Erreka Mari Euskal Herriko errekaren batean bizi da, eta maiz agertzen da Urumea ibaiaren alboan, Donostiako Loiola auzoan. Ibaiertzeko kaleari haren izena jarri diote, eta han ondoan dagoen kultur etxean daude haren lagun guztiak: Printze Txikia, Itsasminez, elurrezko panpina... «Txotxongillo taldea oholtzatik jaitsi gara, eta hemen utzi ditugu 55 urte hauetan egin ditugun lan batzuk, agur alai bat egiteko», nabarmendu du Enkarni Genua txotxongilolariak (Donostia, 1942). 55 urte pasatu ditu Euskal Herriko haurrak txotxongiloekin hezten, Manolo Gomezekin batera. Azken emanaldia duela pare bat aste egin zuten, eta orain erakusketa bat dute Loiola kultur etxean, ekain hasierara arte. «Niri ez zait gustatzen erakusketetan txotxongiloak geldirik egotea. Hemen istorioak kontatzen dira: gure espezialitatea istorioak kontatzea izan da beti».
Bizitza osoa pasatu duzue istorioak kontatzen, eta erretiroa hartu berri duzu. Zer moduz zaude?
Zoragarri! Pozik nago. 84 arrazoi ditut erretiroa hartzeko, eta Manolok 88. Orduan, adin horrekin ez daukazu behar den indarra eszenatokian egoteko, gaur hemen, datorren astean han... Ja ez gara gauza. Agur alai bat egin nahi izan dugu, eta orain dela astebete egin genuen gure azkeneko Erreka Mari. Hori bai: Erreka Marik ez du erretiroa hartu, eta Rosa Martinez titiritero bizkaitarrak eramango ditu batetik bestera Erreka Mari ipuina, Itsasminez... Beraz, ni lasai nago.
Umeekin pasatu duzu bizi osoa. Zu umea zinela, txotxongilo zalea zinen?
Ez. Ni txikia nintzenean, Colorin bakarrik zegoen. Castelet batean ibiltzen zen panpina bat zen: neska baten salbatzailea zen... Pentsa!
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Nire haurtzaroa oso berezia izan zen. Eskolan banatuta geunden aberatsak eta pobreak, eta ni pobrea nintzen; neskak bakarrik geunden. Guk, pobreek, ez genuen Batxilergoa egiten; kultura orokorra ikasten genuen. Ni eskolatik inolako titulurik gabe atera nintzen, baina oso argia nintzen: asko gustatzen zitzaidan ikastea. Nik maistra izan nahi nuen: amets bat balitz bezala bizi nuen. Lanean hasi nintzen, baina 22 urterekin ezkondu nintzenean, utzi egin nuen, etxean otorduak egiteko; horrela zen garai hartan. Baina ni oso mugitua izan naiz beti, eta ikasi behar nuela pentsatu nuen. Nire kasa egin nuen Batxilergoa, seigarren mailara arte. Irakasle eskola bakarra zegoen hemen, gazteleraz zen, eta ez zeukan oso fama interesgarria; orduan, lagunek esan zidaten: «Ba, egin Filosofia eta Letrak!». Halaxe hasi nintzen, Deustuko Unibertsitatean. Umeak ikastolan utzi, eta unibertsitatera. Bukatu egin nuen!
«Erreka Marik ez du erretiroa hartu, eta Rosa Martinez titiritero bizkaitarrak eramango du batetik bestera»
Antiguako Luistarrak oso garrantzitsuak izan dira zure bizitzan, ezta?
Ba, bai. Eskolan antzerkia egiten genuen, eta taldetxo bat sortu zen antzerkia egiteko. Neskak baino ez ginen, noski. Luistarretan ere antzerkia egiten zuten, eta bakarrik mutilak ziren. Halako batean, gure zuzendaria beste taldeko batekin ibiltzen hasi zen, eta elkartu egin ginen. Han zebilen Manolo ere.
Beraz, orduan zaletu zinen antzerkiarekin... eta Manolorekin.
Oholtzan egin genuen topo, bai! Luistarrak oso garrantzitsuak ziren auzoentzat. Gaur egun inor ez da nerabeez okupatzen, baina guk Luistarretan denetarik egiten genuen: mendira joan, karabana umoristikoa urtean behin, inudeak eta artzainak, antzerkia... Gu, batez ere, antzerkian ibiltzen ginen. Gero, beste talde batekin hasi ginen. Ezkondu baino lehen, Siziliara joan ginen antzerkia egitera! Peribáñez y el comendador de Ocaña. Pentsa!
Ordura arte dena gazteleraz egiten zenuten. Nola euskaldundu eta euskaltzaletu zinen?
