Banandu baino "batu" egiten du isiltasunak, Azkuna Zentroko jardunaldiek erakutsi dutenez. Orain arte Bilborocken egin izan dituzte jardunaldiok, baina lekuz aldatu dute hamargarrengoan. Helburu zehatzik ez zeukaten, ez bazen isilik egotea eta nor bere buruarekin elkarrizketan jartzea. Alvearren esanetan, isiltasunaren onurak neur ezin daitezkeen arren, meditazioaren beharra areagotzen ari da.
Horrez gain, bestelako gaiak ere landuko ditu Bizigiro-k biharko gehigarrian. Batetik, uztailean Mauletik abiatu eta Euskal Herria zeharkatuko duen Euskarabentura espedizioa izango dute hizpide. Bestetik, Avengers: Infinity War pelikulaz hitz egingo du zinema orrian, besteak beste. Elikadura orrian, Iker Martinez Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Kuko jatetxeko sukaldariak azalduko du nola egin barazki panatxea barazki freskoekin, eta Roberto Sarriugartek Celler Sabate Franquet upategiaz eta egiten dituen ardoez hitz egingo du.
Astebururako proposamenak ere ez dira faltako gehigarrian: esaterako, Zientzia Azoka egingo dute Bilboko Plaza Berrian, eta DBH eta Batxilergoko ikasleen 90 talde urte osoan garatzen aritu diren zientzia proiektuak erakutsiko dituzte.