Bitarlan informatika zerbitzuak
Azpidatziak film, telebista programa edo bideo jokoetan agertzen diren elkarrizketen testu bertsioak dira, eta, gehienetan, irudiaren azpialdean agertzen dira. Atzerriko hizkuntza batean ematen den elkarrizketa baten testu itzulpena izan daiteke, baina baita elkarrizketaren hizkuntza berean eskaintzen den testu bertsioa ere. Hainbat erabilera dute azpidatziek: entzumen arazoak dituzten pertsonen ulermenerako laguntza gisa; atzerriko hizkuntza batean ematen diren elkarrizketak norberak bere hizkuntzan irakurri eta ulertzeko; edo jatorrizko hizkuntzari dagokion testuaren kasuan, hizkuntza horren ikasketa metodo gisa ere erabil daitezke.
Herrialde batzuetan, film eta bideoen bikoizketaren ordez, oso zabaldua dago azpidatzien erabilera; beste batzuetan —Alemania, Frantzia, Espainia eta Italia kasu— bikoizketa hobesten da. Itzulpen metodorik merkeenetakoa da, eta, ezaguna denez, azpidatziak ohikoak diren herrialdeetan bizi direnek atzerriko hizkuntzetan trebetasun handiagoa izaten dute.
Filmak euskaraz azpidatziak ikusteko programa bat jarri da berriki martxan: Filmazpit(http://www.filmazpit.eu/). Filmazpit Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, finantzatutako zinema zabaltzeko programa da, eta instituzio, udaletxe, kultur eragile edo ikasketa zentroentzat proiekzio materialak eskaintzen ditu, batetik; eta, bestetik, Filmazpit webgunean, eskaintzen diren pelikulen azpidatzi fitxategiak lor daitezke.
Etxean ditugun DVD edo saretik lortu diren pelikulak euskarazko azpidatziekin ikusi nahi baditugu, ezinbesteko erreferentzia dugu Azpitituluak webgunea (http://azpitituluak.com/). Bertan, filmak euskarazko azpidatziekin sortu eta ikusteko prozesu guztia azaltzen da xehetasun handiarekin: fitxategiak lortzea, euskaratzea, sinkronizatzea eta bistaratzea. Bertatik hartutako azalpenak plazaratuko ditugu ondorengo lerroetan.
Azpidatziak sortzeko pausoak
Pelikula edo bideoari dagokion fitxategia lortu beharko dugu lehenik, ordenagailuan jogailu batek erreproduzitu dezakeen fitxategia, hain zuzen ere. Etxean dugun DVD batetik erauzi dezakegu bideo fitxategia edo Interneten bilatu beharko dugu eMule (http://www.emule.com/) edo halako aplikazioren bat erabiliz, P2P sareetan. Bideo fitxategia eskuratuta, ondoren, azpidatziak dituen fitxategia lortu beharko dugu, berriz ere DVDtik erauziz edo saretik eskuratuz.
Azpidatzi fitxategien hainbat formatu dago, eta horien artean, ezagunenetakoa SRT (Subrip) formatua da. Fitxategi horietan, denbora tarte bakoitzean zein testu erakutsi behar den zehazten da fitxategi lau batean.
Lortutako azpidatzi fitxategia gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egonda, berau itzultzeko, testu editore arrunt bat erabili beharko dugu. Testu editorearekin, jatorrizko testuak itzulitako testuarekin ordeztuko ditugu.
Baliteke gure bideo eta azpidatzi fitxategiak sinkronizaturik ez egotea, hau da, elkarrizketa bat entzuten denean, esaten den horren itzulpena ez agertzea behar den momentu justuan. Arazo horiek konpontzeko ere baditugu eskura hainbat aplikazio libre, Windows, Linux edo Mac sistema eragileetan erabil ditzakegunak.
Azkenik, aurreko lanak burutu ondoren, bi fitxategiak (bideoa eta azpidatziak) eskura ditugula, ordenagailuan VLC edo halako(http://www.videolan.org/vlc/) bideo jogailu bat erabiliz, edo etxeko telebistari lotutako multimedia erreproduzigailu bat erabiliz, euskarazko azpidatziak dituen filma ikusteko moduan izango gara.
Azpidatziak sortzearen inguruan bitxikeria tekniko guztiak azaltzeaz gain, partzialki edo erabat euskaratuta dauden hainbat filmaren azpidatzi fitxategi biltegia ere bada, eta, fitxategiarekin batera, filmaren fitxa bat ere eskaintzen da.
Zibergela
Ikus-entzunezkoak laguntzeko
Azpidatziak oso hedatuak daude herrialde askotan, baina gurean oraindik ez hainbeste. Hizkuntzak ikasteko aukera eskaintzen dute, eta baita filmetako elkarrizketak euskaraz irakurtzeko ere. Filmazpit eta Azpitituluak guneak bisitatuko ditugu, eta baita azpidatziak nola sortu eta bistaratu ditzakegun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu