela 25 urte ez zela arazorik izanen ikurrinekin, segur, eta hasi nintzen irudien bila. Bat-batean, harri eta zur geratu nintzen. Ikurrinik ez zen udaletxeko mastatik zintzilik, baina eskuineko balkoitik behera gainerako banderak baino handiagoa zen euskal ikurra jausten zen. Eta ni, EH Bildurena hondamena zelakoan.
Sorpresarik ez izateko, frankismoaren ondoko lehenbiziko udalbatzak jaurtitako suziriaren irudiak bilatu nituen. Orduan bai, orduan ez zen ikurrinarekin izanen, frankismoak dena ongi loturik utzi baitzuen. Play eman, eta ziplo lurrera erori nintzen. Ikurrina, non, eta balkoian. Sozialista batek euskal ikurra jarri zuen. Harrigarriena: suziriaren metxak su hartu zuen hala ere.
Azkenik, amore eman nuen. Txupinazo orduan, telebista hondatu zela esan nion amatxiri, sobiet eta abertzaleen ikuskizun lerdegarria ez ikusteko. Eskerrak arratsean Mutilzarra peñaren Riau-riaua zuzenean eman zuten.
'GOOD BYE', FERMIN
Ikurrina beti sanferminetan
EH Bilduren sanfermin apokaliptikoetatik landa ere, udaletxean eta Udaletxe plazan izan da ikurrina. Bunkerrean dauden frankistek ezin izan dute saihestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu