Itsasgarriak, garai baten isla

Jordi Padrok, Marti Puigek eta Pep Garciak Herrialde Katalanetako mugimendu independentistaren 50 urteko errepasoa egin dute, itsasgarrien bidez. 1969tik 2019ra arteko mila itsasgarritik gora jaso dituzte, eta, gaika multzokatuta, 'Difon la idea' liburuan bildu dituzte.

Askotariko gaiak jorratzen dituzten irudiak bildu dituzte Difon la idea liburuan. POL-LEN / BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Publizitaterako tresna gisa, baina, bereziki, propaganda politikorako erabili izan dira sarritan itsasgarriak. Alderdien izaeraren parte bihurtu ziren garai batean, eta herritarrei mezu zuzenak bidaltzeko baliatzen zituzten. Jordi Padrok, Marti Puigek eta Pep Garciak duela 50 urtetik gaur egun arteko itsasgarriak bildu dituzte, eta, horien bitartez, Herrialde Katalanetako mugimendu independentistaren errepasoa egin dute. 18 urteko bilketa lanaren ondoren, mila itsasgarritik gora multzokatu dituzte Pol-len argitaletxearekin batera kaleratu duten Difon la idea liburuan. Gaika antolatuta dago, eta, itsasgarriez gainera, testu laburrak ere agertzen dira.

Itsasgarrien bidez «informazio asko» eskuratu daiteke, Marti Puig liburuko egilearen arabera: «Itsasgarriak elementu garrantzitsu bat izan ziren asaldura politikoaren garaian, eta bertan agertzen dira islatuta garaiko borrokak, kanpainak, erabilitako estrategiak, hartutako jarrera...». Hala ere, aitortu du ez dela lan erraza izan itsasgarri horiek guztiak biltzea eta identifikatzea: «Gu geu joan behar izan gara itsasgarrien atzetik, eta helburua horiek artxibatzea izan da, gordeta izateko».

Sare sozialen bitartez identifikatu dituzte horietako asko, baina aitortu du zailena itsasgarriak eskuratzea izan dela. Hasieran 20.000 itsasgarri inguru bildu bazituzten ere, horietatik mila jarri dituzte liburuan, jatorrizko koloretan: «Aukeraketa bat egin behar izan dugu; ordu askotako lana dago atzetik». Bildumagilea da Puig, eta, egun, Herrialde Katalanetako independentismoan espezializatuta dagoen itsasgarrien funts bat du: «Nire zeregina liburuko itsasgarriak biltzea, eskaneatzea eta datak jartzea izan da, gehienbat».

Data zehatzak jakin ahal izateko, laguntza eskatu behar izan dute, Puig-en hitzetan: «Hainbat erakundetako kideekin, diseinatzaileekin, militanteekin... jarri gara harremanetan, eta denon artean datak zehaztea lortu dugu». Horrez gainera, urte bakoitzaren alboan, itsasgarria testuinguruan kokatzeko azalpen labur bat ere jarri dute. «Azalpen horiek balio erantsia ematen diete itsasgarriei», nabarmendu du.

Hainbat puntu garrantzitsu

Askok uste duten arren azken urteotan piztu den fenomenoa dela, mende erditik gorako ibilbidea du Kataluniako prozesu independentistak. Zehazki, 1969. urtean kokatu daiteke gaur egungo independentismo katalanaren sorrera, frankismotik monarkia parlamentariorako trantsizioan. Garai hartan sortu zen PSAN Herrialde Katalanen Nazio Askapenerako Alderdi Sozialista, eta, Jordi Padro egilearen hitzetan, alderdi berri horren sorrerak «zeresan handia» eman zuen Katalunian: «PSAN-ek ordura arte indarrean zeuden mugimenduak hautsi zituen: independentismo berri baten aldeko apustua egin zuen». Esteladaren izarra gorri kolorez margotzeaz gainera, mugimenduaren oinarriak finkatu zituen alderdiak: «Independentismoak eta sozialismoak bat egin zuten, eta Herrialde Katalanetako marko nazionalen aldarrikapena egin zuten».

Hain zuzen ere, gertaera hori da liburuaren abiapuntua, baina egileek ez dute kronologikoki ordenatu. «Hasieran, hamarkadaz hamarkadako jarraipena egitea zen asmoa, baina gerora konturatu ginen hala eginez gero errepresioak leku handia hartuko zuela», azaldu du Padrok.

Ondorioz, liburua gaika antolatu dute, hamar ataletan: gai nazionalak, gai sozialak, feminismoa eta LGTBI mugimendua, lurraldearen defentsa, borroka eta aktibismoa, kultura, gazteria, borroka instituzionalak eta anarkoindependentismoa. «Normalean, Diadan, talde anarkoindependentista ateratzen da manifestazioaren ondoren, eta horrek ere liburuan bere lekua merezi zuela iruditu zitzaigun», azaldu du egileak. 2012. urtetik Kataluniako mugimendu independentistak manifestazio masiboak egin ditu Diadan, eta horri esker hasi ziren gertakizunak bizkortzen. Hala ere, gai bakoitzaren barnean azpiatalak ere badaude. «Manifestazioetan behin eta berriz errepikatzen diren leloak erabili ditugu azpiatalak izendatzeko», azaldu du Padrok. Ni Espanya, ni França (ez Espainia, ez Frantzia), Estima com vulguis (nahi duzun bezala maitatu) edo Sense les dones no hi ha revolucio (emakumerik gabe ez dago iraultzarik) dira, besteak beste, liburuan irakurri daitezkeen esamoldeetako batzuk.

