Artisaua

Karmelo Boneta Lopetegi: «Inoiz ez dut piezarik egin bere ederragatik; beti ikertu dut jatorria»

Bonetak milaka pieza egin ditu, bereziki kutxak eta argizaiolak. Kultura ezagutzera ematea izan da haren nahia: «Ez dut oroigarririk egin nahi izan, gure tradizioak, gure kultura eta gure folklorea azaldu baizik».

Karmelo Boneta artisaua bere tailerreko atarian, Lizarran. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Karmelo Boneta artisaua bere tailerreko atarian, Lizarran. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Kristina Berasain Tristan.
Lizarra
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Rua kaleko 19. zenbakian daukan tailerra museo txiki bat da, leku enblematikoa, interes kulturaleko tokia. Karmelo Boneta Lopetegik (Lizarra, Nafarroa, 1946) denentzat dauka atea irekia; bertakoentzat, turistentzat, erromesentzat... «Europako kale luzeena da hau; Orreagatik Santiagoraino doa», dio, irribarrez, atarian batzuek eta besteek agurtzen duten bitartean. Aspaldi hartu zuen erretiroa, baina artisaua da orain ere, eta egunero egoten da tailer kuttunean, kutxen eta argizaiolen jatorria azaltzen. Bizi osoa eman du zurari lotuta. Galtzada luze horretako hainbat etxetako teilatu hegalak seinalatu eta harrotasunez esan du berak eginak direla.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Kalean. Haur guztiak elkartzen ginen kalean, adin guztietakoak… Frontoian egoten ginen jolasean, pilotarekin, korrikan... Haurtzaro zoriontsua izan nuen, harik eta aitak istripu bat izan zuen arte. Arotza zen, eta, egun batean, kamioi bat deskargatzen ari zela, zama gainean erori eta barrutik lehertu zen; odola atera zuen ahotik... Ez zen hil, baina ezin izan zuen gehiago lanik egin. Nik 6 urte baino ez nituen. Bost seme-alaba ginen etxean. Amak latzak eta beltzak ikusi zituen. Azkenean, miserikordiara joan ginen… 8 urte nituen eta ama handik lau urtera hil zen, atsekabetuta. Latsaria zen. Ibaiertzera joaten zen arropa garbitzera. Urrian, arrosarioarekin kaletik otoitzean pasatzen zirenean, ezkaratzetan ezkutatzen zen ibaira zihoala ikus ez zezaten…

Eta eskola?

San Joan elizan eliz mutiko ibili nintzen, 1954tik 1960ra. Eskolara gutxitan joaten ginen, baina kalean latina ikasi nuen. 

Eta noiz hasi zinen zurarekin?

Amaren anaia batek enpresa bat zuen Madrilen. Hara joan nintzen ama hil eta gutxira, baina gutxi iraun nuen enpresan. Fernando Mateoren tailerrean hasi nintzen orduan zura lantzen; oso tailer ona zen. Mostequinza kalean zegoen, Castellanatik gertu. Madril ez zitzaidan gustatzen, eta jaioterrira itzuli nintzen 18 urterekin. Lana eskaini zidaten hemen, aldareak zaharberritzen. Estellerian ibiltzen ginen, elizaz eliza, santuak eta aulkiak zaharberritzen eta polikromiak egiten. Garai polita izan zen, baina nagusiarekin ika-mika bat izan nuen, ohol bat gaizki moztu nuela eta ez nuela, eta neure kabuz aritzea pentsatu nuen.

Karmelo Boneta artisaua bere tailerraren atarian, Lizarran.
Karmelo Boneta artisaua bere tailerreko atarian, Lizarran. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Orduan erosi al zenuen tailerra?

Pablo Hermoso de Mendozarentzat lan bat egiten ari nintzen, eta hark esan zidan bere etxe azpiko etxabea salgai zegoela. Garai hartan, 21 urte bete arte ez zinen adinez nagusi, baina nik etxabe hau 19 urterekin erosi nuen. Garai hartako 35.000 pezeta ordaindu nituen. Lagun batek eman zidan dirua seinalea ordaintzeko, eta osaba bat izan zen tutorea notarioaren aurrean.

Rua kaleko 19. zenbakia. Leku ederra da...

