Ohikoa da itsasertzeko herriek kaia izatea, hori baita lurraren eta itsasoaren lotunea. Mendez mende toki garrantzitsu bihurtu dira, merkataritzan eta arrantzan funtsezkoak baitira. Urteak igaro ahala, aisialdirako, kulturarako eta festa girorako gune ere bihurtu dira. Bertan ospatzen dituzte, esaterako, Donostiako Karmengo jaiak. Karmengo Amari zor diote izena, hura baita itsasoan lan egiten dutenen zaindaria.Â
Bihar hasiko dira jaiak Donostiako kaian. Aurten berrikuntza batzuk izango dituztela aurreratu du Asier Gurrea antolakuntza taldeko kideak: «Batetik, bertso saio bat egingo dugu Isturiz I itsasontzi barrutik, eta, bestetik, pilotako buruz buruko txapelketa bat ere antolatu dugu». Â
10:00etan, Jose Maria Zubia Zigaran Aita Mari-ri lore eskaintza egingo diote, eta Gipuzkoako adineko arrantzaleei omenaldia egingo diete udaletxean. 12:15ean, Karmengo Amaren omenez meza egingo dute, eta amaieran Kresala dantza taldearen emanaldia izango da. 16:00etan, pilota txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte, eta 18:00etan haurren danborrada izango da; hasieran, omenaldi txiki bat egingo diete hildako kaiko bizilagunei. Buruhandiak eta erraldoiak izango dituzte jarraian, eta txokolate eta sardina jana 19:30ean. Beroketa lana izango da hori guztia, 20:00etan botako baitute txupinazoa, eta kontzertuak izango dituzte ondoren: La Jodedera eta La Txama. 23:59an gazteentzako txupinazoa egingo dute.
Antolatzaileak «auzoko izaera» mantentzen saiatzen dira urtetik urtera. Gurreak adibide gisa aipatu du arrantzaren eta auzoko jaietan eskaintzen duten janariaren arteko harremana: «Arrantza munduarekin lotura mantentzen saiatzeko, sardina jana eskaintzen dugu, adibidez». Auzoarentzako jaiak antolatzeko lan egiten dute denbora luzez; hala ere, Gurrearen hitzetan, «kokalekuagatik», zaila izaten da auzo giroari eustea: «Jai txiki batzuk izatetik plaza handiago bat izatera igaro dira jaiak, bai artistentzat eta bai jendearentzat».
Antolatzaileak gaineratu du Donostian izan den turismoaren hazkundeak ere eragina izan duela jaien nortasunean. Turistek jaietan sortzen duten inpaktuaren dikotomia aipatu du Gurreak: «Ekonomikoki positiboa da turistek jaietan parte hartzea, baina jarrera desegoki batzuk ikusten dira, uste dutelako beste jai gune batean daudela, ez datorrena bat auzoko filosofiarekin». Â
Auzokideengan pentsatuz antolatutako jaiak izan arren, Gurreak esan du «auzotar zein bisitarientzat» oso jai politak izaten direla eta «mimoz sortutakoak» direla. Gainera, ahalegina egiten dute kaia «une oro gune segurua» izan dadin.Â
Han eta hemen
Euskal Herriko hamaika txokotan ospatzen dira Karmengo jaiak. Donostian ez ezik, Trintxerpen (Gipuzkoa), Bilboko Indautxu auzoan, Balmasedan, Sopelan, Zornotzan, Santurtzin (Bizkaia)...