Bi ezpata dantzari daude margotuta Leitzako turismo bulegoaren kanpoaldean (Nafarroa), baina, berez, Leitzak badu bertakoa den beste dantza bat: ingurutxoa. Hilario Olazaran apaizak duela ehun urte pasatu zuen haren partitura paperera, eta, hori gogoratzeko eta dantzaren historia transmititzeko, Agur, joan da nere soñue herri antzezlana egingo dute bihar, 21:30ean, Leitzako plazan. Ehun herritar inguruk parte hartu dute; Migel Mari Elosegi Luze-k idatzi du gidoia (Leitza, 1970), eta Leire Retegik (Leitza, 2002) txistua jotzen du antzezlanean.
Bi izen propio: Evaristo Elduaien eta Hilario Olazaran. Nor izan ziren?
LEIRE RETEGI: Hilario Olazaran Lizarrako fraide kaputxino bat zen, Leitzara anaiari bisitan etorria, haren anaia Ramon apez eta organista baitzen hemen. Herri musikaren bilketan eta idazketan lan handia egin zuen. Evaristo Elduaien, berriz, Leitzan jaio zen, 1866an, Malkorra baserrian. Gizon oso xumea zen, hitz gutxikoa, ahuntzaina. Igandeetan edo jai egunetan askotan jartzen omen zen etxeko atarian txistua jotzen. Berak, eskuz, sagarrondoaren adarrekin egindako txistu batekin.
Zer lotura dute ingurutxoarekin?
MIGEL MARI ELOSEGI, LUZE: Ingurutxoa herriko dantza nagusia da Leitzan. Oso-oso luzeak ditu sustraiak. Erritual oso bat da: lehenbizi batek egiten du, gero besteak... Hilario ingurutxoa ikustera etorri zen, txoratuta gelditu, eta liburu bat egin zuen: Leitzako Ingurutxoa. Hor esplikatzen du dena.
RETEGI: Evaristo jotzen ikusi, entzundakoa asko gustatu, eta etxera eramanarazi zuen Hilariok. Ingurutxoa transkribatu zuen, eta liburuan jasota gelditu zen. Kontzientzia hori izan zuen: herrietara joan eta bertakoa jaso, garai hartako txistularia falta izatean doinua ez zedin txistulariarekin batera galdu. Ehun urte bete dira jaso zituenetik, eta hori izan da antzezlanaren abiapuntua eta aitzakia.
Eta gorde bazuten, zergatik Agur, joan da nere soñue izenburua?
RETEGI: Liburuan kontatzen da Evaristok ez zuela joan nahi izan haren etxera, eta, gero, Hilariok berak doinuak paperera transkribatu zizkionean-eta, bere irudia ilundu zela. Orduan bota omen zuen esaldia: «Agur, joan da nere soñue».
ELOSEGI: Evaristok ez zekien irakurtzen, ez zekien idazten. Ez zekien musika idatz zitekeenik ere. Apezak ingurutxoa jo zionean, esan zion: «Agur, joan da nere soinue». Orain Iruñera eramango dute, eta adio.
Ehun urte atzera eginda, ingurutxoak zer garrantzi zuen orduan Leitzan?
ELOSEGI: Garai hartan, txistu bat edo akordeoi bat izatea altxor bat zen, miraritxo bat. Evaristok besta jartzen zuen Karrapen, igandero... Hori zen bizitza soziala, oso gauza handia, jendea lanpetuta ibiltzen baitzen. Ingurutxoak oso rol garrantzitsua jokatu zuen, oso dantza atsegina baita, gustura dantzatu daitekeena, lagunartean...
Eta gaur egun?
RETEGI: Leitzan beti esaten zaio «aspergarria» eta «luzea»; beti hitz horiekin definitzen da ingurutxoa. Oso aberasgarria da doinu kopuruan eta barietatean. Baina, pentsa, lehengo urtean dantzaldietako bat kendu zuten festetan, San Tiburtzio egunean. 21:00etan dantzatzen zuten, eta iaz ez zuten dantzatu, dantzariak falta zirelako.
«Geure dantza ingurutxoa da, eta, ahal den heinean, hura zaintzea eta iraunaraztea dagokigu»
LEIRE RETEGI Antzezlaneko txistularia
Hortaz, hari balioa ematea izan da antzezlanaren helburua?
ELOSEGI: Ingurutxoa ez dago behar adina baloratuta; igual kanpoan bai, baina Leitzan ez behintzat. Izan ditu garai onak eta txarrak. Nik zure adinean ezagutu nuen ingurutxoa egunero festetan. Goizeko 03:30ean, plaza betea. Eta jendea kanpotik heltzen zen, dantzatzera. Oso besta ederra zen. Orain, berriz, urtean behin egiten da.
RETEGI: Beste herriren batzuetan izanen dute berena, baina geure dantza ingurutxoa da, eta, ahal den heinean, hori zaintzea eta iraunaraztea dagokigu. Gaur egun, bestetako egun handian Leitzako ezpata dantza esaten zaion hori dantzatzen da. Baina ez da Leitzakoa, Durangaldetik etorritakoa baizik. Baina indar erakustaldi bat denez, ikusgarriagoa, hanka nork altxatuko gehiago... bai dantzariak eta bai ikusleak erotzen ditu. Geurea, ordea, ingurutxoa da.
Garai hura jaso duzue antzerkian, baina gaur egunera egokituta, ezta?
ELOSEGI: Arreta non jartzen den... Liburua bere horretan hartuz gero, gizonak bakarrik aterako lirateke. Baina antzerkian esaten dugu: gauzak horrela izan dira, baina zergatik? Gizonezkoak horretan ari ziren bitartean, emakumeak lanean ari zirelako, etxeko lanetan, umeak zaintzen... Beste lan batzuk egiten. Pentsa, Ingurutxoa idatzi eta bost urtera Evaristo trenak harrapatu zuen. Haren andrea, Mari Kruz Zabaleta, hamar seme-alabarekin geratu zen, eta aurrera atera dira. Evaristok kristoren konpromisoa zuen txistua jotzen, batean eta bestean. Bitartean, nor ari zen hamar ume zaintzen?
Ehun herritarrek parte hartuko duzue. Nola moldatu zarete hainbeste jende elkartzeko?
RETEGI: Luzeri buruhauste batzuk emanez [barrez].
ELOSEGI: Tekla bat baino gehiago jo ditugu. Leitzan talde handi asko ditugu: dantzariak, txistulariak, Jaiki abesbatza, inauterietako musika banda... eta, gero, Okile tailerra funtsezkoa izan da: heziketa berezia behar duten pertsonen tailer bat da, eta helduleku mundiala izan dira. Haiek fabrikatu dituzte tresnak, atrezzoko gauzak... Eta, Okile sartu denez, LHL taldea ere sartu da, Leitzan inklusioa lantzen ari den talde bat. Hamar lagun dira, eta atzeko lan handia egin dute. Haiei esker izan da posible.
RETEGI: Adin askotako jendea elkartu gara, eta antzerki honen aberastasuna hor dago: ekintza xume horretatik abiatu zen, baina partaideekin eta lanketekin gozatu dugu.
LOTSABAKO
Dantza bat?
ELOSEGI: Ingurutxoa. RETEGI: Iturengo zortzikoa.Antzerkiko pertsonaia bat?
ELOSEGI: Mari Kruz Zabaleta. RETEGI: Evaristo Elduaien, txistularia da eta...Leitzako tradizio kuttuna?
BIEK: Inauterietako eskea, baserrietakoa.