Erosi nuenean ikusi izan bazenu! Larrua zurratzeko lantegi bat zen, eta alboan beste bi lantegi zeuden: Castejonena eta Ganuzarena. Kiratsa ikaragarria zen. Arratoiz eta akainez beteta zegoen. Kuadrillako lagunek lagundu zidaten garbitzen. Orduan hasi nintzen kutxekin.

Azkenean, aitaren bidetik egin zenuen. Hura arotza, eta zu ere zurarekin…

Bai. Anaia zaharrena ere arotza izan zen. Zerrakina sehaskatik ikusi dugu etxean. Amak beti esaten zuen: «Jatekoa ez da egongo, baina zerrautsa, nahi beste». 

Dena den, zu ez zara arotza izan, artisaua baizik…

Bai. Lizarrako Mendizale Elkartean nengoen, eta maiz joaten ginen Urbasara. Amezkoetako artzainak ezagutu, eta han ikusten nituen kutxak, kaikuak, motrailuak... Artzainak ziren, baina niretzat artistak ziren. Arreta jartzen nuen beti tresna horietan, eta haiek ikertzen hasi nintzen. Artzaintza historiaurreko aztarnak dituen mundu bat da.

Karmelo Boneta artisaua bere tailerrean lanean, Lizarran.
Karmelo Boneta artisaua tailerrean lanean, Lizarran. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Etnografiaren eta antropologiaren bidezidorretatik...

Hala da! Inoiz ez dut piezarik egin bere ederragatik; beti ikertu eta dokumentatu dut jatorria. Ez banekien zer zen, ez nuen egiten. Pasadizo bat kontatuko dizut. Urbasan maniobra batzuk egin zituzten behin militarrek, eta hondarrak osin batera bota zituzten. Ardiak jatera joan ziren, baina barrura erori ziren. Mendizale elkartekoak joan ginen osin hartara, garai hartan suhiltzaileek ez baitzuten erreskaterik egiten. Hogei bat ardi atera genituen. Artzainek, eskerrak emateko, afaltzera gonbidatu gintuzten. Izperregi zen artzainetako bat, eta artzain horrek artilea iruten irakatsi zidan. Istorio polit bat kontatu zidan. Txoatileren istorioa iltzatuta geratu zitzaidan.

Txoatile?

Txoa txori bat da. Urbasan hazten da, baina lo egitera hona etortzen da, Zaraputzera. Goizaldean ikusten dira, saldoan, makaldietara bidean. Beltzak dira. Txori horiek parekatu nahian daudenean, arrak emearen inguruan ibiltzen dira bueltaka, eta horixe bera da txoatile tresnak egiten duena. Artilea iruteko erabiltzen den zurezko pieza da. Nafarroako lehen artisau azoka Iruñeko Gotorlekuan egin zen. Jose Migel Barandiaran etorri zen, eta txoatileren istorioa kontatu nionean liluratuta geratu zen. Berak maratila hitza ezagutzen zuen. Hamaiketakoa egin genuen; Barandiaranek, Domingo Etxandi kaikugileak eta nik neuk. Lagunak egin ginen, eta geroztik askotan egon ginen elkarrekin. Fermin Leizaola, Antxon Agirre Sorondo, Isidro Saenz de Urtiri, Enrique Ibabe... Etnografo guztiak pasatu dira hemendik.

Eta orduz geroztik azokaz azoka ibili zinen.

Gure kultura eta ondarea ezagutzera emateko aritu naiz feriaz feria. Gure ondarea galtzen ari zela ikusten nuen, eta pena izugarria nuen. Herri bakoitzaren kultura babestu eta sustatu behar da. Jende asko hasi zen hona etortzen, mundu osotik, eta nire nahia zen hemengo kultura eros zezaten; gure kutxak, argizaiolak… Ez dut oroigarririk egin nahi izan, baizik eta gure tradizioak, gure kultura eta gure folklorea azaldu. Hau da gure ondarea, euskal kulturaren ondarea.

Karmelo Boneta artisauaren tailerra Lizarran.
Karmelo Boneta artisauaren tailerra, Lizarran. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Denei kontatzen diezu zer diren argizaiolak...

