Industria zikin haren edertasuna

Fabriken garaiko memoria aldarrikatzen du ‘Ars ex industria’ erakusketak. Artearen bidez, orduko giroaren ñabardurak jaso dituzte: elkartasuna eta kontzientzia soziala, besteak beste. Bilboko Itsasmuseumen ikus daiteke bilduma.

Fidel Rasoren argazki bat 'Ars ex industria' erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Fidel Rasoren argazki bat 'Ars ex industria' erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko otsailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Testuinguruaren berri izan ezean, artelan abstraktu bat dirudi. Iradokitzaileak baitira altzairuaren kolore gris iluna eta, batez ere, xafla alderik alde zeharkatzen duen erliebea, irribarre baten tankera duena, edo zauri batena, edo beste edozerena. Zalantzak gogoeta hauspotzen du, ezinbestean. Baina, berez, azalpena ez da batere korapilatsua: Bilboko Vicinay enpresa zenaren zoru zati bat baino ez da, eta han fabrikatzen zituzten kate mardulek eragindakoa da arrastoa. Lantegian, helburu praktikoa besterik ez zuen; Bilboko Itsasmuseumeko paretan ipinita, ordea, balio artistikoa erantsi dio Aitor Ortiz artistak. «Artea gai da printzipioz ondare baliorik ez duten gauzak ondare bihurtzeko», nabarmendu du Alberto Salcedo Arte Ederretan doktoreak. Fabrika hartan hirurogei urtez garatu zen industria jardunaren «memoria fisikoa» jasotzen du xaflak, hain justu. Eta memoriaren ainguraketak dira, orobat, Salcedok antolatu duen Ars ex industria erakusketaren gainontzeko lanak.

Zera baita bildumaren helburua, komisarioaren berbetan: industrializazioaren memoria jaso eta hura transmitituko duen «gotorleku» bat osatzea. Ageri dira-eta jada existitzen ez diren fabrikak, aspaldi erretiratu ziren beharginen aurpegiak. Metro batzuk aurrerago desagertzen dira horiek denak, azkarregi egindako bidaia batean bezala, zantzuak eta hezurdurak besterik ez geratzeraino: zutik irauten duen labe garai bakarra, lekuz kanpo dauden tximiniak, herdoil zurrustek apaindutako egitura sakabanatuak, bitxikeria huts bilakatutako alimaleko eraikinak.

Vicinay enpresako zoru zatia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Vicinay enpresako zoru zatia. ARITZ LOIOLA / FOKU

Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen berrogeigarren urteurrenaren harira ondu dute erakusketa, eta lau hamarkada horietan industria eta hark lagatako ondarea landu dituzten artisten obrak bildu ditu Salcedok. 36 dira, guztira, hainbat diziplinatakoak: pinturek, marrazkiek, eskulturek, ikus-entzunezkoek, argazkiek eta grabatuek ematen dute aienatze horren berri; apirilaren 26ra arte bisitatu ahalko dira. «Uste dut artistek ardatz honetan bat egiten dutela: bilakaera postindustriala ikusita, memoria hori kontserbatzeaz arduratu diren pertsonak dira, arriskuan zegoela konturatu ziren eta».

Nortasunaren desagerpena

Hondarretan arakatzea eskatzen du maiz lan horrek. Bederen, hori eginez taxutu zuen Salcedok erakusketan ikusgai ipini duen obra. Galindoko (Bizkaia) Babcock Wilcox lantegiaren hondakinetan topatutako eredu industrial batzuk baliatu zituen Izar U (2023) eskultura egiteko. Eta antzeko modeloen multzo batek osatzen du, halaber, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artisten Naturaleza muerta con recipientes (2016) instalazioa: portzelanaren bidez berreskuratu dituzte behialako pieza metalikoak. Fabriken arrastoak ez ezik, orobat desagertu diren ogibideenak ere badira, Salcedoren esanetan. «Lantegietako modelo egileen ofizioa jada ez da existitzen. Beraz, artea ere manera bat da lehengo teknologia horiek oroitzeko».

«Ahozko memoria desagertuz doa; enpresa handietako langileak hiltzen ari dira. Beraz, uste dut alde fisikoak lagundu egiten duela memoria horiek finkatzen»

ALBERTO SALCEDO Arte Ederretan doktorea eta erakusketaren komisarioa

Langile horien jarduna erakusteko bestelako tresna bat eskaintzen dio arteak Salcedori, «galdu den klase nortasuna» aldarrikatzekoa, hain justu. Familiaren istorioa nabarmentzekoa, finean. «Lotura oso estua izan dut beti industria garaiarekin, eta harro nago langile klaseko familia baten parte izateaz», nabarmendu du. Bilboko Olabeaga kaian koskortutakoa da, 1970eko hamarkadan jaioa, eta ezagutu zuen, hortaz, itsasadarraren ertza janzten zuen paisaia industrial hura, baita ostean etorri zen erabateko aldaketa ere. «Artea egiteko beste akuilu bat zera da: ez dudala bat egiten egungo Bilboren ezaugarri askorekin. Uste dut burdinazko hiriak arima saldu diola titanioari: nortasun askoz handiagoa kontserbatu zezakeen, eta horrek aparteko izaera bat emango ziokeen». Haren hitzetan, Bilboren paisaia batzuk berdin-berdin topa daitezke Tokion edo Quiton, esaterako, eta penaz nabarmendu du itsasadarrak izandako bilakaera. «Gaur egun askoz garbiagoa eta zainduagoa dago, dudarik gabe, baina askoz bizitasun txikiagoa dauka. Lehen, etengabeko mugimendua zeukan».

Ez dio nostalgiaz begiratzen iraganari, dena den. Ezta Ana Isabel Roman artistak ere. Haren koadroaren soiltasunak, hondo zuriak eta trazu garbiek atentzioa ematen dute kolore eta forma indartsuz beteriko aretoan. Izan ere, Salcedoren piezaren urdin argi bizia, Agustin Ibarrolaren eta Luis Badosaren koadroen kolore festa, Dora Salazarren metro bateko latorrizko eskultura bat eta Ana Oliasek herdoilez apainduriko Mineros de la Mar (2016) txaparekin batera jarria baitute, besteak beste, Romanen Sweet machine (2007) margolana. «Betidanik ibili naiz bi munduren artean», oroitu du artistak. «Batetik, industria giroa zegoen, hirikoa, gogorra. Aitak Labe Garaietan egiten zuen lan, eta asmatzailea zen. Eta, bestetik, amonaren baserria zegoen».

Ana Isabel Roman artistaren 'Sweet machine' pintura, Bilboko Itsasmuseumen. BERRIA
Ana Isabel Roman artistaren 'Sweet machine' pintura, Bilboko Itsasmuseumen. BERRIA

Mugarri edo haustura handirik gabeko ibilbide bat izan da harena, eta behatzeko joera porrokatuak gidatu du. «Egiten dudan guztia soka berean bermatzen da», laburbildu du. «Esentziara, minimora jotzen dut, nire jatorriari segituz». 1993an, aurreneko umeaz haurdun zegoela, «etxeko laguntzaile» sorta bat pintatzen hasi zen, jabetuta halakoen beharra izango zuela ama, emakumea eta artista izateko, zeren fazetetako bati ere ez zion uko egin gura. «Orain, halakoak nahiko ohikoak dira, baina garai hartan zientzia fikzioa ziren». Ikerketa baten ostean sortu zituen hasierako laguntzaileak —espioia, maiordomoa, lorezaina eta lisatzailea—, eta beste asko mamitu ditu ordutik. Katebegi horietako bat da Sweet machine.

Babes falta

Salbuespentzat har daitezke, beharbada, Ars ex industria erakusketako artisten begiradak. Irudi aldarrikatzaileek, paisaia industriala edertzen duten enkoadraketa zainduek eta meategietako beharginen ondorengoen lekukotzek nabarmen talka egiten dute garai hartaz gailendu den iruditeriarekin: keak erabat itoak eta ilunduak zeuzkan 1980ko urteetako Bilbo eta Ezkerraldea, itsasadarra zabortegi baten parekoa zen, eta bazter guztiak ziren zikinak eta itsusiak. «Diskurtso hegemonikoa deitzen diot horri», adierazi du Salcedok. «Ulertzen dut katarsi garai batetik gatozela, eta aldaketa postindustrialera eraman gintuzten egoera asko batu zirela: petrolioaren krisia, autarkiaren bukaera, diktaduratik demokraziarako jauzia, heroinaren eta hiesaren osasun krisiak, 1983ko uholdeak, estatu kolpea jotzeko saiakera... Berrasmatu beharra izan genuen». Diskurtso hegemonikoak bide eman dio berrasmatze horri, baina ñabardurarik jaso gabe. «Ez da hitz egiten orduko harreman sozialez, borrokez, kontzientziaz. Adibide hau ipintzen dut beti: gogoan ditut Euskaldunako manifestazioak [1984-1988], komunitateak erakutsi zuen babesa; baina Sestaoko Naval zarratu zutenean [2018], berrehun lagun inguru batu ginen manifestazioan; jendea tabernetan zegoen».

«Betidanik ibili naiz bi munduren artean. Batetik, industria giroa zegoen, hirikoa, gogorra. Eta, bestetik, amonaren baserria zegoen»

ANA ISABEL ROMAN Artista

Eta nortasun hori ez ezik, garai hartako zantzu asko ere galdu dira. Izan ere, iruditeria negatibo horrek ondarearen kontserbazioa baldintzatu dezake. Bere doktore tesian —Arte y memoria industrial vasca. Revitalización del patrimonio industrial obsolescente mediante su intervención artística (Artea eta euskal memoria industriala. Zaharkitzen ari den ondare industrialaren biziberritzea esku hartze artistikoaren bidez)—, Salcedok zera ohartarazi zuen: lantegietako asko eraitsiak daudela daborduko, eta zutik iraun dutenak utzita daudela, edo modu desegokian berrinterpretatu direla. «Erakusketan, ondare kulturalaren parte diren elementuetan zentratu naiz», argitu du komisarioak. «Badira ondare industrialeko elementu batzuk niretzat balioa dutenak, baina, ez daudenez babestuta, ez da go argi ea haien alde egin daitekeen edo ez».

Ondare kulturaltzat jotzen diren horiek, aldiz, Ondare Legearen bermea dute; eta, hala ere, batzuetan ez da nahikoa. Hainbat adibide zerrendatu ditu Salcedok: Talleres de Zorroza multzo monumentaleko eraikinetako bat eraitsia izan da, eta gainerakoak «desagertzeko zorian» daude; Molinos Vascosek urteak eta urteak daramatza abandonatuta, «eta ez dago konponbiderik, oraingoz»; eta Bilboko alhondegiaren egokitzapenean —Azkuna zentroa da gaur egun—, «ez ziren errespetatu EAEko aldizkari ofizialean jasotako baldintzak: fatxada nagusia moldatu eta lehen hormartearen zati bat bota zuten sarrera nagusia egiteko, eta perimetroko bidea ezabatu Arrikibar plaza anexionatzean».

Alberto Salcedo, atzean Agustin Ibarrolaren margolana duela. ITSASMUSEUM
Alberto Salcedo, atzean Agustin Ibarrolaren margolana duela. ITSASMUSEUM

Kutsu ezkorra gorabehera, ondorioa itxaropentsua da: doktore tesian ebatzi zuenez eta Ars ex industria-n erakusten ahalegindu denez, artea eraginkorra izan daiteke memoriari eusteko. Besteak beste, garai baten zantzu materiala delako, lantegien hondakinak legez. «Zoritxarrez, ahozko memoria desagertuz doa; enpresa handietako langileak hiltzen ari dira. Gainera, ez da ahalegin handirik egin oroitzapen horiek batzeko. Beraz, uste dut alde fisikoak lagundu egiten duela memoria horiek finkatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.