Egun hartan, funtzionarioak ziegara sartu, eta lurrera bota ninduten.S funtzionarioak burua lurraren kontra zapaltzen zidan bitartean, R funtzionarioak belauna bizkarrean jarri, eta eskuburdinak jarri zizkidan. Ez dakit zertara zetorren tratu txar hura, gaur ere ez dakit, ez baitidate txostena eman». Gutun batean kontatu zuen jasotako tratua Raquel E.F. presoak, Bartzelonan, Brianseko espetxean. Erregimen Itxiko Departamentu Berezietan, bederatzi hilabetez bakartuta izan zuten emakumea —hemeretzi egunetan izan ezik—. Guztira, 252 egunez. Ziega txikiaren barnean, egunean 21 orduz.
Bere buruaz beste egin baino bost egun lehenago, beste gutun batean presoak honela kontatu zuen: «Oso urduri nago; lotzeko eta 93. artikulua ezartzeko mehatxua egin didate. Hilaren 24ra arte ezin diot inori deitu, ezin dut inorekin egon; beraz, zerbait falta bazait, inork ezin dit lagundu. Gaur neure burua zintzilikatzen saiatu naiz, baina azkenean atzera egin dut». Raquel E.F.-k 38 urte zituen, eta bi seme-alaba; hiru lapurreta egiteagatik jaso zuen espetxe zigorra. Jasan zituen tratu txarrak, hilabeteetan jasandako bakartzealdia eta haren heriotza ez ziren Herrialde Katalanetako komunikabide nagusien azaletan agertu. Isilpean gelditu zen. Edo isilarazi egin zuten. Sergi Franch kazetariak kontatu du istorioa, Presó i aïllament: la mort de Raquel erreportajean (Espetxea eta bakartzea: Raquelen heriotza). Anuari Media. Cat dels Silencis Mediatics urtekarian irakur daiteke lan hori, beste 11 ikerketa erreportajerekin batera. Guztietan, Herrialde Katalanetan iaz isilpean gelditu ziren gertakariak azaleratzen saiatu dira. Interneten, www.media.cat/anuari/ gunean daude irakurgai.
Seigarren aldia da urtekaria argitaratzen dutena. Ramon Barnils kazetari taldeak sustatzen du, eta Pol.len Edicions-ek argitaratzen du. Ameriketako Estatu Batuetan Sonomako Unibertsitatean sortutako Censored proiektutik hartu zuten ideia urtekaria egiteko. «Gaur egun, kazetaritzak askatasun handiagoarekin azaltzen du Idomenin errefuxiatuekin zer gertatzen den, etxe ondoko bulegoan zer gertatzen den baino», ohartarazi du Ferran Casasek, Ramon Barnils taldeko presidenteak.
Askotariko erreportajeak
Erregimen Itxiko Departamentu Berezietan presoak denbora luzez izateak ekartzen dituen ondorioak aztertu ditu Sergi Franchek, Raquel E. F. presoaren istorioaren bitartez. Istorio horrekin batera, badira gertaera gogor gehiago urtekarian: Isabel Villar Valentziako Unibertsitateko ikasleak —egun SER irratian egiten du lan— Lyssa Silva transexualaren hilketa ikertu du. Bi gaztek hil zuten, 2015eko uztailean, Alacanten (Herrialde Katalanak), jipoi baten ostean—espetxean epaiketa zain ziren erasotzaileak artikulua argitaratu zenean—. Gertaera komunikabideetan gaizki tratatu zutela jakin zuen Villarrek, eta indarkeria transfobikoa zer den jaso du artikuluan. Transexualek indarkeria matxistaren arloan pairatzen duten diskriminazio bikoitzean ere sakontzen du. Izan ere, hainbat hedabidek iaz prostituzioarekin lotu zuten transexual haren hilketa, eta ikerlariak frogatu du ez zela hala izan.
Urtekarian jaso dituzten gaien artean, Israelgo ICL Iberia enpresak Bageseko eskualdean (Katalunia) meatze publikoak nola kudeatzen dituen dago. 2015eko ekainean, Manresako epaitegi batek enpresako bi zuzendari eta Generalitateko hiru goi kargudun inputatu zituen, natur baliabideen kontrako delituengatik eta ingurumen prebarikazioagatik.
Kazetariek eta ikasleek ikertutako gaien artean, beste hauek daude: Herrialde Katalanetako enpresek Bruselan lobby-etan egindako inbertsioak, El Corte Inglesek Kataluniako Generalitatearekin fakturatzen dituen milioiak, hotelen enpresa handiek Balearretan ekotasa ez ordaintzeko egiten duten presioa, Kataluniako eta Valentziako gobernuek futbol taldeei ematen dizkieten diru laguntzak, eskualdeetako kontseiluetan arduradunek kobratzen dituzten dietak eta Bartzelonako eliteko eskolak.
Urtekariko koordinatzaile Elisenda Rovirak, epilogoan, lanaren premisari egin dio erreferentzia: «Gero eta jende gehiago dago pentsatzen duena benetako albisteak ez direla zurrunbilo informatiboaren azken orduko izenburuak». 2011. urtean, urtekariak Iñaki Urdangarinen ustelkeria auzia jaso zuen, hedabide handietan agertu baino askoz lehenago.
Isilpekoak azaleratuz doaz
Herrialde Katalanetan 2015ean isilpean gelditu ziren zenbait gertakariren inguruko ikerketa erreportajeak bildu dituzte 'Anuari Media.Cat dels Silencis Mediatics' urtekarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu