Datorren asteko estreinaldiak

Iraultzaren bizipen gazi-gozoak

Kuban girotu du Laurent Cantetek bere azken filma, 'Retour à Ithaque'; Padura idazlearekin egin du gidoia

Habanan filmatu dute, eta Kubako aktore ezagun batzuek parte hartu dute. BERRIA.
Gontzal Agote.
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Foxfire-tik Retour à Ithaque-ra daraman bidetik, Ameriketako Estatu Batuetatik Kubara egin du salto Laurent Cantet zuzendari frantziarrak. Pelikula koral baten bitartez, Kubako belaunaldi jakin baten gainean pausatu du begirada, eta amets hautsien eta itxaropenaren inguruko film bat egin.

Leonardo Padura idazle kubatarra izan du ondoan abentura berri horretan, bien artean idatzi baitute gidoia. Elkarlana orain dela hiru urte hasi zen, Cantetek Siete días en La Habana film kolektiboan parte hartu zuenean. Orduan ezagutu zuen Padura, eta bien arteko harremanetik pelikula labur bat egiteko ideia sortu zen. Laster, baina, asmoa handituz joan zen, eta, azkenean, Retour à Ithaque izan da emaitza.

Idazle kubatarraren miresle handia da Cantet, eta pelikulan haren liburuetan agertzen diren kezka nagusiak bildu nahi izan ditu, batez ere 1950 eta 60ko hamarkadetan Kuban jaiotako belaunaldiaren etsipen eta ilusioak. Horiek sufritu zuten gehien Epe Berezia deitua, eta askok atzerrirako bidea hartu behar izan zuten.

Hain zuzen ere, izenburuak dioen moduan, itzulera baten kronika da pelikula. Hamasei urtez erbestean egon ondoren, Amadeo Kubara itzuliko da. Han, garai bateko lagunekin elkartuko da berriro. Iluntzetik egunsentira, bost laguneko taldeak solasaldi luzea izanen du. Horretan, gaztaroko oroitzapenak, etorkizunean zuten itxaropena eta bizi izan dituzten etsipenak agertuko dira, besteak beste.

Lan mundua

Habanan filmatu dute, eta Kubako aktore ezagun batzuek hartu dute parte Retour à Ithaque filmean; besteak beste, Jorge Perugorriak, Fresa y chocolate-rekin ezagun egin zen aktoreak. Izan ere, aktoreen lana ezinbesteko osagaia da film honetan, antzerkigintzaren tekniketatik oso hurbil baitago.

Azken urteotan Frantziatik kanpo filmatu badu ere, Canteten filmografiak haren herrialdearen egoera sozialari erreparatu zion hastapenetan, bereziki lan munduko gehiegikeriei. 1999an Ressources humaines bikainarekin egin zen ezagun; film harekin, hiru Zesar sari jaso zituen.

Bigarren filmean ere lan munduari begiratu zion berriro ere: L'emploi du temps-ek oso kritika onak izan zituen.

2005ean Frantziatik atera eta Haitin girotu zuen bere hurrengo lana: Vers le sud, sexu turismoaren inguruko istorioa.

Nolanahi ere, nazioarteko aitorpena 2008an iritsi zitzaion, Entre les murs filmari esker. Cannesen aurkeztu zuen, eta Urrezko Palma irabazi zuen. Dokumental faltsua balitz bezala zegoen filmatuta, eta eskola gatazkatsu batean frantses irakasle batek dituen arazoak kontatzen zituen.

'RETOUR À ITHAQUE'

Zuzendaria. Laurent Cantet.

Aktoreak. Isabel Santos, Jorge Perugorria, Fernando Hechavarria, Nestor Jimenez.

Herrialdea. Frantzia. Urtea. 2014.

Iraupena. 95 minutu.

Generoa. Komedia dramatikoa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.