Orain normala ematen du. Sinplea da, erraza. Botoi bati eman, aparatu bat piztu, eta hor dabil irratia euskaraz; dozenaka irratitan, izan nazionalak, izan tokikoak edo izan libreak. Are, aplikazio, webgune eta plataformetan ere bai, hor dabiltza euskarazko podcastak. Baina orain erraza eta sinplea dena ez zen batere normala duela 50 urte; irrati estazio gutxi batzuek euskarari leku pixka bat egiten zioten arren, uhinek erdaraz egiten zuten batez ere. Erdaraz ziren telebista guztiak eta prentsa idatzi gehiena ere. Baina erdaren itsaso haren erdian, gaur duela 50 urte, Loiolako eta Donostiako Herri Irratietako lantaldeak lortu zuen orduan ezinezkotzat jotzen zena: 24 orduz ia etenik gabe euskara hutsez egitea irratia.
24 orduak euskaraz. Hala deitu zioten ahalegin hari. Eta ñabardura inportantea da: 24 orduak esan zuten, ez 24 ordu. Asmoa ez baitzen ekintza bakan bat izatea; aldarrikatu nahi zuten irratiak eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan aritu behar zuela euskaraz. Jose Ramon Beloki Herri Irratiko erredaktorea zen garai hartan, eta hari egokitu zitzaion ekintza koordinatzea. Argi esplikatu du zein zen helburua: «Ikusten zen autonomiaren bidez ahalmen batzuk etor zitezkeela; tartean, komunikabideak antolatzeko ahalmena». Eta aukera historiko hori ikusita, ez ziren lo egon Herri Irratiko langileak: «Aldarrikatu nahi genuen eguneko 24 orduak euskaraz egingo zituzten komunikabideak behar zirela». Jakin bazekiten arren «orduko soziologiak» ez zuela modurik ematen euskara hutsezko hedabideak sortzeko.
1976ko martxoaren 27an, beraz, Loiolako eta Donostiako Herri Irratietako langileek 24 orduko programazio bat aireratu zuten, gauerditik gauerdira, gutxi gorabehera. «Hura proba bat izan zen, abiapuntu bat, erakusteko posible zela euskara hutsez egitea irratian», Belokiren hitzetan. «Eta uste dut asmatu egin genuela aldarrikapen hura garai hartan eginda. Euskara hutsez arituko ziren irratiak eta telebistak behar zirela. Eta hori lortu egin zen». Herri Irratiak berak garai hartan zabaldutako esku orri batek ere hala zehaztu zuen: «Kondairan lehenengo aldiz irrati bi euskara hutsean arituko dira 24 orduen luzera osoan». Esan, eta egin.
Estimatu zuen euskaldun askok. Diktaduraren gau beltzean kalean euskara ia aditzerik ere izan ez zuen jendeak, bat-batean, irratia piztu eta euskara aditu zuen, egun osoan. Garai hartako kroniketako batean azaltzen dute Herri Irratikoek dei bat jaso zutela goizaldeko ordu bietan, baserri batetik, «amona oheratu ezinik» zebiltzala, irratiari lotuta zegoelako. Pozezko negar malko asko isuri ziren egun hartan. Zeruko Argia-n hala idatzi zuten apirilaren 4ko zenbakian: «Euskal Herri osoa sentitu zen euskaldun egun horretan. Negar malkoak isurtzeraino sentitu zen euskaldun».
Herri Irratiko langileek bazekiten «artifiziala» zela ariketa hura. Irratiek ez zuten egun osoz emititzen garai hartan, eta hainbeste orduko programazio bat euskaraz ondu ahal izateko hiztunak eta kolaboratzaileak ere ez zeuden sobran. Horregatik, ezohikoa izan zen egun hartako programazioa. «Ez zegoen tokitik atera behar izan genuen».
Luxuzko gonbidatuak
Euskal kultura hartu zuten programazioa ardazteko gai gisa, eta hamalau mahai inguru eman zituzten, beste hainbeste gairi buruz —literatura, musika, pintura, eskultura, kantagintza berria, bertsolaritza, poesia, folklorea, antzerkia, arkitektura, ekonomia, komunikabideak, liburu edizioa, kazetaritza, euskalduntze-alfabetatzea..., eta hezkuntzari buruzko mahai inguru luzeago bat—.
Horiez gainera, euskal kulturaren egoera zertan zen azaldu zuten 24 eskualdetako beste horrenbeste kolaboratzailek. Jende ezagun askok egin zituen kronika horiek: Gorka Knorrek, Jean Haritxelarrek, Patxi Zabaletak, Rogert Iriartek, Piarres Lafittek, Juan Luis Goikoetxeak...; horrez gain, euskal kulturan «lan berezi bat» egindako 25 lagun inguru ere elkarrizketatu zituzten.
