Inpunitatearen aurka eta egia ezagutzeko

Intxortako frontean erresistentzian ibili zirenen eguna antolatu dute, biharko, Elgetan. Bizirik dauden gudari eta milizianoak eta hainbat biktima omenduko dituzte. Gainera, fronteko guda antzeztuko dute 150 lagunek.

Intxortako gudaren antzezpena egingo dute 150 lagunek, bihar goizean. INTXORTA 1973 KULTUR ELKARTEA.
Ilargi Agirre.
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Historia gogorarazi eta egia ezagutzeko, Intxortako erresistentzian ibili zirenen eguna ospatuko dute bihar, Elgetan (Gipuzkoa). Berezia izango da aurtengoa, gudari eta milizianoei omenaldia egingo baitiete. Gaur egun, bizirik geratzen diren gudari guztiak bilduko dira han; guztira, hamabost lagun. Ideologia guztietakoak dira, eta horietako batzuk Intxortan ibilitakoak. Horrez gain, herritarrek fronteko borrokaldia antzeztuko dute, eta bazkaria ere antolatu dute. Gaurtik hasiko dira ekitaldiak.

Juan Ramon Garai Intxorta 1973 kultur elkarteko kideakadierazi du hasieran kosta egin zaiela gudari guztiak ekitaldian parte hartzera animatzera, baina lortu dutela. «96 urtetik 102 urte bitartean dituzte, eta ideologia guztietako batailoietan ibilitakojendea dago. Abertzaleak, komunistak, anarkistak, errepublikanoak eta sozialistak», azaldu du Garaik.

Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak, Memoria Historikoaren alde lan egiten duten erakundeek, hainbat sindikatuk, alderdi politikok eta udalek ere bat egin dute omenaldiarekin. Iñigo Arregik egindako burdinazko eskultura bat jasoko dute gerran aritutako gudariek. «Egiaren iturria du izena eskulturak», segitu du Garaik.

Hego Euskal Herriko eskualde bakoitzeko biktima bana ere oroitu nahi izan dute. Nafarroako Maravillas Lanbertoren ahizpa joango da oroigarria jasotzera, esaterako. «Larragako gaztetxo bat izan zen Maravillas. Bortxatu eta bere aitarekin batera fusilatu zuten», kontatu du Garaik. Gipuzkoako Elgetako Antton Telleria, Arabako Miguel Jin fusilatutako maisua eta Bizkaiko Jose Sagarna apaiza omenduko dituzte.

Erresistentzia handia

Garaik azaldu duenez, jendeak egia jakitea eta frankismoaren «inpunitatearen» aurka egitea da asteburuko ekintzen helburu nagusia. Intxortako borrokan nazioarteko faxismo guztiak parte hartu zuen. «Italiarrak, alemaniarrak, edota errusiar zuriak, Errusiako faxistak egon ziren», esan du Garaik. 1936ko urrian Molaren tropak porrot handia izan zuen Intxortan. Bigarren saialdia 1937ko apirilaren 20an egin zuten frankistek, eta handik lau egunera arte ez zuten gainditu frontea. Udalatx parean hautsi zen, eta frankistak oldartuta sartu ziren herrietan, emakumeak bortxatu eta zibilak hiltzen zituztela.

Inazio Ernabide da bihar omenduko duten gudarietako bat. Ilusio handiz hartu du ekitaldia. 98 urte ditu, eta autoz joango da Elgetara, bilobak lagunduta. «Nik gidatuko dut. Ongi moldatzen naiz, eta gidabaimena indarrean dut oraindik».

Aita errepublikanoa zuen, eta 19 urte zituela joan zen gerrara boluntario Ernabide. «Irunen hasi nintzen, eta Laredon hartu ninduten preso italiarrek», esan du Ernabidek. Handik hainbat kontzentrazio esparrutatik pasatu zen, eta Lerman (Burgos, Espainia) langileen 50. batailoian amaitu zuen.

Bizipen asko geratu zaizkio, eta atzo gertatu izan balira bezala oroitzen ditu guztiak. «Hiru egunez hitz egiten egon naiteke, baina ez zait gehiegi gustatzen oroitzapenak gogoratzea, desatseginak dira kontatzeko». Legutioko (Araba) gudan parte hartu zuen, esaterako. Otxandiotik Gasteiz hartzen saiatu ziren, eta Legutioko kanpandorrean faxistek metrailadore batekin eraso zieten. «Lagun ugari hil zitzaizkidan egun hartan».

Ernabideren antzeko itzalpeko istorio asko ezkutatzen ditu fronteak, eta Intxorta 1973 Kultur Elkartea istorio horiek argitara ateratzen saiatzen da. Museo txiki bat dago Elgetan, eta bisita gidatuak egiten dituzte frontean. «Emakumeak ere ibili ziren frontean metrailadoreekin; belgikarrak ziren. Euskaldunak harrituta uzten zituzten». Bi bertsolari ere izan omen ziren, bakoitza alde banatan, eta bertsotan egiten zuten frontean, gauez.

Asteburu osoko egitaraua antolatu dute, Elgetan. Kontzertuak izango dira gaur gauean gazteak erakartzeko helburuarekin, Espaloian, Sare Antifaxistak antolatuta. Biharko bazkarian 250 lagunek eman dute izena, eta memoria historikoaren inguruko liburuak salduko dituzte kalean. Horrez gain, Intxortako Irrintzia 5.000 aleko egunkaria ere kaleratu dute, argazki zaharrez hornituta, asteburuaren aitzakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.