ATZEKOZ AURRERA. Azad Kanjo. Dokumentalgilea

«Interesa dago kurduei zer gertatu zaien jakiteko»

Kobaneko herritarrek erbestera ihes egin zuten unea grabatu duten gutxienetariko bat da Kanjo. Dokumental bat ekoitzi du han bildutako irudiekin. Dokumental subjektiboa dela dio.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Estatu Islamikoa (EI) Kobanera iristen ari zela jakin bezain pronto, Azad Kanjok (Bartzelona, 1985) eta haren aitak lehen hegazkina hartu zuten Kobanetik erbesteratzen ari ziren pertsonei laguntzera joateko. Kanjok hango egoera grabatu zuen bideoz, eta orain Kobaneko erbesteratzea dokumentala ondu du. Joan den astean Bilboko Kafe Antzokian eman zuten, euskarazko azpidatziekin. Bilbora laster itzuliko dela aurreratu du.

Kobanera joan zinetenean, kurduak erbestera ihes egiten ari ziren. Aurkako bidea egin zenutela esan daiteke?

Hala da. Estatu Islamikoa Kobanera inguratzen hasi baino urtebete lehenago, inguruko herriak bereganatzen ari zen. Guk hori guztia Bartzelonatik ikusten genuen, eta gure familiarekin hitz egiten genuen. Haiek esaten zuten ez zirela Kobanera sartuko, urrun zeudela oraindik, baina astez aste inguratzen ari zirela ikusten genuen. Urrunetik ezberdin ikusten da kontua, azken finean han eguneroko bizia egin behar duzulako. Hala ere, abenduan alarma guztiak piztu ziren: EI ate-joka zegoela zioten. Gure familiak deitu, eta hara joan ginen aita eta biok.

Eta zuk kamera hartu zenuen?

Bai, badaezpada ere eraman nuen. Edozein bidaia egiten dudala, kamera nirekin eramaten dut beti. Baina ez neukan dokumentalik egiteko asmorik. Han exodo izugarri bat ikusi nuen; mende batean, kurduentzako bigarren exodoa. Azken hori, gainera, oso egun gutxian gertatu zen, hiru edo lau egunean 200.000 pertsona atera baitziren herrialdetik, probintziako biztanleen erdiak. Hori ikusi genuenean, ahal beste grabatu nuen kamerarekin. Ez zeuden baldintza oso onak dokumental bat grabatzeko, sentimentalki asko eragiten zidalako, jende asko ezagutzen nuelako.

Irudi gogorrak izango ziren, ala?

Bai. Ikusi genituen eszena batzuk hain ziren atsekabegarriak, ezin bainituen grabatu. Turkiako mugan, esaterako, jendea bertan pilatzen zen, eta ez zieten igarotzen uzten. Ez nuen grabatu nahi, nire herritarren minarekin ez nuelako onurarik lortu nahi. Baina aitak esaten zidan hori erregistratu egin behar zela, han inguruan ia ez zegoelako kazetaririk.

Ez?

Inguru horretako kazetari bat edo beste ikusi nuen errefuxiatuen irteera masibo hori grabatzen. Horrez gain, ez nuen beste kazetaririk ikusi. Astebete geroago hasi ziren Herbehereetako eta Alemaniako kazetariak heltzen. Espainiako hedabide garrantzitsuetakoak, bestalde, guk Bartzelonara itzuli behar genuenean hasi ziren iristen. Ordurako, errefuxiatu ia denek ihes egina zuten Kobanetik.

Horregatik erabaki zenuen dokumental bat egitea bildutako denarekin?

Bai. Ikusi nuen teknikoki ez zegoela ongi grabatuta, baina testigantza bat zegoen. Beraz, erabaki nuen egitea. Katalunian banatu dut batez ere, eta harrera beroa izan du. Interesa dago herri kurduari zer gertatu zaion jakiteko. Gero eta interes handiagoa dago Kurdistanekiko.

Dokumental subjektibo bat egin duzula esan izan duzu...

Dokumentala subjektiboa da sentimenduen aldetik, baina objektiboa irudiek erakusten dutena hala delako. Ezinezkoa da irudi horrekin ez hunkitzea. Esaterako, emakume denak goitik behera tapatuta zeuden, begiak besterik ez zitzaizkiela ikusten. Haiekin hitz eginez, esaten zidaten hala egin ezean bidean jihadista bat ikusiz gero bertan fusilatuko zituztela. Nahi dutena egiten dute; ez daukate agindu zehatzik, eta horregatik ari dira halako basakeriak egiten.

Haien bereizgarri bat da, kasik.

Bai, jarrera nihilista bat da. Herri batera sartzen direnean, nahi dutena egin dezakete. Hortik sona hori guztia. Baina hori kurduekin ez da gertatu, irabazteaz gain, emakumeen presentziarekin irabazi zaielako. Eta jihadistek emakumeak ikustean beldurra zuten, haien esku hiltzea dagoen gauzarik lotsagarriena delako, ez zituztelako zeruan 80 birjina horiek zain izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.