Begira, ni donostiarra naiz, baina nik ez nuen jakin euskara existitzen zenik ere nire alaba jaio arte. Eskolatu behar genuen gure alabatxoa, eta momentu horretan ikastolak sortu berriak ziren. Oso interesgarria zen, oso heziketa aurreratua, pedagogia aldetik oso ondo... eta matrikulatu genuen. Akats handia zeukan ikastolak: euskaraz hitz egiten zuten! Nik ez nekien ezer. Ni 1942an jaio nintzen, gerraostean; momentu horretan debekatuta zegoen euskaraz hitz egitea. Nire aitona euskaldun peto-petoa zen; zera esaten zuen: «Hau miseria: gaztelera ez ulertu, eta euskara ezin hitz egin. Hau bizimodua!». Den-dena zen erdalduna. Senarrak eta biok erabaki genuen zerbait ikasi behar genuela, haurra etxera etortzean jakiteko zer esaten zuen. Orduan, Mari Karmen Garmendia izan zen gure andereñoa.
Ez da edozein!
Momentu horretan ikasle gazte bat zen Deustuko Unibertsitatean! Harekin jakin genuen hau behatza zela [behatz bat seinalatu du], eta hauek behatzak zirela [hiru behatz atera ditu]. Patxi Altunaren metodologia erabili genuen. Hasi ginen ikasten, zerbait ulertzeko, baina pixkanaka-pixkanaka ulertu genuen hizkuntza hori gurea dela. Eta jarraitu egin genuen euskara ikasten. Eta gure txotxongilo lana beti Euskal Herrian euskaraz egin dugu. Beti: Garraldatik hasita Muskizeraino. «Umeek ez dute ulertuko!», esaten zidaten. Haiek ikasten ari ziren, eta ni ere bai: berdin genekien.
Ikastolei zor diezu, euskalduntzea ez ezik, Txotxongillo taldea sortzea!
Bai. Jakintza ikastolan egin genuen lehen emanaldia. Emanalditxo bat egitekoak ziren, eta, Manolo eta biok antzerki zaleak garenez, andereñoei proposatu genien. Lehenago panpina batzuk eginak genituen; gure alabaren urtebetetze batean emanalditxo bat egin genion, baina gazteleraz. Andereñoak prest agertu ziren, eta gure asmoa zen egun horretan egitea, eta kito. Garai hartan, gainera, ikastoletako gurasoek denetarik egiten genuen: entxufeak jarri, margotu, zozketak... Dena. Kontua da Jakintzan bazegoela andereño bat Kaialdekoa zena; ikastola hartara joatea proposatu zigun, eta baiezkoa eman genion. Garai hartan dena egiteko zegoen, eta andereñoak —eta ondo esaten dut: andereñoak— apunteak-eta egiteko biltzen ziren; berehala jakin zuten bikote bat zegoela txotxongiloekin ibiltzen zena. Lazkaotik Aretxabaletara, handik Arrasatera... Tipi-tapa, tipi-tapa, batere propagandarik gabe. Gaur arte.
«Donostiarra naiz, baina nik ez nuen jakin euskara existitzen zenik ere nire alaba jaio arte»
Zuen emanaldi askotan, euskal mitologiak leku handia dauka. Zergatik?
Gu orduan euskara ikasten ari ginen, orduan ezagutu genuen Jose Migel Barandiaran, eta jakin genuen hemen istorio asko zeudela. Orduan, egunen batean, nonbaitetik nentorrela, Oria ibaiari begiratu nion: garai hartan oso zikina zegoen. Laminen istorioa ezagutzen genuen; gainera, laminak ez ziren gure modukoak. «Hemen istorio bat dago, zoragarria». Horrela asmatu genuen Erreka Mari: guk eman genion izena. Bizilagunek, Kattalinak eta Agustinak, ez dute Erreka Mari maite, desberdina delako. Azkenaldian esaten ari dira, ba, Voxekoak Prioridad nacional [lehentasun nazionala]? Azkeneko emanaldi honetan bizilagunek ere esan zuten. Hori, zoritxarrez, ez da modaz pasatzen.
Injustiziek hor segitzen dute oraindik.
Ba, bai. Eta nahiz eta gure errekak askoz txukunago dauden eta ingurumena zaintzen saiatzen garen, oraindik asko dago zaintzeko.
Bizilagunek ez dute Erreka Mari maite, baina zuk gehien maite duzuna huraxe da?
Bai...
Zergatik?
Lau montaje dauzkagu haren ingurukoak. Castelet batekin hasi genuen, baina ez zen nahikoa: mugatua zen. Orduan, eszenatoki bat asmatu genuen, eta horrekin Kataluniara joan ginen; eszenografiarik onenaren saria jaso genuen. Hori berria baitzen, bai hemen, bai hor. Baina eskolaz eskola joaten hasi nintzen, eta eszenatoki handiagoa ezin dugu denetara eraman: laguntza behar duzu, aurrekontua askoz handiagoa da, ordu pare bat behar dituzu hori egiteko... Orduan, txiki-txiki bat egin genuen. Kultur etxeetan ere ibili ginen, eta Erreka Mari opera bat ere izan zen.
