Industria, artea eta faraoiak

Legazpiko Txillida Lantoki museoa bisitatu ostean, ideia hau argia da: industriak eta arteak bat egin dezakete. Txillidaren eskulturak Bellota fabrikan egiteko prozesuak fin azaltzen dituzte.

Txillida Lantoki museoan bisita gidatu bat egin dute gaur; nabaritu dira inauteriak. AITOR KARASATORRE / FOKU
Txillida Lantoki museoan bisita gidatu bat egin dute gaur; nabaritu dira inauteriak. AITOR KARASATORRE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Legazpi
2026ko otsailaren 14a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Legazpitik (Gipuzkoa) joera handia egon da beti Arantzazura joateko: santutegira, Sindikan kafea hartzera, Urbian mendi buelta egitera... Halaxe joan zen hara egun batean Patricio Etxeberria enpresari legazpiarra, eta berritzen ari ziren santutegiko burdinezko ateak jarri ezinda harrapatu zuen eskultore bat. Nola, bada... Jaitsi zen harengana, mailua hartu zion eta kolpe batekin tenkatu zuen atea. Eskultore hura, Eduardo Txillida, zur eta lur utzi zuen. Hainbeste, ezen Patricio Etxeberriaren fabrikan, Bellotan, egin baitzuten gerora Donostiako Haizearen orrazia.

Hain zuzen, prozesu hura azaltzen dute Legazpiko Txillida Lantoki museoan. Bellotako makina handien bueltan, industriaren eta artearen uztarketa uler daiteke. Horixe izan baitzen Txillidak Bellotan landu zuena: arteak eta metalurgiak bat egin zuten. Museoak, baina, leku biziak dira, eta bisitariek ere uzten dute beren marka: gaur Etxebarriko (Bizkaia) talde handi bat izan da bertan, eta inauteriak ere badirenez... faraoi batzuk egon dira tartean.

Faraoi moduko bat izan zen Etxeberria ere. Haren fabrika handia mugarri bat izan zen Legazpin: herritar gehienen lantokia izan zen, eta herriko etxe eta azpiegitura asko-asko hark eraiki zituen. «Etxeberriak bere langile onenak jarri zituen Txillidaren zerbitzura, baita 25 tona altzairu eta pabiloi handi bat ere», azaldu du Miren Urzelaik, gidatu duen lehen bisitan. Lehena izanagatik ere, bikain azaldu du Haizearen orrazia sortzeko prozesua.

Hortxe egiten zituen Txillidak aromak. Aitor karasatorre / foku
Hortxe egiten zituen Txillidak aromak. AITOR KARASATORRE / FOKU

Txillidaren forjaketa tailerrean hasi dute bisita. «Hemen pieza txikiak egiten zituen, ondoren eskala handian plasmatzeko. Hemendik ateratako pieza txikiei aroma deitzen zaie. Hori zen langileei erakusten ziena: haiek memoria bisuala eduki behar zuten, ondoren Txillidak pieza hori bere bulegoan giltzapetuta gordetzen zuelako. Esaten zuen, artelan bakoitza testuinguru propio batean egina izango zenez, ezinezkoa zela artea errepikapen hutsal bat izatea», azaldu du Urzelaik.

Burdin herdoilgaitza

Langile horiek apartekoak ziren, besteak beste, burdin mota bat sortu zutelako: «Burdin herdoilgaitza sortu zuten, bazekitelako eskultura itsasoaren ondoan egongo zela». Azalpen horiek jasota, makina handien ondora joan dira bisitariak, eta eskultura hura nola egin zuten azaldu du gidak: «Behar zen txatarra aldaketa koilara baten barruan sartzen zen, eta gero urtu. Molde batzuetatik lingoteak ateratzen zituzten, eta hurrengo pausoa zen burdinari behar zuen forma ematea. Berotasunari eutsita, zepa kentzen zioten, eta mailu batzuekin jotzen zuten, burdina sendo egoteko. Piezak moldatzeko, Schloemann makina erabiltzen zuten».

Makina handi hori museoan dute, eta hari harrituta begiratzen ari da Aitor Idiakez bisitaria: «Etxebarrin urtero irteera bat antolatzen dugu, goizean museo bat ikusteko eta gero sagardotegi batean bazkaltzeko. Hau asko gustatu zaigu: zenbat baliabiderekin zenbat gauza egiten ziren!».

Bisita bukatuta, autobusean joan dira, faraoi zein herritar xehe, sagardoaren industria ezagutzera eta parrilaren artea dastatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.