Telesailak

Isiltasun soziala: birusa baino suntsitzaileagoa

Eduardo Casanova zinemagileak banpiroaren mitoa erabiliko du beldurraren, gaixotasunaren eta estigmaren historia soziala auzitan jartzeko. Hiru ataletan, bi garai lotuko ditu: XIV. mendeko Izurri Beltza eta 80ko hamarkadako GIBaren eta hiesaren epidemia.

'Silencio' telesailaren fotograma bat. MOVISTAR+
'Silencio' telesailaren fotograma bat. MOVISTAR+
gaizka izagirre
2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusleari oharra: Silencio ez da beldurrezko ohiko telesail bat, eta litekeena da ez izatea ikusle gehienentzako moduko obra bat. Eduardo Casanovaren lana ezagutzen dutenek ongi dakite zein berezia den haren estiloa eta forma; onerako zein txarrerako, inor epel uzten ez duen zinemagile horietakoa da. Kasu honetan, banpiroaren iruditeria eta komedia uztartuko ditu, drama sozial eta queer sentsibilitatearekin bat eginez, historikoki isilaraziak izan direnei —bereziki emakume seropositiboei— ahotsa emateko.

Beldurraren, gaixotasunaren eta estigmaren historia soziala zalantzan jartzeko, bi garai desberdinetan kokatuko da narrazioa: XIV. mendeko Izurri Beltzaren itzaletan eta 80ko hamarkadako Espainiako GIBaren eta hiesaren epidemian.

Etsaitasunezko mundu batean ezkutatuta bizirautera behartutako ahizpa banpiro batzuen bidez, Casanovak iradokiko du benetako izua ez dela gaixotasuna, baizik eta gizarteak ezartzen duen isiltasuna. «Isiltasun» hori telesaila zeharkatzen duen ardatz metaforikoa izango da. Telesailak erakutsiko du isiltasun soziala, batzuetan, birusa bera baino suntsitzaileagoa izan daitekeela.

Banpirismoa metafora queer eta sozial gisa erabiltzea oso eraginkorra izango da. Banpiroak —emakumeak, marjinatuak, ezberdinak— protagonista bihurtzean, telesailak irauli egingo du tradizioz maskulinoa izan den genero baten kanona, eta paralelismo argia marraztuko du historikoki jazarriak izan diren kolektiboekin.

Apustu estetikoa nabarmena izango da: lana 16 milimetrotan grabatuta dago, eta horrek testura bisual gordina eta latza erantsiko dizkio; 70eko eta 80ko hamarkadetako beldurrezko zinema gogorarazten du. Erabaki horrek dimentsio fisikoagoa eta erraietakoagoa emango dio kontakizunari.

Proposamena biziki interesgarria eta indartsua den arren, ahulgune nabarmen bat izango du: hogei minutuko hiru zatitan banatua, formatu laburrak pertsonaien arku emozionalak eta irudikatzen diren testuinguruaren konplexutasunak sakonki esploratzeko aukera mugatzen du. Telesail bat baino gehiago, luzatutako film labur baten esentzia du, eta guztia ia modu anekdotikoan iritsiko zaio ikusleari, sakontasun urriz.

Proposamen ausarta da, pertsonalki eta politikoki indartsua. Bere genero nahasketak, estetika apurtzaileak eta tabuak aurrez aurre jartzeko asmoak argi uzten dute helburua ez dela ikusle guztiak asebetetzea, hausnarketa eta eztabaida eragitea baizik.

Apoyo Positivo

1993an jaioa, Apoyo Positivo GKE bat da, GIBak eragindakoen eskubideak defendatzeko eta gizartean integratzeko sortua. Sortu zenetik, erakundeak berrikuntza sozial komunitarioaren eredu baterantz eboluzionatu du. Haren lana hiru arlo nagusitan egituratzen da: osasuna, hezkuntza eta eskubideak, arreta berezia eskainiz aniztasunari, sexu eta ugalketa osasunari, eta estigmaren aurkako borrokari. Silencio telesailak Apoyo Positivo GKEaren babesa jaso du, eta, horri lotuta, Casanovak adierazi du: «Telesaila benetakoa eta konprometitua da, hain zuzen ere, Apoyo Positivo dagoelako atzean».

fitxa

  • Sortzailea. Eduardo Casanova. 
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Ana Polvorosa, Lucia Diez, Maria Leon eta Leticia Dolera.
  • Non ikusi. Movistar+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 20 minutu.
  • Generoa. Beldurra, komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.