Hondo beltz baten gainean, hizki zuriz, telesailaren lehen minutuetan giltzarri izango diren izen eta piezak agertuko dira, bata bestearen atzetik: Portobello telebista saioa; NCO (Nuova Camorra Organizzata) 70eko hamarkadan Raffaele Cutolok sortutako erakunde kriminal italiarra, droga trafikoan eta estortsioan murgilduta; Giovanni Pandico, Camorrako kidea eta Cutoloren konfiantzazko gizona; eta, jakina, Enzo Tortora, Portobello saioko aurkezle karismatikoa. Italian oso ezaguna eta maitatua, milioika ikusleren erreferentea, Italiako telebistako pertsonaia esanguratsuenetako bat.
Portobello telesaila 1982. urtean girotuta dago. Arrakastaren gailurrean dago Tortora. Audientzia handieneko ordutegian ematen den saioa aurkezten du, 28 milioi ikus-entzule ere bilduko dituen programa fenomenoa da Portobello. Saioaren ikur bihurtu den loroari hitz eginarazten saiatzen dira lehiakideak; era guztietako gonbidatuak igarotzen dira plato hartatik, telebista herrikoiaren ispilu bilakatuta.
80ko hamarkadako telebistaren erregea da Tortora, eta Alessandro Pertini Italiako presidenteak Errepublikako Komendadore izendatuko du. Bitartean, Irpinian lurrikara batek astinduko du hegoaldea, eta hondamendi hark kolpe latza emango dio Camorraren egitura lehendik ere ahulduari. Testuinguru nahasi horretan, Giovanni Pandicok —Cutoloren konfiantzazko gizona eta Portobello saioaren ohiko ikuslea— damutzea erabakiko du: mafiako kideak salatu, eta justiziarekin kolaboratzeari ekingo dio. Epaileen aurrean deklaratzen duenean, ordea, inork espero ez zuen izen bat aipatuko du: Enzo Tortora.
1983ko ekainaren 17an, Italiako Poliziak Tortoraren hoteleko gelako atea jo zuenean, aurkezleak ezin zuen sinetsi zer gertatzen ari zen. Akatsa zela pentsatu zuen. Baina une hartan hasi zen amildegira eramango zuen odisea latza.
Osagai horiekin guztiekin, Marco Bellocchiok telesail berezi eta mamitsua osatu du. Lehen lerroan jarriko du sistema judizialaren hauskortasuna eta iritzi publikoa akusazio-auzitegi bihurtzeko duen erraztasuna, baita froga sendorik ez dagoenean ere.
Formalki, estetika soil eta zorrotz baten gainean eraikiko da telesaila. Sentsazionalismotik ihes eginez, eszenaratze neurtu batekin helduko dio Tortoraren kasuari. Argia eta itzala, zarata eta isiltasuna, ospea eta bakardadea; kontraste horietan eraikitzen da kontakizunaren dimentsio morala.
Serieak memoria historikoa eta kritika soziala uztartuko ditu, komunikabideek bizitza publikoan duten eragina aztertuz. Baina ez da injustizia judizial bat kontatzera mugatuko, baizik ispilu gisa erabiliko du Italia garaikidean justiziaren, ospearen eta irudien kontsumoaren artean dagoen harreman hauskorra aztertzeko. Italiakoren historiaren pasarte desatsegin bati buruzko erretratu konplexu, barroko eta indartsua osatuko du Bellocchiok. Zinez gomendagarria.
Italiako lehen lana
Telesaila Marco Bellocchio zinemagile beterano italiarrak zuzendu du, eta HBO Max plataformarako ekoitzitako Italiako lehen lana da; Veneziako Zinemaldian estreinatu zuten. Bellocchio Europako zinema garaikideko ahots garrantzitsuenetako bat da: besteak beste, Diavolo in corpo, Vincere, Il traditore eta Rapito filmen egilea da. Aurretik egindako telesaila, Esterno notte (2022), askotan agertu zen urte hartako lan nabarmenenen zerrendan, kritikaren eta publikoaren aitortza jasota.