PSAN alderdiaren sorreraz gainera, egileen arabera, «hainbat» dira Esquerraren historia markatzen duten puntuak. 1980an, kasurako, PSAN alderdia hainbat taldetan banatu zen. «Besteak beste, MDT Lurraren Defentsarako Mugimendua sortu zen zatiketa hartatik, eta, horri esker, jende gazte asko hurbildu zen independentismora», dio Padrok. Era berean, Terra Lliure talde armatua sortu zen: «Talde horrek independentismoaren aldeko mezuak zabaltzeko baliatzen zituen atentatuak». Pixkanaka, gizarte sare zabal bat eratu zen mugimendu independentista horien inguruan, eta asko izan ziren mugimendu horiekin bat egin zutenak: besteak beste, ikasle mugimenduak, ekologistak eta feministak. «Garai hartako itsasgarriak oso identifikagarriak ziren, eta horietako asko hainbat elastikotan ikus daitezke oraindik ere», dio Puig-ek. Gehien errepikatzen den esaldietako bat espanyol jo? edo espanyola jo? dioena da. Bertan, marrazki bizidun bat «barrez lehertzen» ari da: «Katalanaren aldeko aldarria da kamiseta».

Atzetik bultzaka jende uholde bat zutela ikusita, 1990eko hamarkadan mugimendu horiek instituzionalizatzeko beharra ikusi zuten. Hala ere, errepresio handiko garaiak zirenez, zailtasunak izan zituzten. Militante askok ERC-ko bidea hartu zuten, eta, aldi berean, Maulets gazte erakundeak indarra hartu zuen. Garai hartakoa da liburuko itsasgarririk «ikonikoenetariko bat»: Bilboko Euskalduna ontziolako langile bat da protagonista, lantegia itxi ez zedin Deustuko zubian egindako mobilizazioan. Tiragoma bat du esku artean, eta argazkia berehala bihurtu zen itsasgarri eta kamisetetako diseinu. Maulets taldeak «askotan» erabili bazuen ere, diseinu hori ez zuten haiek asmatu, «baina, taldeari esker, ezagun egin zen».

Gainera, 2003. urtea ere nabarmendu dute egileek. Izan ere, hainbat erakundek urte horretan abiatu zuten elkartzeko prozesua. «Hasieran arrakasta handirik lortu ez bazuten ere, pixkanaka, CUP alderdia herriz herri zabaltzen hasi zen, eta hortik parlamentura iristea lortu zuen», azaldu du Padrok. Hortik aurrera, mugimendua haziz joan zen, eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin eztanda egin zuen: Katalunia errepublika formako estatu independente izatea nahi al zuten galdetu zitzaien herritarrei. Espainiako Polizia eta Guardia Zibila hautetsontziak ebastera joan baziren ere, 2.286.217 boto zenbatu zituzten.

50 urteko errepasoa 2019ko preso politikoen atxiloketarekin amaitzen da. «Une gogorrak izan ziren», dio Padrok: «Momentu jakin batean, independentzia lortzea posible zela ikusi genuen; baina, independentzia ez lortzearekin batera, hainbat jende espetxeratu zuten. Kolpe gogorra izan zen guztiontzat». Llibertat presos politics lelopean, itsasgarri ugari kaleratu zituzten presoen erretratuekin eta preso politikoen aldeko xingola horiekin, besteak beste.

«Urte horietan guztietan independentismoaren sugarra bizirik mantentzea izan da garrantzitsuena, itzali ez zedin», dio Padrok. Puig ere bat dator bere kidearekin, eta hau gehitu du: «Oraindik ere bide luzea dugu aurretik, eta asko dago egiteko».

Liburua eskuratzearekin batera, esanguratsuenetarikoak diren itsasgarrietako batzuk eskuratzeko aukera izango du erosleak: «Liburuaren azala norberak nahi duen bezala pertsonalizatu daiteke». Hamabi itsasgarri etorriko dira liburuan, eta bakoitzak «bere erara» apaindu ahal izango du.

Bertakoa,inspirazio iturri

Euskal Memoria fundazioak 2017an kaleratutako Euskal Herriko pegatak (1965-1969) eta Euskal Herriko pegatak 2 (1980-1989) liburuak izan dira batez ere egileen inspirazio iturri. «Euskal Herrian egindako liburua ikusi genuen, eta aukera paregabea iruditu zitzaigun errepaso grafikoa egitea». Liburua «hemeroteka sozial» gisa aurkeztu zuten bere garaian, eta, politikarekin lotutako itsasgarriak nagusi izan arren, Euskal Herri osoko itsasgarriak eta askotariko taldeenak bildu zituzten. Betiere, euskaraz eginikoak lehenetsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.