Ahoz Aho jaialdiko antolatzailea eta parte hartzailea

May Gorostiaga eta Estrella Ortiz: «Ipuinak dira geratzen zaizkigun askatasun eremu bakarretako bat»

Berrogei ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte aurtengo Ahoz Aho jaialdian. Formakuntzan jarri dute arreta, kontalarien «tribua» handituz joan dadin.

May Gorostiaga eta Estrella Ortiz, asteazkenean, Arrasateko Kulturaten. JON URBE / FOKU
May Gorostiaga eta Estrella Ortiz, asteazkenean, Arrasateko Kulturaten. JON URBE / FOKU
ane insausti barandiaran
Arrasate
2026ko otsailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bazen behin ahozkotasunaren nazioarteko jaialdi bat, Ahoz Aho izenekoa. Urtero-urtero, arte horri lotutako profesionalak elkartzen zituen Euskal Herrian. 2026. urteko jaialdia otsailaren 16an hasi zen, eta Estrella Ortiz (Guadalajara, Espainia, 1959) izan zen Euskal Herritik kanpoko lehen gonbidatua. Arrasaten (Gipuzkoa) egin zuen lehen emanaldia, May Gorostiaga kontalaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1971) alboan zuela. 30 artistaren lanez gozatu ostean, martxoaren 31n esan zuen jaialdiak «hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan».

Eta esnatu zenean, kalabazak han jarraitzen zuen da aurtengo leloa. Kontalariak beti esnatzen zarete kalabaza bat parean duzuela?

MAY GOROSTIAGA: [Augusto] Monterrosoren mikroipuin baten egokitzapen bat da, eta zerikusia du urtero jaialdia ezerezetik eraikitzeko egiten dugun ahalegin horrekin. Gauza batzuek betiko iraungo dute, nahiz eta pentsatzen dugun ez daudela hor. Euskal Narratzaileen Topaketan ere landuko dugu Kontalaritza flasko txikian, eta txikitasunean dagoen handitasuna erakutsi.

Aurten bereziki formakuntzan jarri duzue arreta, ezta?

GOROSTIAGA: Aurten 30 artistak parte hartuko dute guztira, eta Euskal Herritik kanpoko sei gonbidatu dira. Gehienak profesionalak edo erdi profesionalak dira, baina hasiberriei ere ematen diegu tokia, Ordiziako narratzaileen lehiaketaren bidez, adibidez. Guretzat oso garrantzitsua da pedagogia, bai profesionalentzat, eta baita edozein afizionaturentzat ere —gurasoak, irakasleak, liburutegietako langileak...—, erremintak izan ditzaten.

Estrella, zu zara gonbidatu horietako bat. Zer kontatuko duzu?

ESTRELLA ORTIZ: Gezurraren bueltan ariko gara. Gehienak istorio tradizionalak dira, non gezurra bera edo gezurtiak diren protagonistak. Kontatuko dut nola izkin egin gezurrari, edo nola izkin egin heriotzari, denbora tarte labur batean behintzat, gezurra esanez. 

Saioa helduentzat da. Ohitu al dira ipuinak haurrik gabe entzutera?

ORTIZ: Leku batean inoiz ez bada horrelako ezer egin, gehiago kostatzen da. Baina jendeak, behin probatuta, gustua hartzen dio. Izan ere, ipuinek sekula ez dute adinik eduki. 

GOROSTIAGA: Jaialdian egin dugu esperimenturen bat, kontaketa bera eginez haurrentzat eta helduentzat, eta zoragarria da. Ez dago haurrentzako edo helduentzako ipuinik.

Eta bidaia fisikoek, beste jaialdietara egiten dituzuenek, zertarako balio dizuete?

ORTIZ: Errutinatik ateratzeko, eta mundura irekitzeko. Beste leku batera joan, beste publiko baten aurrean aritu, eta arlo honetako profesionalekin elkarrizketa interesgarriak izaten ditugu. Horrez gain, beste kide batzuen lana ikus dezakegu.

GOROSTIAGA: Nik, beste jaialdi batzuetan izan naizenetan, beti azpimarratu izan dut tribu hitza. Tribu, klan eta familia kontu bat da; beharbada ez dituzu besteak inondik inora ezagutzen, baina badago zerbait komuna: aire bera arnasten dugu. Urduri zaude, ez dakizu zure herrian funtzionatzen duenak han funtzionatuko duen ala ez... eta, hala eta guztiz ere, magia hori hor dago, eta elkar ulertzen dugu. Su baten inguruan esertzen ginen garaitik datorren zerbait da. Hori hor dago gurekin.