Aurrez grabatuta eman zituzten saio horietako batzuk, tartean Jose Migel Barandiarani egindako elkarrizketa. Beste saio batzuk zuzenean egin zituzten. Eta Belokik gogoan du Jose Manuel Lujanbio Txirrita-ri behin grabatu zioten bertso batek hasi zuela saioa. Bi lagun elkarrizketatu zituzten gaztelaniaz: Jorge Oteiza eta Julio Caro Baroja. «Beste dena euskaraz egin zen, eta duin», Joxemari Iriondo Herri Irratiko orduko kazetarietako batek eta programan esatari izan zirenetako batek gogora ekarri duenez.
Euskaltzaindiaren aitortza
Ekintza hark izan zuen beste ardatz bat: Euskaltzaindiaren aitortza. Euskararen akademiak Espainiako erregearen aitortza jaso berria zuen, Francisco Franco diktadorea hil eta gutxira, eta erakundea ofizial bilakatzeko lehen urratsa izan zen hori; egoera alegalean eta erdi klandestinoan jardun zuen Euskaltzaindiak diktaduran, oso modu prekarioan. Euskaltzaindiak batzar berezi bat egin zuen martxoaren 27 hartan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, eta irratiz zuzenean eman zuten, 13:00etatik 14:30era. Herri Irratiak ondo-ondoan zuen egoitza, Garibai kalean: diputaziotik hara kable bat eraman, eta halaxe aritu ziren euskaltzainak irratian —Belokik berak onartu badu ere bazekitela hori «anti-irratia» egitea zela—. Hedabideei buruz aritu ziren ezohiko batzar horretan, gainera.
Herri Irratiak berak garai hartan zabaldutako oharrak honela zioen: «Eguna Euskaltzaindiaren bilera honen jiran jartzen dugula adierazi nahi dugu, berari aitortzen diogunez euskal hizkuntzaren alorrean duen zuzendaritza nagusia». Belokik oroitarazi du euskara batuari buruzko eztabaida puri-purian zegoela artean, eta ez zela debaldeko adierazpena. Gainera, euskalgintzan bazen mugimendu bat garai hartan, Hegoaldeko lau diputazioek Euskaltzaindiari aitortza egin ziezaioten —diputazioen ekimenez sortu baitzen akademia, 1919an, baina 1976an diputazio guztiak frankistak ziren artean—; eta hori ere lortu zuten, lau diputazioetako ordezkariek parte hartu baitzuten batzar hartan.

Enbor zati pintatu bat san telmo museoan
24 orduak euskaraz ekintza aurkezteko kartel berezi bat egitea pentsatu zuten Herri Irratiko kideek, eta Jose Luis Zumetari enkargatu. Enbor zati bat pintatuta sortu zuen pieza bat hark, eta pieza haren argazkiekin eta Joxean Artzeren poema zirriborro labur batekin egin zuten kartela. Jose Ramon Belokik azaldu du Zumeta eta Artze etxera joan zitzaizkiola piezarekin, eta Belokik eduki zuen etxean, harik eta San Telmo museoari eman zion arte. Gaur egun, beraz, han ikus daiteke Zumetak egindako pieza berezi hori.
Jendetza Belodromoan
Eguna bukatzeko, jaialdi handi bat antolatu zuen Herri Irratiak Donostiako Anoetako belodromoan, 21:00etan hasita. Lehen aldiz erabili zuten eraikin hura halako ekitaldi baterako, eta lehen aldiz elkartu zen halako jendetza euskal kulturaren inguruko ekitaldi baterako. Garai hartako kroniken arabera, 12.000 lagun har zitzakeen aretoak; sarrera guztiak saldu, eta beste 10.000 lagun gelditu omen ziren sarrerarik gabe. Irabaziak Euskaltzaindiari eman zizkioten.
Orduko «puntako musikari guztiak» elkartu zituen jaialdiak, edo guztiz gehienak: Jean Mixel Bedaxagar, Lurdes Iriondo, Gorka Knorr, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lupe, Gontzal Mendibil, Oskarbi eta Peio eta Pantxoa. Laja eta Iturbide zein Sakabi eta Egañazpi trikitilari bikoteek ere parte hartu zuten. Eta Artze anaiek, txalaparta joz. Iturengo ttuntturroek hasi zuten festa, eta Baztango mutil dantzekin bukatu zen, 02:30 aldera.
Madrilera baimen eske
Joxemari Iriondo ere 24 orduak euskaraz antolatzeko lanetan ibili zen. Hari egokitu zitzaion Madrilera joatea baimen eske, Herri Irratiaren izenean. Atzo gertatu balitz bezain argi dauka gogoan. Jose Maria Satrustegi Euskaltzaindiko idazkaria eta biak hegazkinez joan ziren Madrilera. Informazio eta Turismo Ministeriora jo behar zuten baimena lortzeko, baina, taxi bat hartu, eta Atzerri Ministeriora joan ziren aurrena. Zergatik? Jose Maria Areiltza bizkaitarra zelako Atzerri ministroa, eta Satrustegik harremana zuelako harekin. Areiltzak bere auto ofiziala jarri zien —Seat 1400 beltz bat, Iriondok gogoratzen duenez—, Turismo Ministeriora joateko. «Han joan ginen bi kaiku», oroitu du, barrez.
Turismo Ministeriora iritsi, eta nor-eta Donostiako Herri Irratian ibilitako gizon bat topatu zuten han, Onofre Gomez Nisa. Hark ziurtatu zien baimena bazutela, bai irratsaiorako, bai jaialdirako. Baina «nahitaez bete beharreko baldintza batzuk» jarri zizkieten: irratiak bi konexio egin behar zituen RNE Espainiako irrati ofizialaren Diario hablado sartzeko, bat 14:30ean eta beste bat 22:00etan; albiste buletin ofizial horiek ematea derrigorrezkoa baitzen. Bestetik, irratian edo jaialdian mikrofonoetatik «keinu subertsibo txiki-txikiena» sumatzen bazuten, jo eta bertan etengo zuten dena. Eta ohartarazi zieten belodromoaren kanpoan Polizia armatua egongo zela —grisak esaten zietenak—. Baimena idatziz jartzeko eskatu zuten Satrustegik eta Iriondok, baina hitzak balio zuela erantzun zieten ministerioan, eta hala bueltatu ziren Donostiara, «burua makurtuta».
Herri Irratiak salaketak eta isunak jasoak zituen lehenago ere, eta beldurra bazen. Arantza Gutierrez Paz EHUko irakasleak hala idatzi zuen Euskal irratigintzaren historia liburuan: «[Herri Irratiak] Madrilgo gobernuarekin gero eta arazo gehiago zituen euskaraz emititzeagatik, eta oso txarrak ziren emisorak erakunde ofizialekin zituen harremanak».
Poliziaren beldurrez
Koldo Ordozgoiti Herri Irratian aritu zen 1982tik aurrera, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko komunikazio zuzendaria ere izan zen geroago. Maluta Films ekoiztetxea dokumental bat egiten ari da Herri Irratiaren historia jasotzeko, eta dokumental horretarako materiala biltzen eta elkarrizketak egiten aritu da Ordozgoiti. «Belodromoan 10.000 lagun baino gehiago sartzea izugarria zen. Ez zen diktadura garaia, baina diktadura garaiaren parekoa zen oraindik». Tentsioa eta beldurra ere ez ziren nolanahikoak; halako jendetza elkartuta are gehiago, belodromoko atean bertan baitzegoen Polizia armatua, furgonetekin eta zaldizkoekin.
Poliziak ia eten ere egin zuen ekitaldia, hasi eta segituan, Ordozgoitik kontatu duenez. «Polizia armatua belodromora sartu zen, arduradun eske. Mariano Ferrer bidali zuten poliziengana, orduan irratiko zuzendariordea zena, eta esan zioten jaialdia etengo zutela. Ferrerrek negoziatu zuen jaialdia egin ahal izatea. Baina etetear egon ziren».
Hiru aste eskas lehenago, Poliziak bost langile hilak zituen tiroz Gasteizen. Beldurra ere galanta, beraz, eta hala ulertzen dira Jose Ramon Belokik berak jaialdiaren hasieran publikoa kalmatzeko esandakoak, eta Xabier Letek ikus-entzuleei egindako lehen hitzak: «Esango dizuet Oiartzungo alkate zahar integrista batek esan omen zuena garai batean: 'Nire kokotsaren azpiko bizarraren azpian egon beharko du Oiartzungo herriak'. Beraz, orain hasiko naiz, gero beste batzuk etorriko dira, batzuk bizarrarekin eta beste batzuk gabe, baina denok, Belokik esan duen bezala, tokatzen den kokotsaren azpiko bizarraren azpia errespetatzen, eta gauzak bere neurrian egiten».
Ordurako zentsura pixka bat arintzen hasia zen, baina musikariek zer kantatuko zuten azaldu behar izan zuten, eta Herri Irratiaren egun hartako programazioaren eskaleta ere aurkeztu behar izan zuten, baimenak lortzeko. «Planteatutako guztia pasatu zen, baina beldur ziren norbaitek mikroa hartu, eta...»: okerrekoren bat esango ote zuen, alegia. Horregatik, Ordozgoitik azaldu duenez, teknikari bati agindu zioten hori kontrolatzeko. Publikoak, halere, denetariko oihuak egin zituen, eta Eusko gudariak eta Gazteri berria gustura asko kantatu.
Garai hartan, Ordozgoitik 17 urte zituen, eta gogoan du «sekulako giroa» sortu zela belodromoan, eta ekitaldiak esanahi indartsua hartu zuela jende askorentzat: «Askatasunik ez zegoen hartan, askatasuna zabaltzeko momentu bat izan zen. Hemen ez zen halako jaialdirik ikusi ordura arte. Askatasunerako dei bat izan zen, poz ikaragarri handi bat».
Bidea zabaldu zuten
Mende erdi geroago, eta jaialdiaz harago, ekintza hark utzitako arrastoa nabarmendu du Belokik. Euskadi Irratia sortzeko oraindik sei urte eta erdi behar izan ziren, 1982ko azaroan jarri baitzuten martxan. Baina Herri Irratiaren euskarazko 24 ordu haiek erakutsi zuten posible zela irratia euskaraz egitea; bidea urratu zuen nahitasun hark, eta Belokik «satisfazioa» sentitzen du horregatik, baina galdera sakonagoa egin nahi du: «Aldarrikapen orokor asko egiten dira, euskararen alde egin behar dela-eta, baina aldarrikapen zehatzak behar dira. Orduan helburu jakin bat jarri zen, eta lortu zen. Hauxe da nire galdera: orain zein dira hurrengo urteetarako helburu zehatzak?».
Joxemari Iriondok ere pozez gogoratzen du: «Egun benetan ederra izan zen». Baina arantza txiki bat ere badauka: «Pena bat bakarra daukat: egun haren ondoren gu zergatik ez ginen ausartu horretan jarraitzera». Loiolako Herri Irratian hemezortzi langile ziren, denak euskaldunak, eta programazioaren erditsua egiten zuten euskaraz. Donostian, berriz, baziren 50 bat langile, baina euskarak askoz leku gutxiago zuen. Bilboko eta Iruñeko Herri Irratietan bestela ziren gauzak, giroa erdaldunagoa zen. Eta Iriondok gogoan du, ahalegindu baziren ere, bi irrati horietan ez zutela 24 orduak euskaraz programa eman; Bilbokoak konexioren bat egin zuen beharbada, baina Iruñekoa fraide domingotarren eskuetan zegoen, «eta domingotarrak euskararen etsaiak izan dira beti».
«Nik banuen esperantza, behin dena euskaraz eginda gehiago egiteko aukera izango ote genuen, baina ez zuen eduki bestelako oihartzunik», esan du Iriondok. Halere, Herri Irratiko kazetari askok EITBn jarraitu zuen gerora, eta ahalegin hark balio izan zuen orain normala, sinplea, erraza den hori hala izan dadin: irratiak euskaraz egin dezan.
'Faktoria' berezia egingo dute gaur donostiako belodromoan
Euskadi Irratiko Faktoria saioa Donostiako belodromoan egingo dute gaur, 1976ko martxoaren 27an egin zen 24 orduak euskaraz ekintza «euskal kulturaren eta hizkuntzaren aldeko mugarri historiko bat» izan zela iritzita. «50 urte geroago, eszenatoki beretik», egingo dute irratsaio berezia, beraz, Iñaki Guridik eta Maider Segurolak gidatuta. Joxe Ramon Beloki eta Joxemari Iriondo han izango dira, jaialdiaren soinu pasarte batzuk emango dituzte, eta mahai inguru bat egin ere bai, «euskararen oraina eta etorkizuna» aztertzeko, Jon Sarasuarekin, Aitzpea Leizaolarekin eta Eneko Agirrerekin. Horrez gain, erreportaje batzuk ere emango dituzte, eta Pantxoa eta Peio zein Mirua taldea zuzenean arituko dira, kantu batzuk jotzen. Irratiz emango dute saioa, baina Guau plataforman ere aditu ahal izango da, eta aditu soilik ez, zuzenean ikusteko aukera ere emango dute eta.