Komunikazioa

Internetek telebista gainditu du AEBetan, Europan eta Txinan

Oraindik ere telebista kontsumitzen da gehien Latinoamerikan, Asian eta Afrikan; Indian, prentsa da buru

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Interneten kontsumoak telebistarena gainditu du jada AEBetan, Europan eta Txinan, Digital Life enpresak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketa 46 herrialdetan egin dute, 16-60 urte bitarteko 50.000 kontsumitzailerekin.

Elkarrizketa egin dieten herritar guztien artean, %61ek adierazi dute egunero erabiltzen dutela Internet, %54k egunero ikusten dutela telebista, %36k irratia entzuten dutela eta %32k egunkaria irakurtzen dutela.

Telebistak hedabide liderra izaten jarraitzen du Latinoamerikan, Asian, Ekialde Hurbilean eta Afrikan. Indian, berriz, egunkaria da gehien kontsumitzen den hedabidea, telebistaren, irratiaren eta Interneten aurretik.

Jordi Ferrer ikerketaren arduradunaren arabera, herrialde garatuetan Interneten aldeko joerak arrazoi erraza du: «Internetek beste edozein hedabidek baino behar gehiagori erantzuten die».

Sare sozialen inguruko hainbat datu eman ditu Digital Lifen ikerketak. Hala, internautek denbora gehiago pasatzen dute sare sozialetan (astean 4,6 ordu) posta elektronikoan baino (4,4 ordu astean). Webguneetan 3,9 ordu egiten dituzte astean, eta albisteak irakurtzen, 2,7 ordu.

Herrialde guztietako datuen batez bestekoa hartuta, sare sozialen erabiltzaile bakoitzak 120 lagun ditu. Latinoamerikan, kopuru hori 200 lagunetara iristen da; brasildarrek dute lagun gehien sare sozialetan: 231.

Publizitatearen eraginari dagokionez, hamar internautetatik lauk sarea kontsultatzen dute erosi aurretik. Baina lautik hiruk erosketak modu tradizionalean egiten dituzte, inoiz ez Internetez.

Interneteko kontsumitzaileen profilari dagokionez, %23 «eragina duten» internautak dira. Profil horretako kontsumitzaile digitalek sare sozialetan parte hartzen eta idazten dute, blogetan idazten dute eta Internet beren bizitzaren «parte integral bat» dela pentsatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.