Estrella, zu Rotundifolia izeneko sorgin baten larruan jarrita hasi zinen istorioak kontatzen, ezta?

ORTIZ: Ni antzerkian aritzen nintzen, eta Blanca Calvo bibliotekariak egin zigun proposamena antzerki taldeko kide guztioi. Inork ez zuen haren lekukoa hartu nahi, baina ni erakarri egin ninduen, nire seme zaharrenak urtebete baitzuen garai hartan. Pentsa ezazu zein arrazoi pertsonala: «Ze ondo, Javiri kontatzeko ipuin pila bat ikasiko dut!», pentsatu nuen. Eta, 43 urte geroago, hemen gabiltza oraindik...

Zuei zer ematen dizue ipuin kontalari izateak?

GOROSTIAGA: Bizitza. Nire bizitza ezin dut ulertu istorioak entzun eta kontatu gabe. Eta, pentsatzen jarriz gero, ez dut uste kontalaria edo antzerkilaria izan behar denik horretarako; uste dut edozeinentzat oso garrantzitsua dela hartu-eman hori. Beste batek transmititu dizuna zure galbahetik pasatuz entzutea eta kontatzea... Ipuinak dira geratzen zaizkigun askatasun eremu bakarretako bat.

ORTIZ: Bai, eta norbaitek beste norbaiti kontatuta, gainera. Makina bat tartean izan gabe. 

Kultura eta hizkuntza transmititzeko ere ezinbestekoa da...

GOROSTIAGA: Ahoz Ahon, adibidez, zoragarria da. Jakina da euskarak zer-nolako gaitasuna eta potentzia izan duen ahozkotasunerako. Magikoa da jaialdian aukera izatea hori Guadalajarako, Greziako, Italiako edo Kubako jendearekin konpartitzeko. Oso desberdinak dira hizkuntza guztiak, baina, era berean, norabide berean arraun egiten dute: hitzaren garrantziaren alde.

Estrella, zuek, Guadalajaran, ahozko ipuin kontaketen maratoia egiten duzue. Zertan datza?

ORTIZ: Herritarren festa bat da oinarrian. Alkateak, suhiltzaileek, eskoletako haurrek... parte hartzen dute. Etenik gabe kontatzen ditugu ipuinak. Oraintxe 46 orduz aritzen gara, ostiraleko 17:00etatik igandeko 15:00etara, gelditu gabe.

Goizaldeko ordu txikietan ere joaten da jendea ipuinak entzutera?

ORTIZ: Bai, bai. Tarterik okerrena 07:00etakoa da, gau osoan eutsi diotenek alde egin eta nik dutxatuak deitzen nituenak iristen hasten direnekoa [barrez]. Izugarri nabaritzen da, fresko etortzen dira eta. Baina jendeak aguantatzen du, bai; oso hunkigarria da.

GOROSTIAGA: Guretzat, ipuinekin lotutako ekitaldi txiki edo handiak antolatzen aritzen garenontzat, argiztatzen gaituen itsasargi bat da Guadalajarako maratoia.

Nola bukatuko zenukete ahozkotasunari buruzko ipuin bat?

GOROSTIAGA: Ipuin kateatu bat izango litzateke, inoiz amaitzen ez dena. Ipuin batek beste batera eramaten du, pertsona batek amaitzean beste batek hartzen dio lekukoa, eta jarraitzen du... 

ORTIZ: Nik pixka bat gehiago korapilatuko nuke. Kateatze horrekin jarraituko nuke, baina, gainera, leku desberdinetako pertsonak batuz. Hemengo batek ondokoari kontatuko lioke, eta hark ondokoari... eta ipuinak buelta emango lioke Lur planetari. Itzuli osoa eman ondoren, zure beste belarrira iritsiko litzaizuke.

LOTSABAKO

Erreferente bat?
GOROSTIAGA: Joxemari Karrere, Koldo Ameztoi eta Itziar Rekalde. ORTIZ: Blanca Calvo.

Ipuin bat?
GOROSTIAGA: Monterrosoren dinosauroarena. ORTIZ: Veritas odium parit, Marco Denevirena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA