«Bizitza pelikula bat bezalakoa da, eta norberak aukeratzen du zer pelikula kontatu». Horrelaxe ekin dio Miguel Argibaik (Buenos Aires, 1950) elkarrizketari, eta jarraian errematatu: «Nire bizitza baino interesgarriagoa da beste edozeinena; nirea ez da batere interesgarria». Euren burua saltzea kostatzen zaien baina aldameneko denak goraipatzen dituzten horietakoa da Argibai. Argentinarren estereotipo denak hausten ditu: matea eta futbola ez ditu biziki maite, eta herrikide batzuen harrokeria gogaikarria zaiola aitortu du. «Azken finean, argentinar arnegatua naiz».
Zure bizitza erabat baldintzatu zuen 1976an Videlak emandako estatu kolpeak. Nola oroitzen duzu garai hura?
Bost neba-arreba ginen, baina haietatik soilik bi bizi ginen amarekin. Bada, estatu kolpearen egunean bertan, martxoaren 24an, nirekin bizi zen Carmen arrebaren bila etorri ziren militarrak. Ez zebiltzan haren bila, baizik eta nagusien bila. Izan ere, bigarren instantziako epaileen idazkari nagusia zen, eta horregatik eraman zuten atxilo. Bederatzi hilabete egin zituen preso.
Eta zuk handik alde egin behar izan zenuen.
Arreba atxilo eraman zutenean, amak argi esan zidan: «Zure arreba preso egotearekin arazo bat daukat; ez ditut bi arazo eduki nahi». Eta amari kasu egin behar... Halere, aitortu behar dut nire erabakia koldarkeria hutsa izan zela.
Zergatik diozu hori?
Bada, inor ez zebilelako nire bila. Nire arrebaren bila ere ez, baina hark kargu hura zuen. Nik hori ere ez, ni Filosofia eta Letren Fakultateko ikasle bat besterik ez nintzen, besterik ez. Eta, hala ere, alde egin nuen; beste batzuk erresistentzia egiten gelditu ziren. Azkenean, haien borrokak ez zuen arrakastarik izan, eta garesti ordaindu zuten. Halere, asaldura hori egiazkoa eta beharrezkoa zen, baina besteek indar handiagoa zeukaten. Bizitza pelikula bat bezalakoa da, eta norberak aukeratzen du zer pelikula kontatu; ni, behintzat, ez naiz inolako heroia; beste edozeinen bizitza nirea baino interesgarriagoa da.
Erraza izan al zen alde egiteko erabakia hartzea?
Ama esan eta esan ari zitzaidan handik alde egiteko, eta nik, neurez, ez nuen nahi, baina hegaldiaren eguna gerturatzen ari zen, eta azkenean jauzi egin behar izan nuen.
Hasieran bazenuen hara itzultzeko asmorik?
Jakina. Julio Cortazarrek esaten zuen moduan, momentu hartan ni ere Videla beka onartzera behartu ninduten [irriz]. Hiru urteko muga neukan jarrita, eta benetan esperantza neukan gauzek hobera egingo zutela: militarrek agintea utziko zutela eta sarraski gutxiago egingo zituztela. Baina oker nengoen, ez zen hala izan.
Hegaldia hartu, eta Europara iritsi zinen.
Hori da. Hasieran Madrilera iritsi nintzen, eta Argentinatik nekarren diru apurrarekin biziraun nuen, ezagun batzuen laguntzarekin. Hara eta hona ibili nintzen, etxe batetik bestera. Europail pass izeneko txartelarekin Europan ahalik eta merkeen bidaiatzeko aukera ere izan nuen. Trenean egiten nuen lo. Eta Italian amaitu nuen.
Nolatan han?
Han lagun batzuk nituelako: fakultateko ikaskide bat eta haren bikotekidea. Dirurik gabe gelditu nintzenez, lan bat topatzen lagundu zidaten.
Zertan aritu zinen, ba, han?
Hortzen garraiolari aritu nintzen Erroman. Hortzetako laborategi batean egiten zituzten hortzeriak banatzen nituen, moto batekin. Istripu mordo bat izan nituen. Galdetu zidaten ea motorra gidatzen banekien, eta nik baietz erantzun nien, hala ez bazen ere. Eta ea Erroma ezagutzen nuen ere galdetu zidaten, eta horri ere baietz, nondik nenbilen ere ez nekien arren. Lantokitik atera nintzen lehenengo aldian, 200 metro egin, eta, bertako nagusiek jada ikusten ez ninduten tokian, hantxe izan nuen lehen istripua. Haren ostean, beste hamaika istripu izan nituen, eta hortzak airean irteten ziren. Italian bi urte egin nituen.