Argizaiolak antropomorfoak ziren. Behinola argizaria eta ohola bera ere erretzen ziren. Gero, elizak beste interpretazio bat eman zion, sorginekin bezala. Sorginak sendalariak ziren, baina Inkisizioarekin sorginak hil zituzten, eta argizaiolek beste itxura bat hartu zuten. XI. mendetik aurrera ikusten dira gurutzeak. Ohola erretzeari utzi zitzaion. Argizaiolak jaiotzarekin daude lotuta. Otsagabiko argazki zahar batean ikusten da; eliz atarian dago aterata, haurrak bataiatzera eramaten zituztenean. Aezkoan [Nafarroa] lastozko otarretxo batean eramaten zuten argizaria. 

Zuk zeuk ere egin duzu argizaria...

Halabeharrez ikasi behar izan nuen. Beste ofizio batzuk ikasi behar izan ditut beste artisau batzuk hil ahala. Pieza jakin batzuk egiten zizkidaten, eta nik ikasten ez banuen, ezin nituen lortu; bandak, esaterako. Harria eta burdina lantzen ere ikasi nuen, eta buztingintza. Martin Etxeberria Lizarrako azken buztingilearekin aritu nintzen. Argizaria garai batean gozogileek egiten zuten. Lizarran bi zeuden: Napal eta Ros. Bittor Napalek utzi zizkidan tresnak eta erreplikak egin nituen. Javier Armendariz Martijari eta Isidro Saenz de Urtiriri esker ikasi nuen. Orain argizariaren inguruko liburu bat irakurtzen nabil. Fernando Hualderena da.

Enkargu asko ere jaso dituzu. Zein izan da bereziena?

San Andresen erlikiaren kutxa. Patrasko apezpikua Santiagora eramaten ari zen erlikia, baina hemen hil zen, Lizarran, eta hemen geratu zen. Kontua da 1979an lapurtu egin zutela aldaretik. Erromatik beste bat ekarri zutenean, aurrekoaren kutxa egiteko eskatu zidaten. Hori da egin dudan maisulana. San Pedro elizan dago. Marmolezko inkrustazioak ditu alboetan, eta kupulan errubiak eta esmeraldak. Kordobako artisauek egin zioten xafla. Baimen berezi bat eman zidaten erlikiarekin hara joateko. Hilabete eman nuen han. Aurrekoaren argazkietan oinarrituz egin nuen dena, eta oso gauza bitxia gertatzen da. Prozesioan atera eta eguzkiak angelu ezberdinetatik jotzen duenean, errubiek efektu berezi bat sortzen dute, eta barrukoa lausotu egiten da... Ematen du desagertu egin dela. Prozesioan atera zuten aurreneko aldian jendeak esaten zuen han ez zegoela erlikiarik.

Karmelo Boneta artisauaren tailerra Lizarran.
Karmelo Boneta Done Mikelen erlikiak eramateko kutxa egiten. KARMELO BONETA LOPETEGI
Kutxak eta argizaiolak egin dituzu bereziki, baina baita bestelakoak ere...

Artisaua herriko notarioa izan ohi da; sehaskarekin hasi eta hilkutxaraino, dena egiten du [barrez]. Argizaiola asko enkarguak izan dira, baina denetarik egin dut: koilarak, atrilak, jolasak, ur bilatzaileentzat ezpel penduluak, karrakak, matrakak... Matrakak oso soinu berezia egiten du; epidemiak zabaltzen zirenean erabiltzen ziren herrietan jendea ohartarazteko... Gauza bitxiak ere egin ditut. Lizarrako Barandalla trinketean zegoen tresna hau, adibidez, tantoak zenbatzeko erabiltzen zena. Beste hau polboroiak egiteko moldea da. Agate Deunean emakume zaharrek polboroiak egiten zituzten, eta halakoak egiteko eskatu zidaten, zahar bat ekarrita. Hau, berriz, pilotak egiteko ingude bat da. Pilota bustita dagoenean josten dute, eta, forma borobila emateko, hemen jarri eta mailuarekin jotzen da. Gatuzainak ere egin izan ditut, dantza taldean erabiltzen genituen, eta hamarren kaxak. Elizari edo erregeari eman beharreko hamarrenak jasotzeko erabiltzen ziren. XII. mendekoak dira. Larakoa zuten lehen altzariak izan ziren. Ikean egun egiten direnen antza dute [barrez].

San Telmo museoarentzat ere egin izan dituzu piezak.

Bai. Xabi Oterok enkargu berezi bat egin zidan: iparrorratz bat, sestante eta guzti. Ternuako baleontzi batean aurkitutakoaren erreplika egin nuen. 