«Oria ibaiari begiratu nion: oso zikina zegoen. Laminen istorioa ezagutzen genuen. 'Hemen istorio bat dago, zoragarria'. Horrela asmatu genuen 'Erreka Mari'»
Hau dena denbora librean egiten zenuten, baina bizibide bihurtu zenuten gero.
Irakasle eskolan lan egiten nuen, Seminarioan, plastika eta adierazpen dramatikoa erakusten. Eskola hori oso-oso ona izan zen, ni ez beste denak oso onak ziren: Euskal Herriko eskola guztiak gure ikasleekin bete genituen. Denak euskaldunak. Momentu hartan eskola ofiziala Ibaetara jaitsi zen, beste kategoria bat hartu zuen, eta gure eskola ez zen beharrezkoa. Orduan, ixtea erabaki zuten. Irakasle eskolan ikasitako ikasleak eskoletara joaten zirenean, ni nintzen haien erreferentzia txotxongiloekin, eta deitu egiten zidaten. Nik esaten nien larunbatetan eta igandetan zela soilik posible. Irakasle eskola itxi zuten, eta Erreka Mari txikia muntatzea erabaki nuen, eskolaz eskola joateko. Atzo arte.
Eta txotxongilo hauek guztiek euskaraz hitz egiten dute.
Euskal Herri osoan. Adibide bezala Garralda jartzen dut beti. Gaur egun guztiz euskalduna da; ez dut esaten niregatik denik, baina, ni joaten nintzenean, esaten zidaten hiru adinekok baino ez zutela hitz egiten euskaraz. «Baina zuk badakizu gazteleraz!». «Baina nire txotxongiloek ez». Hau esaten nien: «Emanaldia bukatu ondoren ez bazara konforme geratu, ez dizut kobratuko». Nik banekien zer esan behar zen.
Umeen erreakzioaren arabera egokitu izan dituzue obrak?
Bai, askotan. Adibidez, Erreka Mariren istorioa honelakoa zen... Bizilagunak Erreka Mariri gaiztakeriak egiten saiatzen dira, eta ez dute lortzen; azkenean, erabakitzen dute erreka zikindu behar dutela. Gauez paperak, zakarra, botilak eta kartoiak bota zituzten, eta Erreka Mari desagertu da, dena zikindu da... eta bukatu da. «Manolo, ez dute txalotzen...». Haurrak zain zeuden. «Emanaldia bukatu da», esan genien. «A ze kaka!», esan zuten! «Bukatu da?». Ipuinak ez du guztiz ongi bukatu behar; dena ez da konponduko, bizitza ez da-eta horrelakoa, eta neska-mutilek ipuinen bidez ikasten dute. Baina desastre hutsean ere ez du bukatu behar. Haurrak Erreka Mariren lagunak dira, eta bizilagunek gorroto dute, eta haiek irabazi azkenean? Itxaropen bat piztu behar du. Beti bukatzen dugu istorioa zera esanez: «Egia esan, ez dakigu non dagoen Erreka Mari, baina ziur gaude nonbait, Euskal Herriko edozein txokotan, bizi behar duela. Horregatik, lagunok, mendira joaten bazarete eta errekatxo zuri-urdin bat ikusten baduzue, ez zikindu: zaindu. Beharbada hor bizi da Erreka Mari». Horrekin haurrak lasai gelditzen dira: hor nonbait dago, eta itxaropena dago. Itxaropena ez duzu moztu behar: ipuinek umeei erakusten diete bizitza nolakoa den.
«'Baina zuk badakizu gazteleraz!'. 'Baina nire txotxongiloek ez'. Hau esaten nien: 'Emanaldia bukatu ondoren ez bazara konforme geratu, ez dizut kobratuko'»
Urte asko daramatzazu txotxongiloekin, eta elkarlanean ere bai. Tolosa da horren lekuko.
1983an Titirijai sortu genuen. Tolosan txotxongiloak egitea pentsatu zuten, deitu ziguten, eta esan asmoa zeukatela masa koralak egiten zituzten bezala txotxongiloekin egiteko. Betidanik egon gara hor, denetarik egiten, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdian. Eta gero Topic sortu zen: Txotxongiloen Tolosako Nazioarteko Zentroa.
Erreka Mari Euskal Herriko errekaren batean egongo da. Eta zu?
Oraintxe, hemen. Rosa Martinezekin ibiliko da Erreka Mari, eta nik ez dakit zer egingo dudan, baina 84 urterekin, bada garaia.