Eta gero?
Ba, Madrilen Argentinatik ezagutzen nuen lagun bat bizi zen, eta hari aita hil zitzaion, Argentinan. Europan ni nintzen haren aita ezagutu zuen bakarra, eta, ondorioz, ni bisitatzera etortzea erabaki zuen. Bisita hartan esan zidan ez ninduela oso ongi ikusten, eta Madrilera berarekin itzultzeko gonbita luzatu zidan. Lagunduko ninduela esan zidan. Eta hala egin nuen, harekin joan nintzen.
Berriro Madrilera?
Hori da, bai. Eta han bederatzi urte pasatu nituen. Hamaika gauza egin nituen garai hartan. Psikologo argentinar batengana joaten ginen batzuk lagun talde bat osatu genuen. Klixea izango da, baina beti dago psikoanalista argentinar bat bidea erakusten [barrez]. Eta lagun talde hartan Clara Obligado idazlearekin harreman polita eratu nuen. Elkarrekin tailer artistiko bat sortu genuen. Berak idazketa eta irakurketa lantzen zituen, eta nik, marrazketa. Oso apala zen tokia, eta bizirauteko adina diru irabazten genuen, ez gehiago. Ondoren, Clararen tailerrak indarra hartuz joan ziren, eta gaur egun ospe handia dute. Ipuin bilduma bat ere kaleratu genuen. Garai hura oso dibertigarria izan zen.
Clarak beste argentinar batzuk ezagutzen zituen, eta haiek beraiekin lanean aritzea proposatu zidaten, apaingarriak egiten. Dendak apaintzeko panpinak izaten ziren gehienetan. Diruz estu nenbilen, eta lan horrekin aurrera atera nintzen. Garai oso prekarioa izan zen; soilik arroza eta pasta janez biziraun nuen, baina oso zoriontsua izan nintzen. Izan ere, movida madrileña zelakoa bete-betean ezagutu nuen.
Lagun asko nituen, eta Argentinatik beste batzuk etorri ziren. Bi horiek oso trebeak ziren eskulanak egiten, eta eurekin eskumuturrekoak egiten aritzea proposatu zidaten. Eskumuturrekoak ez ziren batere itxurosoak, baina izugarrizko arrakasta izan zuten. Eta Mediterraneoko kostaldean ibili ginen haiek saltzen. Denda askok eskariak egiten zizkiguten. Ehunaka eskatzen zizkiguten. Anekdota ugari bildu genituen.
Baten bat aipatu dezakezu?
Tarte batean nire etxeko terrazan egin behar izan genituen eskumuturrak. Teknika eta materialak garatuz joan ginen, eta aldi horretarako metala erabiltzen genuen. Eta, noski, hori leundu egin behar izaten genuen. Bada, hori terrazan egiten genuen, eta maskara edukitzen genuen jarrita, prozesuan jausitako hautsa arnas ez genezan. Ba, kontua da terrazaren parean ospitale militarra zegoela, eta haiek ekintza terroristaren bat gauzatzen ari ginela susmatu zuten, eta hiru erizain bidali zituzten, zertan genbiltzan galdetzera. Zer egiten genuen azaldu genien, eta ez genuen arazo gehiagorik izan.
Baina oroitzen dut uda lan askoko garaia izaten zela, baita Gabonen ingurua ere. Epealdi hartan egiten genuenarekin, nola hala moldatzen ginen urtearen gainerakoan. Bakoitzak bere bizitza egiten zuen, bere harreman sareak, bere afizioak... eta gero, udan, berriro elkartzen ginen. Bederatzi urte igaro nituen guztira Madrilen.
Noiz arte?
Clararen etxean ezagutu nuen Uri [Ruiz Bikandi]. Hura Euskal Herrian oso ezaguna zen euskararen eta hezkuntzaren arloetan. Urtebete igaro genuen telefonoz hizketan, eta berriro Madrilera joan zen ni bisitatzera. Horren ostean, harekin etorri nintzen Gasteizera, nik Madrilen ez baineukan ezer hiriari atxikitzen ninduenik; eta bera euskalgintzan zebilen lanean.
