Ingurutxoa biziberrituz

Iñar Sastrek eta Jon Esnaolak ingurutxoa moldatu dute Urmugarako. Sastre arituko da gaur Leireko monasterioan, eta Esnaolak igandean egin zuen kontzertua.

Iñar Sastre eta Jon Esnaola, lehengo astean, Tolosan. JON URBE / FOKU
Iñar Sastre eta Jon Esnaola, lehengo astean, Tolosan. JON URBE / FOKU
Tolosa
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iñar Sastre (Irura, Gipuzkoa, 1986) eta Jon Esnaola (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) musikariei aurkezteko eskatuta, Sastrek Esnaolaren piano irakasle gisa definitu du bere burua; Esnaolak, berriz, Sastreren ikasle gisa. Orain, rolak alde baterat utzi eta Urmugan ariko dira biak, bakoitza bere obrarekin. Ingurutxoa dantza tradizionala moldatu dute. 

IKUSI GEHIAGO

Sastrek gaur emango du Ingurutxoaren inguruan txistu eta organo kontzertua Leireko monasterioan (Esa, Nafarroa), Jagoba Astiazaran txistularia lagun duela. Esnaolak, berriz, uztailaren 20an jo zuen Ttun-ttun obra Leire Retegi eta Xanti Nazabal txistulariekin batera, eta Amaia Elizaran igo zen oholtzarat pieza dantzatzerat. Esnaolaz gain, Euskal Herriko hainbat talde bildu ziren igandeko ekitaldian dantza hori egitera; tartean, Tolosako Udaberri dantza taldea, Iruñeko txistulariak eta Tolosako txistulariak.

Moldaketa lanetan ere ibili dira. Esnaolak pop-rock estiloan aldaketak egin ditu orkestrarentzat; horrez gain, berak sortutako obra bat ere joko dute Baigorrin (Nafarroa Beherea), hilaren 27an. Sastre pianoa eta organoa jotzen dabil orkestrarentzat, eta moldaketa pare bat egin dizkie Kepa Junkera eta Janus Lesterri.

Migel Zeberio Urmugako zuzendari artistikoa lehendik ezagutzen zuten, eta haren bidez hasi ziren Urmugan kolaboratzen. «Migelen profila oso artistikoa da, eta ideia zoroak ditu batzuetan. Baten bat behar da haren ideiak gauzatzeko», azaldu du Sastrek.

«Obra pertsonala denean, denbora asko hartzen du; Urmugan jotakoa, berriz, esprint moduko bat izan da», adierazi du Esnaolak. Konposizio prozesuari dagokionez, Esnaolak dio «libreki konposatzen» utzi diotela. Ttun-ttuna jotzea aukeratu du, «trantze batean» sartzen duen erritmo eta soinu batean murgiltzeko. 

Horrela, sei minutuko obra bat sortu du Esnaolak: «Ingurutxoan aurki daitezkeen bi erritmo dauzka, ternarioa eta binarioa, hain zuzen. Bestalde, Leire Erretegiren bitartez Leitzako [Nafarroa] ingurutxoko bi melodia hartu ditut». Puristei «min pixka bat» egingo zielakoan dago, baina argi dauka ez zuela obra bere horretan jo nahi: «Beste buelta bat eman diot, lengoaia garaikidearekin harremanak sortuz tradizioa biziberritzen da eta».

Sastrek txisturako idatzitako ingurutxo doinuak jaso ditu bere obran; hala nola Jesus Guridiren Ingurudantza-ko bi pieza, Jose Ignazio Ansorenak jasotako hainbat doinu eta Hilario Olazaran konpositorearen Txoriak obrako doinu bat. Batzuetan obra bere horretan joko dute, eta besteetan, moldatuta. Gainera, inprobisaziorako tartea ere egonen da. Horrez gain, Maurice Raveli keinu bat eginen diote, 150 urte bete baitira konpositorea jaio zenetik.

Harrera ona izatea espero du Sastrek: «Leireko monasterioa urrun dago, baina uste dugu jendea entzuteko gogoz dagoela». Sastrerentzat «nahiko abentura» dela aitortu du, bera ez baita organista izatez. Pianoa jotzeko moduarekin alderatuta, desberdina dela erran du, oinak mugitu behar direlako azpiko teklei emateko, eta erregistroak maneiatu, hodien sonoritatea aldatzeko.

Tradizioari segika

Obrak berrinterpretatzearen garrantzia azpimarratu du Esnaolak: «Eraldatzen ez den tradizioa tradizio hila da; horregatik, moldatuz joan behar da, bizi berria emateko». Izan ere, 1926an Olazaranek Leitzako ingurutxoaren abesti guztiak jaso zituen, eta orduan obra «kristalizatu» egin zela adierazi du Esnaolak.

«Eraldatzen ez den tradizioa tradizio hila da; horregatik, moldatuz joan behar da, bizi berria emateko»

JON ESNAOLAKonpositorea

Bat dator Sastre ere. Gogorarazi du partiturek melodiek baino historia luzeagoa dutela: «Eboluzio etengabean daude kantak, hizkuntzak bezala. Gainera, gaur-gaurkoz, influentzia eta nahasketak ezinbestekoak dira».

Bertzalde, Urmugak duen garrantziaz hausnartu du Sastrek: «Nahiz eta BERRIA bezalako espazio batzuetan Euskal Herria bere osotasunean landu, normalean euskararen herria zatikatuta agertzen da. Proiektu honek komunitate bakoitzeko administrazioak elkarlanean jartzen ditu».  

Pertsonalki ere «izugarrizko esperientzia» dela dio Esnaolak. Sastrek «komunitate sentsazioa» nabarmendu du: «Nahiko mundu indibidualista da urte osoan, eta Urmugaren teilatupean sortzen den laguntasuna oso polita da». 

«Nahiko mundu indibidualista da urte osoan, eta Urmugaren teilatupean sortzen den laguntasuna oso polita da»

IÑAR SASTREPianista

Urmugan ez ezik, bertze hamaika gauzatan ere badabiltza bi musikariak. Esnaolak Lur obra estreinatu berri du, Euskal Herriko Gazte Orkestrak interpretatuta, eta oraindik «aje emozionalarekin» dagoela aitortu du. Ni sorgina banaiz dokumentalean ere parte hartu du musika idazten, eta laster estreinatuko dute. Etorkizunera begira, Asisko Urmenetarekin Jorge Oteizaren inguruko dokumentala egitekotan da.

Sastre, berriz, Maurice Ravelen inguruan ibiliko da; Donostiako Musika Hamabostaldian eta Zumaiako (Gipuzkoa) jazz hirukotean joko du pianoa, bertzeak bertze.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.