Ezer gutxi du gaurko Euskal Herriak iraganeko antzinarotik; urak bide egin du geroztik. Urteko egun batean, baina, Plazaola mendialdeak gibelerako bidaia egiten du, eta antzinaroko herri bihurtzen du Lekunberri (Nafarroa). Bada, aste honetan izanen da urteko egun hori: igandean.
Ohi duten eran, gai jakin bat aukeratu dute aurtengo azokarako, eta dagoeneko hasiak dira etxeak eta kaleak janzten. Hain zuzen ere, ofizio edo lanbide zaharrei eginen diete aurten keinu, eta herritar oro sartuko da antzinaroko langileen rolean. Lekunberriko eta Larraungo (Nafarroa) historia, kultura eta tradizioak hartzen dituzte oinarri, eta eskualdeari buruzko hainbat historia kontatuko dituzte igandean.
Goizean ernatuko da Lekunberri, 10:30ean, eta 20:00etara arte izanen da zer ikusi eta zer entzun; bertzeak bertze, artisautza eta euskal produktuen postuak, musika ibiltaria, animaliak eta lanabes tradizionalak, erraldoien konpartsa, trikitilariak, dantzariak eta kontzertuak.
Ekitaldi sorta zabala ondu dute, baina ibilbide antzeztua izanen da eguneko protagonista. Hari hasiera emateko, dena den, ezkila jotzea eginen dute lehendabizi, herriko bestari hasiera emateko. Haien gibeletik eta eguna amaitu arte ia, txistulariak, trikitilariak, juglareak eta trobadoreak arituko dira musika jotzen.
Antzinaroko azokaren gaia urtero aldatzen bada ere, ekitaldi batzuk ez dira nehoiz aldatzen, eta bandera dantza da haietako bat. 12:00etan eginen dute, Lekunberriko udaletxearen parean; kasik «erritual» bihurtu dela diote antolatzaileek. Aralar musika eskolako txistulariek joko dute musika.
Behin hori guztia eginda, bisita gidatua hasiko dute Lekunberritik: ibilbide antzeztua. Erdialdeko hainbat kale zeharkatuko dituzte, baina hiru etxetan eginen dituzte geldialdiak, eta gertakari, kondaira eta istorio batzuk kontatuko dituzte haietako bakoitzean.
Etxeak eta kaleak janzteaz gain, herritarrek eta egun horretako bisitariek ere izanen dute zer jantzi; hain justu, joskintza taldeko kideek Erdi Aroko arropa berriak egin dituzte, eta ortziralean banatuko dizkiete herritarrei. Horrez gain, estandarteak eta banderak prestatu dituzte bisitariei emateko.
Zenbait ekitaldi «betikoak» diren arren, sorpresa batzuk ere izanen dira igandean; haietako bat, erraldoien eta buruhandien konpartsak ekarriko du. 18:00etan irtengo dira kalera, eta hitzeman dute ordura arte egin ez duten zerbait eginen dutela. Ikuskizun horren ondotik, bi elementu nahasiko dituen ekitaldi bat eginen dute: musika eta sua. 20:00etan hasiko da.
Jarraibideen zerrenda
Besta egunetan ere badira zenbait neurri ezinbestean hartu beharrekoak, eta haietako batzuen zerrenda egin du Lekunberriko Udalak. Batetik, garraio publikoa sustatze aldera, zerbitzu bereziak jarri dituzte iganderako: maizago eta ibilgailu gehiago. Autoz etortzen direnentzat, aparkaleku batzuk prestatu dituzte, eta mugitzeko arazoak dituztenentzako aparkalekua azokatik gertu jarri dute, frontoiaren ondoan. Komun egokituak ere leku horretan bertan egonen dira.
Entzumen desgaitasun bat dutenentzat, berriz, begizta magnetiko batzuk prestatu dituzte, eta horretarako prestakuntza duten batzuek emanen dute arreta hori, informazio puntuan. Bukatzeko, koloreen arabera bereizitako zaborrontziak paratuko dituzte, eta antolatzaileek birziklatzeko deia egin diete egunean parte hartuko dutenei. «Gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa den ekitaldi baten alde eginen dugu».