Eta ordutik hemen?
Bai, jada 38 urte dira hemen nagoela. Hasiera-hasieratik oso ondo ibili naiz hemen, eta jakina, Gasteiz etxetzat daukat, beste edozein toki baino lehenago. Eta horretan Urik izugarrizko eragina izan du. Oso-oso ezaguna zen, eta izugarrizko harreman sarea eskaini zidan. Duela hiru urte hil zen, eta oso gogorra da, baina harreman sare horiei esker, aurrera noa.
Ze motatako sareak?
Bizitzan izugarrizko zortea izan dut harreman sareekin: bikotekideekin, lan harremanetan, lagunekin... Lan sareei dagokienez, Madrilen gobernuz kanpoko erakunde batekin aritu nintzen lanean. Espainia Europako Batasunera sartzeko unea zen, eta administrazioei laguntzeko liburuxka batzuk egin genituen. Eta Euskal Herrira heldu nintzenean, Hegoa institutukoek eurekin lan egitea proposatu zidaten. Urik eman zidan lagun sarea ikaragarria da; ezin eskertuago nago.
Hegoan aritu zinen boladan zer egin zenuen?
Proiektu interesgarriak jarri genituen martxan. Ikastetxeetako testuliburuen azterketa interesgarri bat egin genuen. Haien ikuspegi kolonialista neurtu genuen, eta hortik ateratako informazio eta ondorioak EHUko argitaletxearen bitartez kaleratu genituen, liburu formatuan. Horrez gain, elkartearekin Ingalaterrara askotan joandakoa naiz, bereziki Birminghamera.
Zer lantzen zenuten, ba?
Izena oso eztabaidagarria zen, baina, berez, garapenerako hezkuntza izena zuen. Geroago hezkuntza globala izena hartu zuen. Horren barruan bakea, giza eskubideak, justizia soziala eta halako gaiak jorratzen genituen.
Eskoletan proiektu polit bat ere garatu genuen: giza eskubideen laborategia. Horretarako materiala eramaten genuen: ordenagailua, proiektorea, hiru dimentsioko mapa bat —zatika bana zitekeena—. Horrek aurretik jakintzat ematen zituzten zenbait sinesmen deuseztatu zizkien ikasleei, eta oso erabilgarria zen nazioarteko harremanak azaltzeko.
Nola egiten zenuten?
Ikuspegi kolonialista oso errotua dago. Esate baterako, hemen munduaren mapa betidanik interpretatu da Europa erdian egongo balitz bezala, baina denok dakigu mundua borobila dela eta ezer ez dagoela erdian, hau da, arbitrarioki egindako hautu bat da Europa erdian egotea. Eta aspalditik uste izan da AEBak Europara begira daudela, baina ez da hala. Azken hilabeteetan argi ikusi da bere ekialdera begira egon direla, eta helburu dutela Ozeano Barea kontrolatzea.
Nazioarteko harremanetan urte luzez aritu zara lanean. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera?
Ufa. Ez dut inor minduko esaten badut mundua inoiz pentsatu baino okerrago dagoela: ez dauka ez hankarik eta ez bururik. Gaur egungo egoera globalean edozein kargudun politikok baino indar eta balio handiagoa du diruak. Ikusita nolako dramak dauden, larrua salbatu nahi dute denek, edo irabazlearen alde egin. Eta aberastasunaren banaketarik eza oso larria da. Hausnartzekoa da, era berean, ekonomia diruaren bueltan ulertzea, hau da, pobre izateko langa eguneko dolar bat baino gutxiago irabaztean ezartzea. Bada munduan jendea hori baino gutxiago irabazten duena, baina lurrarekin duen harremanaren ondorioz beharrak nahiko aseta dituena.

Aipatutakoez gain, artearekin ere nolabaiteko harremana ere baduzu. Noiztik datorkizu arlo horretan aritzeko nahia?
Txikitatik, egia esan. 12 urte nituenean, eskolaren parean gizon batek zeukan tailer batera joaten nintzen. Nik margotzeko ariketak egiten nituen, eta hura marrazten ikusten nuen. Izugarri gustatzen zitzaidan hari begira teknikak ikustea.
Orain ere jarraitzen duzu artearen munduan.
Hala da, bai. Beste lagun batzuekin aritzen naiz artea sortzen. Eta erakusketa bat izango dugu laster Arabako Gopegi herrian.