Telesailak

Isiltasunaren garrasia

BBCren eta ‘Adolescence’ telesailaren ekoizleen zigilupean, Filminek mendekuari eta berrerospenari buruzko beste thriller bat estreinatuko du: ‘Reunion’. Hamar urteko zigorra bete ondoren espetxetik atera berri den gizon gor baten ikuspuntua emango du.

'Reunion' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Reunion' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2025eko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan telesailetan gorreriaren irudikapenak bilakaera nabarmena izan badu ere, gehienetan errealitatetik nahiko urrun kokatu izan dira. Hamarkada luzez, gortasuna gutxi edo gaizki irudikatu da telebistan: pertsonaia gorrak bigarren mailakoak izaten ziren, estereotipatuak edo aktore entzumendunek antzeztuak, eta horrek benetakotasunik gabeko irudiak sortzen zituen, komunitate gorrari buruzko ideia okerrak betikotuz.

Ez da inondik inora ere Reunion telesailaren kasua. Errealitate hori kontakizunaren erdigunean jarriko dute, eta, ohiko drama soil batetik urrun, thrillerraren lurraldeetara eramango du ikuslea, tonu likits eta gordina erabiliz. William Mager gidoilari gorrak idatzitako telesail elebiduna da, eta britainiar keinu hizkuntza, ingeles mintzatua eta azpidatziak uztartuko ditu.

Reunion lau zatiko mendeku thrillerra da, Daniel Brennan izeneko gizon gor baten ikuspuntutik kontatua, fisikoki zein emozionalki gizartetik bakartua dagoen pertsona baten begietatik. Hasieratik aurkeztuko dute Daniel Brennan: hamar urteko zigorra bete ondoren espetxetik atera berri den gizon gorra da. Brennanek bi munduren artean harrapatuta dagoen pertsonaren borroka irudikatuko du: ez da gai entzumendunen munduan erabat integratzeko, eta gorren komunitateak arbuiatzen duela sentituko du; iraganean egin zuen zerbaitek izango du gaitzespen horren gakoa. Bakartze horren erdian, Brennanek Carly alabarekin soilik izango du harreman esanguratsua, hamarkada batez hura ikusi gabe egon ondoren.

Ezin da ukatu istorioa nahiko arrunta dela; hala ere, gorren errealitatea erdigunean kokatzeak bestelako itxura eta sakontasuna ematen dio narrazioari eta, aldi berean, telesailari, oro har. Erakutsiko du nolako inpotentzia senti dezakeen gor batek kolektibo horrekin komunikatzeko prest ez dagoen makineria legal eta polizial baten aurrean.

Matthew Gurneyk antzeztuko du Brennan, eta ikusleari apurka-apurka azalduko zaio gertatutakoa, bidean utzitako ogi apurren moduko flashbacken bidez. Nahiz eta pertsonaiak aipatutako ezaugarri horiek dituen, telesailaren helburua ez da ikusleak harenganako enpatia edo errukia sentitzea; alderantziz, pertsonaia ez da batere adeitsua, eta «on puska» izatetik oso urrun dago.

Teknika zinematografikoa beti narrazioaren zerbitzuan jarriko dela nabarmendu beharra dago: azpidatziak, soinu efektuak eta hain baliotsua den isiltasuna modu burutsuan erabiliko ditu. Horri esker, ikusleak frekuentzia ezberdinetan jarduten duen mundu baten aurrean dagoen sentsazioa izango du, eta mundu horren dinamika eta tentsioa modu bizi batean hautemango ditu.

Lantalde gorra

Istorioak jorratzen duen gaiaz harago, proiektuaren atzean dagoen lantaldearen parte bat ere gorra da: Matthew Gurney eta Rose Ayling-Ellis aktoreak, eta William Mager idazlea, esaterako. Nagusiki keinu hizkuntza britainiarra erabili dute komunikatzeko; Anne-Marie Duff eta Lara Peake aktoreek, berriz, keinu hizkuntza ikasi zuten pertsonaiak lantzeko eta euren artean modu naturalean komunikatzeko.

FITXA

  • Sortzailea. William Mager. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Matthew Gurney, Lara Peake, Rose Ayling-Ellis eta Eddie Marsan.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atalen iraupena. 50 min.
  • Generoa. Drama, thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.