Aralarren behin aurkitu zuen «pietatea» hartu du esku artean Juan Jose Agirrek (Alegia, Gipuzkoa, 1930): «Egun osoan izan nuen besoetan. Irumugarrietan aurkitu nuen. [Jorge] Oteizaren Pietatea baino dexente lehenagokoa da hau», dio, irribarrez, mendian topatutako artelanari eusten dion bitartean. Lazkaoko Beneditarren Dokumentazio Guneko harrizko altxor bakanetakoa da, paperezko milaka altxorren artean. «1500. urtea baino lehenagoko liburuak daude hemen; harribitxiak. Esku artean halako liburu bat hartzea berezia da; urre kolorea erabiltzen zuten, kapitularrak eskuz koloreztatzen zituzten, tipografia ederrak dira, eta koadernazioak oso txukunak». Inkunableez ari da beneditarra, baina historia garaikidea ulertzeko ezinbesteko lekua ere bada artxiboa. Agirrek urteak daramatza askotariko euskarrietan eta garaietan argitaratutako paperak biltzen, inkunableetatik paskinetara.
Calepini Dictionarium Decem Liguarum da artxiboko obra preziatuenetako bat. Mila orrialdetik gorako liburua perfektu dago. 1500. urteko liburua da. Funts zaharrean zortzi inkunable daude eta garai horren ostekoak, "inkunable ostekoak" deiturikoak, berriz, laurehun baino gehiago dira: «Ehun Biblia inguru ere baditugu, hizkuntza ezberdinetan: latinez, grezieraz, sanskritoz... Aita gurea, berriz, 5.000 hizkuntzatan daukagu». Pietatea dagoen monasterioko gela zaharretan daude libururik zaharrenak, hiru pisutan sailkatuta. Eraikin berrian, berriz, afixak, esku paperak, pegatinak, panfletoak, komunikatuak, aldizkariak, egutegiak... Lazkaoko Beneditarren Dokumentazio Gunea Euskal Herriko historia modernoa ikertzeko erreferentziazko gunea da.

«Juan Jose Agirre aitzindaria izan zen, bisionario bat», adierazi du Miren Barandiaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1974). Estima handiz hitz egiten du Agirrez. Barandiaran beneditarraren eskuin eskua da, eta ederki asko ezagutzen du artxiboaren edukia. «Inork gordetzen ez zuena gordetzen hasi zen. Frankismoaren garaian debekatuta zegoen materiala zen asko, dokumentu klandestinoak eta ilegalak: eskuorriak, paskinak, afixak, pegatinak, aldizkariak... Balioa eman zion baliorik ez zuenari. Liburuak beti izan dira preziatuak, baina kartelak eta pegatinak, ez. Formatuagatik, gauza efimerotzat jotzen ziren. Hark material hori bildu ez balu, desagertuta zatekeen. Lurrean aurkitutako pegatinak dauzkagu hemen, baita zapalduta dauden kartelak ere».
Lan itzela
«Hari zor diogu hemen daukaguna», azpimarratu du Barandiaranek. «Lan itzela egin du. Ezin daitezke zenbatu hemen sartu dituen orduak. Urteak eman zituen bakarrik. Kutxak eta apalak ekartzen zituen handik eta hemendik». Barandiaranen hitzetan, historia ofizialetik at gelditu zen materiala dago Lazkaon: «Kontakizun ofizialetik at zegoena dago hemen, galtzeko zorian zena. Politikan eta mugimendu sozialetan espezializatuta gaude; sindikalismoa, ekologismoa, feminismoa, antimilitarismoa, internazionalismoa... Orain pentsiodunen mugimenduaren bilduma ari gara katalogatzen».

Ondarea infinitua da. Euskal hemerotekak 8.200 titulu ditu. Funtsetan 80.000 kartel eta 35.000 pegatina dituzte katalogatuta, ehun bilduma baino gehiago eta beste 72 artxibo, tartean hainbat eragileren eta norbanakoren artxiboak... «Aralar eta Euskadiko Ezkerra alderdien artxiboak daude hemen, baina baita beste hainbat pertsonarenak ere: Juan Mari Bandres, Jesus Elosegi, Mariano Ferrer, Txillardegiren artxiboaren parte bat... Tasio ilustratzailearen artxiboa da jaso dugun azkenetakoa». Barandiaranek dioenez, egunero jasotzen dute zer edo zer: «Urtero 4.000 eta 5.000 kartel artean iristen zaizkigu. Zailena da erabakitzea zer gorde eta zer ez. Oso zaila zaigu zerbait baztertzea...».
Agirrek Kataluniara egindako bidaia batean dago abiapuntua. Montserrateko monasterioko liburutegian hasi zen liburuak ezagutzen eta estimatzen. «Ezagutzen ez nuen mundu batean sartu nintzen». Hala esan zion Joan Mari Torrealdairi. Idazleak liburutxo bat idatzi zuen hari buruz, haren ibilbidea txukun jasoz: Lazkaoko Beneditarren dokumentazio gunea. Juan Jose Agirreren artxiboa. Anekdota ugari ere badaude jasota bertan. Tartean Aita Marc-ek deitu zueneko hura: «Gela sekretu batera eraman ninduen. Kataluniari buruz frankismoan ateratzen ziren liburuak, aldizkariak eta dokumentuak gela hartan zeuzkan, giltzapean. Jose Antonio Agirre lehendakariaren paper batzuk ere erakutsi zizkidan. Arnasarik gabe geratu nintzen. Agirre guretzat, garai hartan, Jainkoaren hurrengoa zen».
Obsesio bat
Agirrerentzat hantxe hasi zen obsesio bilakatuko zena: «Hori izan zen drogaren hasiera. Euskal Herriaren kulturaren alde zerbait egin behar nuen. Kultura salbatu egin behar da: hori gabe ez dago historiarik. Katalanak gainditu nahian hasi nintzen, eta bai lortu ere». Artxibozainak 73an ekin zion dokumentuak biltzeari, «argitalpen suntsikorren urre garaian»: «Nire obsesio handiena hori izan da, ahalik eta gehiena jasotzea. Obsesio horrek eraman nau paper txiki baten atzetik luze ibiltzera. Paperik xixtrinena ere inportantea zen niretzat».

Montserraten hori dena isilpean gordetzen zutela ikustea berebiziko aurkikuntza izan zen beretzat. Lazkaon alez ale ekin zion orotariko dokumentuak biltzeari. Monasteriora itzuli zenean, liburutegi zaharrean paper artean miatzen hasi, eta hara non aurkitu zuen Euzko Deya-ren 12. bilduma. «1500. urteko liburuak hautsez beteta zeuden». Artxiboan perlak daude: Manuel Larramendiren lehen euskal gramatika, Sebastian Mendibururen hainbat liburuki, XVII. mendeko katiximak, eta, denboran aurrera eginez, ikerlarientzat «ezinbesteko aldizkariak»: Tierra Vasca, Euzkadi, Gudari, Zutabe, Zutik, Zuzen, Anaitasuna, Zeruko Argia, EMKren Zer Egin... Egin eta Egunkaria ere jasota daude. Agirrek berak koadernatu izan ditu egunkari horiek —egun, BERRIAeta Gara ere gordetzen dituzte—. Kartelen eta pegatinen bildumak, berriz, errelatoa osatzeko materialak dira gaurko eta biharko antropologoentzat.

Barandiaranek Korrikaren lehenengo aldiko kartela atera du tiradera erraldoi batetik. Euskal Herriko azken 50 urteetako imajinarioa dago gordeta artxiboan, kalean ikusten ziren afixak, ezkutuan banatzen ziren pegatinak, autoetan itsasten ziren pegatinak... Nuklearrik ez, eskerrik asko eranskailuaren ale mordoa dago artxibategi batean, hizkuntza ezberdinetan. «Gure tematika aldarrikatzailea da, anti den guztia dago hemen, bazterrean gelditu ohi den guztia... Lemoiz gelditzeko aldarrikatzeko pegatinak hemen daude, eta nuklearren kontrakoak hemen. Hau [Eduardo] Txillidak egin zuen».
Zaborretan amaitzera kondenatuta zeuden papertxoak ondare bihurtu dira. Honezkero, zenbait liburu egin dituzte bertan dagoen materiala erreferentziatzat hartuta. Euskal Memoria fundazioak Euskal Herriko pegatak eta Euskal Herriko Horma biziak liburu monografikoak argitaratu ditu, eta bietan ikus daitezke artxiboan jasota dagoen materiala. Hainbat filmetan garai hartako giroa irudikatzeko ere hartu izan dituzte irudiak. Agirrek berak esan izan du Euskal Herriaren historia konta daitekeela eranskin eta afixen bidez: «Franco hil ostean, barra-barra hasi ziren agertzen».

Lazkaoko Santa Teresa komentua 1641. urtekoa da. Artxiboa jasotzeko txiki geratu zen aspaldik, eta, hortaz, beste eraikin bat egin zuten alboan. Gaur egun, 586 metro karratu ditu eraikinak. 2010. urteko abenduan inauguratu zuten, eta handik urtebetera eratu zuten fundazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lazkaoko Udalak eta beneditarrek osatzen dute Lazkaoko Beneditarren Fundazioa. Hiru lagun aritzen dira materiala katalogatzen. Etxaun Galparsoro (Donostia, 1980) hirugarren artxibozaina da.
Ez da museo hila, artxibo bizia baizik. Urtero ehun bat lagun pasatzen dira bertatik materiala kontsultatzera. Agirreren ametsa izan zen taxuzko euskal biblioteka bat antolatzea eta kanpoko jendea joatea biblioteka hori kontsultatzera. Orain pozarren jartzen da tesi bat egiten ari den ikerlari bat joaten den aldiro, eta harro bizi oso bateko lanak zentzua izan duelako. Ez du irrika galdu, eta ordenagailuaren aurrean geratu da, liburu zahar bat katalogatzen.
artxiboen nazioarteko astea
Artxiboen Nazioarteko Eguna ekainaren 9an ospatzen da, 1948an Unescoren babespean Artxiboen Nazioarteko Kontseilua sortu zutela ospatzeko. Efemeride hori aste osora zabaldu zuten 2019an. Aurtengo leloa hau da: Artxibo irisgarriak. Artxiboak guztiontzat. Euskal Herrian ere hainbat ekitaldi daude antolatuta.
Euskadiko Artxibo Historikoan euskarazko bisitak egingo dituzte gaur, 12:00etan, eta bihar, 19:00etan. Bilboko Maria Diaz de Haro kalean dago artxiboa.
Gipuzkoako Artxibo Orokorra Tolosan dago. Bertan bisita gidatuak egingo dituzte gaur eta bihar, hiru txandatan: 10:00etan, 12:00etan eta 16:00etan. Bisita bakoitzean bi talde osatuko dituzte; bata, euskaraz; eta bestea, gazteleraz.
Nafarroako artxiboek ere ateak irekiko dituzte. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak duen bilduma ezagutzeko aukera aparta egongo da ostiralean, 12:00etan. Rafael Moneok zaharberritu zuen jauregian hitzaldiak, erakusketak eta kontzertuak ere izango dira. Nafarroako Artxibo Garaikidean gaur eta bihar izango dira bisitak, 12:00etan euskaraz. Super Ser fabrika zaharrean dago egun artxiboa; eraikin enblematikoan, alegia.