Duela urte oso gutxi arte, Euskal Herriko portuetan sareak josten eta konpontzen aritu ohi ziren emakume saregileak. Gaur egun, arrantza sareek lana ematen jarraitzen dute, baina beste era batera. Horretan aritzen dira Gotaalab proiektukoak; haren arduraduna da Udane Alfonso (Errenteria, Gipuzkoa, 2000).
Saregileen gisara, Kantauri itsasoko sareak dituzue lanabes.
Bai. Aldea da guk erabiltzen ditugun sareak Kantauri itsasora botatakoak direla. Arrantzaleei goi itsasoan sare batzuk hausten bazaizkie, itsasora botatzen dituzte. Estatistiken arabera, 640.000 sare botatzen dira ozeanoetara: San Mames estadio bat eta erdi, sarez beteta. Guri ez dizkigute sareak emakume horiek ematen; tamalez, hondakinak dira erabiltzen ditugunak. Gotaalab ekonomia zirkular urdineko proiektu bat da, sare horiei beste buelta bat ematen baitiegu, beste bizitza bat eman eta produktu bilakatzen baititugu.
Ideia nola otu zitzaizuen?
Dezetaa jasangarritasun estrategikoko aholkularitzan egiten dugu lan; hark dauzkan proiektu zirkularretako bat da hau: gaitasuna daukagu enpresek dituzten hondakinak hartu eta beste material bat bilakatzeko. Esan genuen: «Ikus dezagun ea gu gai garen hondakin jakin bat hartu eta beste zerbait bilakatzeko». Ikusgaitasuna emateko zerbitzu horri, eta bagenekielako arazoa zegoela arrantza sareekin, eta bagenituelako baliabideak arazo horri buelta bat emateko. Hortik sortu zen Gotaalab.
Urtarrilean sortu zenetik, zer ibilbide egin duzue?
Marka sortu dugu, lehenengo prototipoak atera ditugu, testak egin ditugu, aldaketak... Eta katalogo bat dugu ja: mahai bat, taburete bat, sakelako telefonoari eustekoa, zakarrontzia... Laster aterako dugu aulki bat. Produktu pertsonalizatuak ere bai.
Zein dira horiek guztiak egiterainoko pausoak?
Arrantza sareak jasotzen ditugu, garbitu, eta bi koloretan banatzen ditugu: berdea eta urdina. Behin banatuta, txikitu egiten ditugu, eta zuntz batzuk geratzen dira. Hori guztia eta plastiko postindustriala prentsatu egiten dugu beroarekin, eta xafla batzuk ateratzen dira. Diseinuaren arabera, prozesua mekanizatzen dugu, eta produktua sortzen da.
Zer sare dago lan horren inguruan?
Produkzio guztia CM Plastik enpresak Valentzian [Herrialde Katalanak] duen egoitzan egiten da —puntako teknologia dute—, baina egia da etorkizunean Euskal Herrira ekarri nahi dugula produkzio guztia. Are jasangarriagoa izango da lokala baldin bada. Sutargirekin ere egiten dugu lan. Alegian [Gipuzkoa] daude, eta desgaitasunen bat duten edo gizarte bazterkeria jasaten duten pertsonekin egiten dute lan. RIEGekoek [Deustu-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globalekoek] garaikur batzuk eskatu zizkiguten, eta, Sutargik egurrarekin ere lan egiten duenez, arrantza sareen bidez ateratako materialaz eta egurrez egin genituen. Ehun! Eta oso ondo atera ziren. Azken finean, gure lanak eragina du ingurumenean —arrantza sareak hartzen ditugulako—, eragin lokala du —hona ekarri nahi dugulako produkzioa—, eta eragin soziala.
Eta sormen handia duzue...
Ba, bai. Sormena badugu, eta, bereziki, gogoa.
Zein dira hurrengo pausoak?
Produktu gehiago ateratzea. Gure bezero potentzialengana joan, zer behar duten galdetu...
Zein da ekonomia zirkular urdinaren garrantzia, zure ustez?
Gu itsasoa eta mendia gara. Itsasoari oso lotuta bizi gara, baina begiratu behar dugu itsaso barruan zer dagoen. Produktu hauek oso politak dira, baina nondik datoz? Kontzientzia hori landu behar dugu. Itsasoaren oso zaleak gara, baina nola dugu itsasoa? Horretaz jabetu behar dugu. Hondakinekin egiten ditugu produktuak, eta kontziente izan behar dugu.
lotsabako
Nolako harremana duzu itsasoarekin?
Jaizkibel nire bigarren etxea da, eta handik bizi dut.Arraina jatea gustatzen zaizu?
Bai! Legatza dut gogokoen; labean, patatekin.