Musika tresnak ere erruz egin dituzu.

Juan Mari Beltranen museorako egin izan ditut koilarak, kriskitinak, okarinak... Eusko Jaurlaritzak musika tresnen inguruan egindako liburu batean ere ageri naiz okarinarekin. Donejakue bideko eliza erromaniko askoren kapiteletan musika tresnak ageri dira. Lizarran bertan, harpa bat, txirimia, zarrabetea... Santiagoko Loriaren eliz atarian 26 aingeru agertzen dira, bakoitza bere musika tresnarekin. Bada bidea egiten duenik espreski tresna horiek ikertzeko. Iruñeko katedralean salterioa ageri da. Iparraldean tuntun deitzen diote. Salomonek jotzen omen zuen salterioa. Zelten garaikoa da.

Eta zein izan da egin duzun azken pieza?

Lizarrari omenaldi bat egin nahi nion, eta eserleku berezi hau egin dut, zur zaharrarekin. Bizkarraldean, Gaztelako atearen frontoia irudikatu dut, hiriko armarriaren zortzi puntako izarrarekin. Zutik geratzen den garai bateko harresien azken atea da. Ondoren, Nafarroako Errege-erreginen arkuak daude. San Pedro elizaren atzealdean zegoen zurezko teilatua ere irudikatu dut. Duela urtebete amaitu nuen, eta jada erosi nahi izan didate.

Karmelo Boneta artisauaren tailerra Lizarran.
Karmelo Boneta artisauaren tailerrean salgai dituen pordoiak. Donejakue bidearen jatorrizko sinboloak dira. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Gero eta erromes gehiago pasatzen da hemendik, ezta?

Europako kalerik luzeena da hau; Orreagatik Santiagoraino doa [barrez]. Lehen, hilabetean bospasei pasatzen ziren, denak erromes jantzita, hurritz makilarekin, eta ura eramateko kalabazarekin. Orain, karbono zuntzezko makilekin doaz... Maskorra Donejakue bidearen sinbolo bihurtu da, baina jakin behar da maskorrak erromatarrek erabiltzen zituztela, ardoa dastatu eta pozoituta ote zegoen jakiteko. Norbait pozoitzea kirol olinpikoa zen garai hartan, eta ardoari zianuroa botatzen badiozu, eta ardo horren tanta bat maskorrean botatzen baduzu, nakarra belztu egiten da. Codex Calixtinusliburuan horregatik gomendatzen zuten maskorrak erabiltzea, baina aurretik bidearen sinboloa beste bat zen: pordoia. XV. mendetik hainbat artelanetan ikusten da. Iristen zinen herriko edo hiriko ateak irekitzeko balio zuen. Ikono hori leku askotan agertu da. Asko ikertu dut hori. Alemanian eta Frantzian elizetako erretaula eta margolanetan dago. 

Zigilua ere jartzen diezu erromesei?

Bai. Horixe da gehien egiten didaten argazkia, zigilua jartzen. Badut txikitako oroitzapena, miseriokordiara erromesak lotara joaten zirenekoa. Gosaritarako, kafesnea hogi apurrekin, eta, bazkaritarako, arroz zopa edo bi arrautzako tortilla. Guk jaten genuen berdina jaten zuten. Pezeta batzuk ere ematen zizkiguten. Miserikordian bertan jartzen zizkieten zigiluak. Kontua da eraikina bota zutenean, artxibo eta guzti, egun batean hara joan eta erromesei jartzen zieten zigilua hartu nuela. Horixe bera da orain txartelean jartzen diedana. Mundu osotik datoz. Hizkuntza guztietan mintzatzen dira. Duela gutxi arte, marrazkiak eginez ulertzen genuen elkar; orain, sakelakoan zuzeneko itzulpena daukagu.

Hainbat sari eta aitorpen jaso dituzu. Lizarrako Herritar Saria, Euskal Herriko Artisau Onena, Donejakue Bidearen Lagunen elkartearen plaka... Pozik?

Oso. Beti egin dut lan kulturaren alde. Beti ibili naiz gure kultura ikasten, irakurtzen, ikertzen eta zabaltzen. Ereindakoak bere fruituak ematen ditu.

Karmelo Boneta artisauaren tailerra Lizarran.
Karmelo Bonetak urteotan jaso dituen aitorpen eta sarietako batzuk. KRISTINA BERASAIN TRISTAN

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.