Gaur aurkeztekoak ziren Iruñeko peñen pankartak jendaurrean. Baluarte jauregian ikusgai paratu behar zituzten, baina Nafarroako Gobernuak jarritako betoaren aurrean, Iruñeko Peñen Federazioak erakusketa ez egitea erabaki du. Izan ere, Armonia Txantreanaren pankarta zentsuratu nahi izan du gobernuak, Patxi Ruiz euskal presoaren egoera salatzen zuelako irudiak.
Ez Baluarten, ez inon. Erakusketarik ez da izanen azkenean. Peñen federazioak egoeraren berri eman du ohar baten bidez: «Egoerak eskatzen dituen osasun eta segurtasun baldintzak betetzeko beste erakustoki bat topatzeko zailtasunagatik, aurten pankartak ezingo ditugu publikoki erakutsi».
Ostiralean aurkeztu zituzten aurtengo peñen pankartak. Handik ordu gutxira, Navarra Sumak esan zuen Armonia Txantreanaren irudia «onartezina» dela. Ondoren, Javier Remirez lehendakariordea mintzatu zen Twitter bidez: «Pankarta ez da erakutsiko ez Baluarten, ez Nafarroako Gobernuaren beste ezein espazio publikotan».