Lupa jaialdiak dokumentalak erakutsiko ditu, igandera arte, Donostian eta Errenterian (Gipuzkoa). Lanon inguruan, sortzaileak, ekoizleak, banatzaileak eta ikusleak bildu nahi ditu denen arteko hausnarketa bultzatzeko.
Emanaldi guztiak dira irekiak, baina, horiez gain, dokumentalgile eta zinemaren industriako ordezkarien arteko bilkurak egingo dituzte. Sortzaile euskaldunez gain, atzerrikoek ere parte hartu izan dute jaialdian.
Gaur, 18:00etan, bi lan ikusteko aukera egongo da Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean. Juan Falqueren ¡Piratas! (2010) lanarekin zabalduko dute saioa. Somaliako piraten inguruan hedabideek kontatzen ez dutenaren berri ematen du lanak, 24 minutuz. Ondoren, 0,39 Juan Bidegainen lana ikusi ahalko da. Hori ere itsasoaren inguruko lana da. Ondarroako arrantzaleen eguneroko lanaren berri ematen du. Banatzaileek langileoi arrainarengatik ordaintzen dietena eta kontsumitzaileei kobratzen dietena alderatzen du. Azkenik, egile beraren Lamine Thior lana ikusi ahalko da.
Bihar leku eta ordu berean izango dira emanaldiak. Igandean, berriz, Guardetxean jarraituko dute, Donostian, 19:00etatik aurrera.
LUPA 2011
Noiz. Gaur, 18:00etan.
Non. Mikelazulo kultur elkartean, Errenterian (Gipuzkoa).
Itsasoari eta piratei so, lupaz
Sortzaileak, ekoizleak, banatzaileak eta ikusleak elkartu nahi ditu Lupa 2011 jaialdiak igandera arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu