Udako seriea. Erdi Aroko gazteluak (I)

Iruñerriko atea

Monumentu bitxia da Garañoko gaztelua. Ollaranen dago, Iruñetik 15 kilometro eskasera. Herri eta bide nagusien periferian gelditu da, eta bertara espresuki doanak baino ez du aurkituko. Ollarango itzulia egitea da bertara iristeko modurik ederrena.

Garañoko gaztelua, inguruan harresia duela. JOSU NARBARTE
Garañoko gaztelua, inguruan harresia duela. JOSU NARBARTE
Josu Narbarte
Ollaran
2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Baskoien lurraldean, Iruñea da Erromatar Inperioarekin batera desagertu ez zen hiri bakarra; Antzinate berantiarreko «mende ilunak» gainditu eta bisigodoen, arabiarren eta frankoen okupazio saioei eutsi ondoren, Pirinioen magaleko erresuma ñimiño baten buru bilakatu zen IX. mendean. Lurralde txikia izan arren —Arga eta Irati ibaiek zeharkatutako arro txiki bana baino ez, hasmentan behintzat—, hiriaren kokapena zinez estrategikoa zen, Ebroren haranaren eta Pirinioetako bortuen arteko giltzarri nagusia izaki. Koroarentzat ezinbertzekoa zen, beraz, «hiri buruzagia» behar bezala babestea, Iruñerrira zihoazen pasabide nagusiak zainduko zituzten gotorlekuen bidez.

Arkeologoek hainbat gaztelu identifikatu dituzte Iruñea inguruan: iparretik zetorren galtzada, adibidez, Uharteko gazteluak zaintzen zuen; ekialdean Legin zegoen; eta hegoaldean Gerga, Untzueko haitzaren gailurrean. Guztiak zutik ziren, dagoeneko, XI. mendean, lurraldearen gobernu militarraz arduratzen ziren tenentzia gisa aipatuta agertzen baitira orduko agirietan. Hala ere, Garaño da guztietan bereziena eta, indusketa lanak egin ondoren, emaitzarik harrigarrienak eskaini dituena.

Garaño ibarra eskualde populatua izanen zen XI.-XII. mendeetan, gaur egun baino herri gehiago baitzeuden orduan. Gainera, erresumako handikiek interes ekonomiko handiak zeuzkaten bertan, behin eta berriro agertzen baitira ondasunak saltzen eta erosten

Erdi Aroko agiriek maiz aipatzen dute Garaño izeneko ibarra, Arakil eta Arga ibaiek bat egiten duten tokitik gertu. Eskualde populatua izanen zen XI.-XII. mendeetan, gaur egun baino herri gehiago baitzeuden orduan. Gainera, erresumako handikiek interes ekonomiko handiak zeuzkaten bertan, behin eta berriro agertzen baitira ondasunak saltzen eta erosten. Hainbat eliza gelditu dira botere joko horien aztarna gisa: Uharteko Andre Mariarena, adibidez, Gartzea III. erregeak eman zien Iratxeko monjeei 1045ean, Deioko gazteluaren truke; Olloko Donamaria eliza erromanikoa, aldiz, 1066an eman zion Antso IV.a erregeak Iratxeri.

(ID_17872938501085) Garañoko gaztelua.
Garañoko gaztelua muino batean. JOSU NARBARTE

Dena den, ibarrari izena eman dioten herriak eta gazteluak osatzen zuten eskualdearen erdigunea. Kono formako muino baten magala eta gailurra hartzen zuten, hurrenez hurren; kokapen horrek sortuko zuen toponimoa, bistan dena, garai hitzak eta txikitasuna adierazteko -ño atzizkiak osatua baita. Altitude txikia izan arren (590 metro), ikuspegi bikaina zeukan, gotorlekua kokatzeko ezin hobea. Iparralderantz Oskiateko amildegia zaintzen zuen; haren erditik pasatzen da Arakil ibaia, Sakanako korridore luzea zeharkatu ondoren, eta harekin batera Arabatik zetorren galtzada zaharra. Amildegiaren gainean zegoen, halaber, Orarregiko gaztelua, Garañorekin lotura bisual zuzena zeukana. Hego-ekialderantz, aldiz, Iruñerri osoa zaintzen zuen, baita hiriburua bera ere.

Hala ere, XIII.-XIV. mendeetan ibarra despopulatzen joan ziren. Izan ere, Iruñeko erresuma hegoalderantz hedatu ahala, beste lurralde eta galtzada batzuek indarra hartu, eta Garañok bere garrantzia estrategikoa galdu zuen.

Ikerketa akuilu

Nafarroa Garaian ikerketa arkeologiko sistematikoak egin diren gaztelu gutxietakoa da Garaño. Lanak 2010ean abiatu zituzten, Iñaki Sagredo Gardek zuzenduta, eta hainbat urtez luzatu dira, Ollarango Udalaren, Iruñerriko mankomunitatearen eta Cederna-Garalur garapen agentziaren arteko elkarlanari esker.

Hala, gazteluaren egitura ongi ezaguna da gaur egun. Bi harresi zentrokidek osatzen zuten. Kanpoko harresiak forma irregularra zuen, muinoaren gailurrari egokitua; ia bi mila metro koadroko azalera hartzen zuen. Haren barnean zeuden ur biltegiak, garnizioaren egoitzak, sukaldeak, ukuiluak eta abar. Harresi horretan zirkuluerdi formako planta zuten hamar dorreren aztarnak aurkitu dituzte, baina oso higatuta.

Eremu horren erdigunean zegoen bigarren harresia, bostehun metro koadroko zirkulu ia perfektua osatzen zuena. Barnean, hainbat eraikinen arrastoak identifikatu dituzte; tartean, etxebizitza bati dagozkionak. 2021ean egin zituzten indusketa lanak; eskailera, sutegi baten arrastoak eta hegaztien eta moluskuen hondakin ugari aurkitu zituzten, besteak beste. Eraikinaren kokapena eta kalitatea kontuan hartuta, baliteke gazteluzainaren bizilekua izatea.

(ID_17872938726465) Garañoko gaztelua.
Garañoko gazteluan, kanpoko harresiaren barruan, zirkuluerdi formako planta duten hamar dorreetako bat. JOSU NARBARTE

Bigarren harresiaren erdigunean zegoen dorre nagusia, hori ere planta biribilekoa. Gaur egun hiru bat metroko garaiera du, apur bat goratu baitzuten lehengoratu zutenean; baina pentsa liteke garai batean askoz ere garaiagoa zela, inguruko lurraldearen gaineko ikuspegi ahalik eta hoberena izateko. Gisa horretako dorre biribilak ohikoak dira Nafarroako gazteluetan —antzekoak aurki daitezke, besteak beste, Orarregin, Gergan eta Elon—; baina tipologia horren azterketa arkeologiko xehea egiteko dago oraindik.

Kronologiari dagokionez, gazteluak hainbat fase izan zituela frogatu ahal izan da. Horretarako, ikerlariek eraikinaren morteroa aztertu dute; gisu harria birrinduta, kiskalita eta urarekin nahasita egiten da, eta, prozesu horretan, ohikoa da ikatz zati txikiak sortzea. Ikatz zati horiek organikoak direnez, erradiokarbono bidez analiza daitezke, eta horrela morteroaren fabrikazio data gutxi gorabehera ezarri.

XIII.-XIV. mendeetan ibarra despopulatzen joan ziren. Izan ere, Iruñeko erresuma hegoalderantz hedatu ahala, beste lurralde eta galtzada batzuek indarra hartu, eta Garañok bere garrantzia estrategikoa galdu zuen

Adituek uste dute Garañoko gotorlekuaren azken konponketak Behe Erdi Aroan egin zituztela, kokalekua abandonatu baino lehen. Horren aurretik, dorre nagusiaren eta inguruko eraikinen faserik zaharrena X. mendean kokatu dute, hau da, Iruñeko erresuma sortu zeneko garaian. Hemen dator sorpresa, ordea: eraikin horiek egitura zaharragoen gainean bermatuta zeuden; parte horiek VII. mendearen azken herenean edo VIII. mendean egin zituztela uste dute.

Horrek beste galdera batzuk sortu ditu, noski. Gaztelua erresuma sortu aurrekoa bada, nork eraiki zuen, eta zertarako? Nola zegoen antolatuta lurraldea garai hartan? Ba ote dago lehen faseari buruzko aipamenik orduko iturri idatzietan?

Gotorleku arabiarra?

Iruñeko erresuma sortu zenean, Iberiar penintsula ia osoa arabiar agintearen menpe zegoen. Garai horretako testu arabiarrak ugariak dira, eta behin baino gehiagotan aipatzen dituzte hala baskoien lurraldea (Bilad al-Baskuns) nola Iruñea (Banbaluna); baina, harrigarria bada ere, iturri horien azterketa xeherik ez da egin 2018ra arte; orduan argitaratu zuen Jesus Lorenzo arkeologoak La Vasconia peninsular en las fuentes árabes (711-929) izeneko bilduma [Baskonia penintsularra iturri arabiarretan (711-929)].

Testu horietan bada toponimo interesgarri bat, Sajrat Qays edo «Qays izeneko gizonaren haitza», akaso Garañorekin lot litekeena. Lehen aipamena 802koa da; urte horretan, Iruñeko baskoiak eta Tuterako banukasitarrak Zaragozako agintari arabiarraren kontra matxinatu ziren, eta, mugaldeko gobernadorea harrapatuta, gotorleku horretan preso hartu zuten.

Handik berrogei urtera, 843an, Kordobako Abd ar-Rahman II.a emirrak kanpaina abiatu zuen Iruñearen kontra. Sajrat Qays gaztelua kristauen esku zegoen orduan, eta haraino iritsi zen armada arabiarra, Iruñerriko landak suntsitu eta hiria bera arpilatu aurretik. Gertaera horren kronika irakurrita, badirudi gaztelua Iruñerriko atea zela eta, behin hura hartuta, hiria defentsarik gabe gelditu zela.

Bigarren harresiaren erdigunean zegoen dorre nagusia, hori ere planta biribilekoa. Gaur egun hiru bat metroko garaiera du, apur bat goratu baitzuten lehengoratu zutenean

924koa da azken aipamena; Abd ar-Rahman III.a emirra ageri da oraingoan Banbaluna-ko baskoiak zigortzeko kanpaina militarrean. Antso I.a Iruñeko erregeak denbora eta baliabide ugari inbertitu omen zituen kokalekua gotortzen eta bertan eliza bat eraikitzen; baina, hala ere, arabiarrek konkistatu eta erabat suntsitu zuten, Andaluziara garaile itzuli aitzin. Handik urte gutxira, Abd ar-Rahman boteretsuak kalifa izendatu zuen bere burua, hain zuzen ere.

Kronikari arabiarrek ez zuten ongi ezagutzen baskoien lurraldea. Horregatik, beren testuetan agertzen diren deskribapenak lausoak dira, eta akatsez beterik daude. Ez da erraza Sajrat Qays hura non zegoen asmatzea. Hainbat hipotesi plazaratu izan dira, tartean Uharte Arakil, Etxauri edo are Azagra izan daitezkeela; baina, kroniken berrirakurketa xehe batean oinarrituta, Alberto Cañada historialariak Garaño proposatu zuen 1976an, kokapen sinesgarriena zelakoan. Badirudi ikerketa arkeologikoek arrazoia eman diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA