Dantzaria

Aimar Odriozola: «Irudimena asko estimulatzen du 'site-specific'-ak»

Beste bi dantzarirekin eta aktore batekin 'Hau zulo hontan' emanaldia prestatzen ari da Odriozola. Propio sortu dute Pasai Antxoko skate parkean bihar arratsaldean egiteko, Pasaiako Dantza Festibalean.

Aimar Odriozola. JON URBE / FOKU
Aimar Odriozola. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Pasaia
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasiko da Pasaiako Dantza Festibala, eta igandera bitarte dantzaren denetariko aurpegiak ikusteko era egongo da Gipuzkoako herri horretan. Aurpegi horietako bat Aimar Odriozola dantzaria da (Ibarra, Gipuzkoa, 2000), eta beste bat, site-specific erara prestatzen ari den emanaldia, hau da, Pasai Antxoko skate parkerako propio sortzen ari dena. Bihar 19:00etan egingo dute Hau zulo hontan, Odriozolak berak, Oihan Indart eta Clarissa Costagliola dantzariek eta Mikel Kaye aktoreak.

Dantza bat berbera da dantzatzen den lekua gorabehera?

Antzokietan printzipioz bai: errepikatu daiteke egoera jakin bat, argiztapenaren bidez, musikaren bidez, eszenografiaren bidez, koreografia idatziaren bidez… Hala ere, egiten dugun bakoitzean badaude desberdintasun txiki batzuk: agian zu ez daude berdin, zure gorputza ez dago berdin… Baina, gure kasuan, kalean denez eta toki jakin batera egokituko garenez, hau ezingo genuke beste skate park batean berdin-berdin egin.

Eta nola ari zarete Hau zulo hontan egiten?

Hilabete askoan irudikatu egin dugu: «Ahalko genuke erabili hau egiteko, ahalko ginateke hemendik sartu, hortik atera»… Lan asko aurretik buruan gertatu da, eta paseo asko ematen ari gara hemen inguruan, ulertzen tokia nolakoa den, tamaina nolakoa den, kurbak nolakoak diren… Eta aukera desberdinak daude. Gauza batzuk zuzenean hemen sortzen ari gara: desplazamendu batzuk idazten ari gara. Hori finkatuta, posible da besoak eta hankak martxan jartzea, desplazamendu horren barruan koreografia bat idazteko. Eta alderantzizko bidea ere bai: esaldi batzuk sortuta ekarri genituen, eta hemen egokitzen ari gara. Moldaketa prozesu bat ere badago. Tokiak forma, informazio eta konnotazio pila bat dauzka, eta lana da begiratzea ja zer dagoen, eta esatea: «Ni hemen kokatu naiz, eta ea nik zer gehitu dezakedan».

Ideia hemen bertan otu zitzaizun?

Bai, orain dela hiruzpalau urte. Pasaiako Dantza Festibalean ikusleen artean nintzen, eta orduan Iruñeko La Faktoria zentroan ikasten nenbilen. Hor, Laida Aldaz koreografoarekin hasi ginen site specific-a lantzen: leku jakin batera eramaten gintuen, eta inprobisatzeko esaten zigun. Gauza berriak probatzen hasi ginen, eta urte amaieran sorkuntza egiten genuen. Pentsatu nuen sekulakoa izango zela Laidaren horixe bera Iruñean egin beharrean hemen egitea. Ni hemen nengoelako. Burutik pasatu zen, baina alde egiten utzi nion, eta nire bizitzarekin jarraitu nuen. Iaz erabaki nuen, dantzari izateaz gain, sortzen ere hasi nahi nuela. Bizpahiru ideia nituen, eta haietako bat hau zen. Pasaiako Dantza Festibalekoak ezagutzen ditut, eta komentatu egin nien deialdia ireki zenean. Ez nuen espero hasieratik esan zidatena: beren interesekoa zela, formatu berriak nahi zituztela, prest zeudela nire proposamena entzuteko eta elkarrekin mamitzeko. Eta luxua izan da! 

Inprobisazioa aipatu duzu; hemen lekurik izango al du?

Bai! Sei egun egongo gara guztira [gaur dute azkena]. Oraingoz, noski, dena inprobisatzen ari gara, ariketen bitartez, ikusteko non kokatu, zer egin… Saiatuko gara gauza batzuk idazten; gauza batzuek funtzionatzeko ezinbestekoa da idaztea, bestela ezin baitira aurrera eraman. Baina momentu bat baino gehiago inprobisatuta joango dira; hori bai, forma emandako inprobisazio bat: jarraibide jakin batzuekin, irizpide jakin batzuekin.

«Iaz erabaki nuen dantzari izateaz gain sortzen ere hasi nahi nuela. Bizpahiru ideia nituen; haietako bat, hau»

Orain arte zer atera da?

Esanguratsuak dira kurbak, aldapak, eta, indartsu baldin bazaude, gora eta behera ibil zaitezke. Asko ibili gara kurba hauekin eta altuerekin jolasten. Soinuarekin ere ari gara gauzak probatzen. Konturatu gara tokiaren arabera kanpotik desberdin entzuten dela barruko soinua.

Eta errepide ondo-ondoan dago; zarata handia dago.

Bai, zalantzarik gabe. Ulertzen ari gara goizetan nahiko lasai egoten dela; 16:30etik 17:15era ume asko ibiltzen dira, eta galderak egiten dizkigute. Handik bost minutura, hustu egiten da. Jendea autobusaren zain egoten da... Aurrekoan zera galdetu ziguten: «Zertan ari zarete?». Jabetzen gara hemen bueltaka dabiltzan lau ero ere bagarela.

Eta lehen aldia duzu sortzen...

Oso pozik nago. Hiru lagun eta laurok elkartu gara, festibalak erraztasun guztiak jarri dizkigu, eta oxala beti horrela izango balitz dantza munduan lan egitea. Zure ideiarekin ari zara, konbentzituta eta gustura zaude, giro ona dago… 

Eta, gainera, ez da hain ohikoa toki jakin baterako sortzea lanak.

Eta edozein tokitan egin dezakezu, berez, eta espazio horietako aukerak infinituak dira. Irudimena asko estimulatzen du site-specific-ek, nire ustez.

lotsabako

Dantzatzeko leku kuttuna?
Ibarrako dantzako lokal zaharra. 

Eta dantzatzeko gustatu ez zaizun bat?
Elizondoko zubia ez dago dantzatzeko egokituta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA