Iraganeko bide zuzena

Gontzal Agote.
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Azkenaldi honetan 80ko hamarkada gurtzeko joera arriskutsua gailentzen ari da, egunetik egunera areagotzen ari dena. Horren arabera, urte horiek ezin zoragarriagoak izan ziren, 60koen parekoak izateraino. Horregatik, orduko estetika eta ikonoak aldarrikatzea in egotea da, eta horien alderdi zakarra aipatze hutsa, berriz, guztiz out. Pop kulturaren perbertsioa.

Hain zuzen, hamarkada maitatu horrekin bat egiten du bete-betean Pascal Chaumeilen komedia erromantikoak, ez horrenbeste itxura aldetik, bai, ordea, erreferentzien mailan. Horrela, 80 urteetako bi totem handienetakoak bereganatuko dituzte protagonistek, zineman Dirty Dancing eta Patrick Swayzen dantzaldiak eta musikan George Michael eta bere orduko taldea, Wham!.

Baina neurri batean 80ko hamarkadako izpiritua maila narratiboan ere ikusten ahal da, eta alderdi hori askoz interesgarriago gertatuko da. Pretentsio handirik gabe, Chaumeilek jakin izan du orduko komedia erromantikoen izpiritua -edo horren puska bat bederen- berreskuratzen. Gaur egungo zuzendariek lan dezente izaten dute umorea eta maitasun istorioa uztartzeko barregarri gelditu gabe; dena nahi izaten dute azaldu, dena nahi izaten dute seriotu.

Zorionez, ez da hori L'arnacouer-en asmoa, hasieratik dibertimendu hutsa dela argi utzita, ikusleari iruzur ez egiten saiatuko da. Karta guztiak mahai gainean jarrita, askoz atseginagoa da partida. Hortik aurrera ikusleak ez du sorpresa handirik hartuko, eta Monte-Carloko publirreportajearekin ez luke sobera haserretu beharko, bai, ordea, Chaumeilen zintzotasuna eskertu. Agindu duena eman, erritmo onean eta dosi neurtuan, ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Diruz frantziarra da filma. Frantziarra finantzaketaz, baina nahiko unibertsala gainerakoan. Bitxia da oso ikustea Frantzian ematen ari diren bi joera kontrajarriak; mutur bat oso zinema frantziarra -tarteka europarra- egiten ari den bitartean, besteak -Luc Besson buru duen muturrak- Hollywoodi aurre egin nahi dio, estatubatuarren arma bertsuak erabiliz. Honakoa azken horren adibide garbia da. Ondoko herrialdeko bi pertsonaia ezagunenetakoak dira aktore taldeko buru, Vanessa Paradis eta Romain Duris. Haien arteko kimikak ongi funtzionatuko du, eta bigarren mailako aktore talde on batez lagunduta, ez dute arazo gehiegirik izango istorioa amaiera eztitsuraino eramateko. Sinpletasuna eta eraginkortasuna, nahiko ahaztuta daude bi kontzeptu majo.





############



Los seductores

D. Frantzia, 2010. Zuz.: Pascal Chaumeil. Akt.: Romain Duris, Vanessa Paradis, Julie Ferrier. 105 min.

Gasteiz (Florida), Bilbo (Alhondiga, Multicines), Barakaldo (Max Ocio), Getxo (Lauren), Leioa (Artea), Donostia (Principe), Iruñea (Golem Baiona, Morea), Tutera (Ocine).





############

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.